euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erretiroa hartzekotan den Aramayok bere kirol bizitza kontatzen digu La Plata, Gasteiz, Coruña, Valladolid-en

2011/05/03

Aramayok erretreta hartuko du uda honetan (Ipar hemisferioko udan, Hegoko neguan) Valladolid-eko 'Real Valladolid' futbol taldean 32 urtez, lehenik bi urte atezain eta gainerakoan masajista ibili ondoren (argazkia Antonio Quintero-Norte de Castilla)
Aramayok erretreta hartuko du uda honetan (Ipar hemisferioko udan, Hegoko neguan) Valladolid-eko 'Real Valladolid' futbol taldean 32 urtez, lehenik bi urte atezain eta gainerakoan masajista ibili ondoren (argazkia Antonio Quintero-Norte de Castilla)

PUBLIZITATEA

Erretiroa hartzekotan da Valladolid-en (Espainia) Jose Luis Aramayo, ibilbide luzeko kirolaria, Bizkaiko Ondarroan jaioa, 4 urte zituela familiarekin Argentinako La Platara aldatua eta bertan hazia. Buenos Aires probintziako hiriburuan ekin zion kirol karrerari, La Plata Deportiboan, Atenas Klubean eta La Platako selekzioan, ondoren Europara itzuli eta zenbait taldetan aritzeko, lehenik atezain eta masajista ondoren. "La Platara iritsi nintzenean erdararik ez nekien, euskaraz bakarrik. Han 'argentinera' ikasi nuen", dio, La Platan bi anaia, lau iloba, hiru iloba txiki eta lagun asko dituela azaltzen duen bitartean.

Valladolid, Espainia. Kirolari euskal-argentinarra da Jose Luis Aramayo, Euskal Herriko Ondarroan jaioa, Argentinako La Platan hazia, eta bere bizitza pertsonala zein profesionala gehienbat Espainiako Valladolid-en garatua. Orain, azken hiri honetako Real Valladolid futbol taldean 32 urte jardun ondoren uda honetan (Hego hemisferioko neguan) hartuko du erretreta.

Nortasunaren sortze eta hazte urteak La Platan igaro zituen, bere familia eta bertako euskaldunen artean, La Platako Euzko Etxean, euskaldun eta argentinar. La Platara heldu zenean, familiarekin, lau urte besterik ez zituen, "erdararik ez nekien, euskaraz bakarrik; han 'argentinera' ikasi nuen", aitortzen du. Bertan argentinartu eta argentinartasuna gehitu zion bere nortasun euskaldunari.

Bertan hasi zuen baita ere bere futbolari karrera. Atezaina zen, lehenik La Plata Deportiboan, Atenas Klubean eta La Platako selekzioan [nahiz eta La Platako Estudiantes talde 'pincharrata'ko jarraitzaile segitzen duen]. Gaztea zen eta aukera sortu zitzaion Europara biltzeko, Madrilera, bidaia bitxia, Espainiako gobernuak bidaia pagatzen baitzien bere kasuan zeudenei soldaduska egiteko, eta berak horixe egitea erabaki zuen. Euskal Herriko familia ere ikusiko zuen. Urte bete, edo pare bat urte egon eta Argentinara itzultzea omen zen bere asmoa.

Aukerak izan zituela eta musikarekin --musikari ere ekiten zion, taldetan jotzen-- edo futbolarekin bizimodua aterako zuela pentsatzen zuen. Batean nahiz bestean ibili zen, baina bereziki futbolean han-hemenka saiatuz. Probak egin zituen Betis, Recreativo de Huelva-rekin... Atletico de Madrid-ekin entrenatzen zen... Estatu Batuetara joateko aukera ere sortu zitzaion...

Soldaduska Gasteizen egin zuen eta Alaves-en aritu zen bi urtez, beste bat Mirandes-en, eta hor Real Madrid interesatu zen berataz, emaitzik gabe. Gero bi denboraldi eman zituen Valladolid-en, ondoren Almerian jokatu zuen --urtebete-- eta Rayo Vallecanon --beste bi--, atezain gisako karrera utzi zuen arte, masajista gisa segitzeko.

Masajista, A Coruñako Deportivo-n ibili zen, bi urte, eta hortik pasatu zen Valladolid-era, eta hortik hartuko du erretreta, talde honetako figura historikoetakoa bezala.

Bizimodua Europan egin badu ere, partikularzki Valladolid-en, familia bertan haziz, Jose Luis Aramayok lotura handiak gorde ditu Argentinarekin, La Platarekin. Hor dauzka Euzko Etxea, bi anaia, lau iloba, hiru iloba txiki eta lagun asko. Ahal duen bezain maiz doa bertara. Mundialean ere, bere zaletasuna Argentinaren aldekoa izan da.

Hau guztia eta beste hainbat gauza aipatzen diren elkarrizketa luzea argitaratu dio joan den igandean Jose Luis Aramayori Valladolid-eko Norte de Castilla egunkariak, Arturo Posada kazetariak eginik. Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, klik egin hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia