euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Itxaso Uzkanga venezuelarrak sarean saltzen ditu bere diseinuak, 'Ekin Harriari' markaren bitartez

2011/05/26

Ekin Harriari proiektuko diseinu batzuk, inspirazio-iturri duten euskal kostaldean esekita
Ekin Harriari proiektuko diseinu batzuk, inspirazio-iturri duten euskal kostaldean esekita

PUBLIZITATEA

"Zer izan hura jantzi" dio Itxaso Uzkanga euskal-venezuelarrak sortu duen Ekin Harriari markaren webguneak. Eta, izan ere, izenak dioen bezala, harria da Uzkangaren diseinu askoren inspirazioa: Santimamiñe leizeko historiaurreko margoak, Argiñetako hilarriak edo naturak berak euskal kostaldean sorturiko formak hartu eta eguneratzen ditu Uzkangak. Emaitza, bitxietan, elastikoetan, galtzatan... erakusten du. Ikus eta salgai www.ekinharriari.com webgunean.

Lemoa, Bizkaia. Itxaso Uzkanga Venezuelako Valencia hirian jaioa da, euskal familia multzo batek bertan sortu zuen Euskal Herri txikian, eta harreman estua izan du beti Valencia-Caraboboko Euskal Etxearekin. Han hasi zen euskal kulturan murgiltzen, nahiz eta, EuskalKultura.com-i aitortzen dionez, lehendabizikoz Euskal Herrira etorri zenean sinbolo-mundu oso bat deskubritu zuen, ikurrinaz eta lauburuez haratago.

Geroztik Ekin Harriari sortu du eta egitasmo honen bitartez euskal kulturaren sinbologia aberats hori ezagutarazten lagundu nahi du, antzineko sinboloak diseinu berritu eta freskoekin jantziz. Itxaso Lemoan bizi da orain dela lau urte eta iaz, Euskal Herrian luze eta zabal ibili ostean, ikusitakoa iruditan jartzea eta marka abiaraztea erabaki zuen.

"Valentziako Euskal Etxean asko ikasi nuen, baina hona etorri nintzenean askoz ere gehiago bazegoela deskubritu nuen. Liluratu egin ninduen gure kultura antzinetik datorrela ikusteak; askotan harriaren bitartez gaur egun arte heldu zaigula konturatzeak. Hortik sortu zen markaren izena", azaldu dio gure buletinari.

Uzkangaren diseinu askok, hain zuzen, harrian sorturiko ikurrak dituzte inspirazio-iturri: elastikoetan margotzen ditu Argiñetako hilarrietako irudiak, edo Santimamiñe kobako historiaurreko margoak... Beste batzuetan naturak berak euskal kostaldean zizelkatu dituen formak erabiltzen ditu: adibidez, Itsaslabar sailean, Antzoras (Ibarrangelua) eta Ogella (Ispaster) bezalako hondartza izkutuen harriak erabiltzen ditu lepokoetan.

Ekin Harriari webguneak urtebete darama martxan eta dagoeneko badu eroslerik Euskal Herrian, Estatu Batuetan, Kanadan eta Argentinan. Eta, noski, Venezuelan. "Nire gurasoek Venezuelan ezagutu zuten elkar. Aita Begoñakoa, bilbotarra, eta ama Bediakoa. Nire ahizpa, Illargi, Valenciako Euskal Etxearen presidentea da gaur egun", bukatzen du.

-Diseinuak ikusgai eta salgai www.ekinharriari.com webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia