euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Aste Nazionalaren baitan Nekazaritza eta Industria Erakusketa Euskal Argentinarra egingo da aurten La Platan

2014/09/30

Nekazaritza eta Industria Erakusketa Euskal Argentinarra egiteko akordio bat sinatu dute udalak, euskal etxeak eta La Plata Handiko Industria Elkarteak
Nekazaritza eta Industria Erakusketa Euskal Argentinarra egiteko akordio bat sinatu dute udalak, euskal etxeak eta La Plata Handiko Industria Elkarteak

PUBLIZITATEA

La Platako Udalak, Euzko Etxea euskal etxeak eta La Plata Handiko Industria Elkarteak sinatutako hitzarmen baten barruan burutuko da Nekazaritza eta Industria Erakusketa azaroaren 7tik 9ra, Euskal Herriko zein Argentinako hainbat erakusle lagun. Ekitaldia Republica de los Niños izeneko parkearen lur-eremuan egingo da eta, iragarri denez,  bertan elkartuko dira, Argentinako agintariekin, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko ordezkariak. Euskal Astearekin bat, La Platako “Hargatik” euskal aldizkarian iragarkiak ipintzera gonbidatzen du euskal etxeak. 

La Plata, Argentina. 2014ko Euskal Argentinar Aste Nazionala eratzeko ardura bere gain hartua duen La Platako Euzko Etxea buru belarri ari da Argentinako euskal diasporaren jai handienaren programa prestatzen. Festa azaroaren 1etik 9ra izango da Buenos Aires probintziako hiriburuan eta urtero bezala ekintza nagusiak azken asteburuan garatuko dira. Aurten bada, ordea, proposamen ezohiko bat, nekazaritza eta industria alorrean.

Azaroaren 7tik 9ra egingo den Nekazaritza eta Industria Erakusketaz ari gara. Pablo Bruera La Platako alkateak, Javier Clua Euzko Etxea-ko lehendakariak eta Francisco Gliemmo La Plata Handiko Industria Elkarteko presidenteak sinatutako akordioarii esker gauzatuko den ekitaldiak helburu zehatzak ditu: alde batetik, “La Plata eta Euskal Herriko enpresen arteko elkar trukeak eta salerosketak bideratzea”, eta bestetik “historian zehar eta gaur egun Argentinako ekonomian euskaldunen eragina jakinarazi eta bultzatzea”.

Nekazaritza eta Industria Erakusketa Euskal Argentinarrean berrogeita hamar stand baino gehiago egongo dira, ekitaldiak egoitza izango duen La Plata partiduko Gonnet herriko La Republica de los Niños parkean. Ekitaldiaren osagarri, Sukaldari Gunea ere muntatuko da bisitariek euskal plater tradizionalak dasta ditzaten. La Platako bertako agintariez gain, Euskal Autonomia Erkidegokoak eta baita Nafarroa eta Pirinio Atlantikoetako Departamentukoak ere bertaratu dira erakusketara akordioari euren babesa ematera, iragarri dute La Platako Euzko Etxea-tik.

Hargatik argitaratzeko laguntza

Urtero bezala, aurten ere argitaratuko du Hargatik aldizkaria La Platako Euzko Etxeak. Aurtengoa, ordea, ez da zenbaki arrunt bat izango. Izan ere, Euskal Aste Nazionalaren egoitza izango den euskal etxeak 70 urte bete ditu urtarrilean eta hori dela eta Hargatik-en edizio berezi bat egingo du. Euskal Asteari urteurreneko ale honekin lagundu nahi diotenek euren aukera izango dute, iragarkiak ipiniz eta atxikimendu ekonomikoa eginez.

Aldizkariaren neurriak 21x29,7 cm dira (A4, lau koloretan) eta atxikimenduaren prezioa 300 peso. Lagundu nahi duten euskal etxeek beren datuak eta logotipoa bidali behar dizkiote Euzko Etxea-ri secretaria@cvascolaplata.org.ar helbidera. Diruaren bidalketa egiteko datuak ere eskatu behar dira euskal etxean. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia