euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ekaitz Garate, Bartzelonako Euskal Etxea: "Harro gaude txapelaz eta abarkez eta 21. mendeko kultura sustatzen dugu"

2016/02/26

Ekaitz Garate: Zinemaldia.cat jaialdia bukatu berria, Sagardo Eguna ospatuko du larunbatean Bartzelonako Euskal Etxeak (argazkia EuskalKultura.com)
Ekaitz Garate: Zinemaldia.cat jaialdia bukatu berria, Sagardo Eguna ospatuko du larunbatean Bartzelonako Euskal Etxeak (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Filosofia eta Artearen Historia ikasia, urte batzuk dira Ekaitz Garate Bartzelonan bizi dela, laketua. Euskal Etxeko kultura teknikari, Zinemaldia.cat jaialdia bukatu berria, jaia dute bertan larunbat honetan, Sagardo Eguna.

Joseba Etxarri. 38 urte ditu eta bere planek Bartzelona diote; eta Bartzelonan, hiriko puzzleko euskal pieza izatea, zubilana egitea euskal eta kataluniar kultura eta herrien artean, hori baita hiriburu katalanean Euskal Etxearen helburu eta erronka. Sortzez ordiziarra, hautuz bartzelonarra, jo ta ke lan egin izan du hiriburuko Euskal Etxean euskara irakasle eta kultura sustatzaile, "giroak eta testuinguruak erraztuta", dio, "jakina baita katalanek oro har, interesa eta aldeko joera dauzkatela euskaldunekiko", hori gauza nabaria delarik "herritarrek gure proposamen eta eskaintzei ematen dieten harreran: oso ongi-hartuak sentitzen gara hemen euskaldunok, anai-arreba artean", azaldu digu bere esanaz zinez komentziturik.

Bartzelonak xarma eta erakargarritasun berezia duela esan ohi dute.

-Nire kasuan Donostian Filosofia ikasi eta Gasteizen Artearen Historia hasi nuen, eta erabaki nuen azkeneko bi urteak hemen egitea, batetik Unibertsitatearen kalitateagatik, alor akademikoan; baina alor pertsonalean oso gustukoa izan dudalako beti hiri gisa. Lehenengoz etortzen zarenean handia egingo zaizu agian, kosmopolita da eta esaten diren gauza horiek guztiak, baina erraz moldatzen zara; hiri atsegina da, itsasoa dauka eta behin egokituta, handia dela baina gauzak eskura dauzkala esango nuke, eta mugitzeko erraztasunak ematen dizkizula: gizatiarra da alegia.

Erraz laketu zinen Kataluniako hiriburuan.

-Hemengo hizkuntza eta kulturagatik esaten baduzu, esango nizuke katalana nahitaez eta nahigabe ikasten dela, natural, inguruan etengabe daukazulako: okindegian, tabernetan, lanean. Badago, gainera, elebitasun bat eta gaztelania dakien batek erraz ikasten du katalana. Hizkuntza ikasteak kultura eta herri berri batera zabaltzen dizu burua. Hemen, bestalde, jatorri askotako jendeak biltzen dira, esaterako klaseetara, eta aniztasun horrek, mundu osoko pertsonekin elkarbizitzeak, pertsona bezala laguntzen dizu. Euskaldunok, gainera, oso ondo tratatuak gaude, kultura katalanak oso joera abegikorra dauka gurekiko, anaitasun puntu bat bada eta eroso sentiarazten zaituzte.

2005ean Euskal Herrira pare bat urterako itzuli eta 2007an bartzelonaratu zinen, geratzeko.

-Lizarran eman nuen pare bat urte, AEKn lanean. Gero, berriz Bartzelonara itzuli nintzenean, Euskal Etxera hurbildu nintzen. Eta suertatu zen momentu hartan euskara irakasle bat behar zutela, eta horretan eta EEko kultura sailean sartu nintzen. Gure lanaren helburua Euskal Etxean, euskara eta euskal kultura zabaltzeko plataforma izatea da, Euskal Herriko kultur espresioei laguntza ematea eta erraztea euren aurkezpena eta ezagutza hemengo gizartearen aurrean. Zentzu horretan, zentro kultural irekia gara. Noski, euskaldunen bilgune ere bagara, hori ere badugu, baina kanpora begira egiten dugun proiekzio lana funtsezkoa da. Aldi berean, hogei bat urte badaramagu Born-en, Bartzelonako auzo zaharrean, eta hemengo elkarteekin bat egiten dugu lan: auzoko elkarte bat gehiago gara. Kaleari begira, txokoa badugu, eta baita jatetxea ere, zerbitzu gehigarri modura, pintxoak jende-erakarle ona izan baitaitezke-eta.

Batzuk euskal etxeei folklorea baizik lantzen ez dutela esaten diete. Kultura tradizionala ala garaikidea sustatzen duzue?

-Dikotomia hori beti dago airean, baina guk, kultura eta euskal kultura da sustatzen duguna. Gustatzen zaigu gaur egungo kultura, baina ez ditugu batere baztertzen trikitixa ikastaroak, musa edo dantza tailerrak. Oreka mantentzen saiatzen gara. Literatura saioak edo abangoardia musika kontzertuak antolatzen ditugu eta aldi berean Sagardo Eguna ospatzen, esaterako. Hori gure karteletan eta irudi grafikoetan azaltzen saiatzen gara. Gurean adierazpen guztiek daukate sarrera: harro gaude txapelaz eta abarkez eta 21. mendeko jendea gara, egungo kultur espresioak laguntzen eta sustatzen.

Agian horren adibide, bukatu berria duzue, arrakastaz, Zinemaldia.cat jaialdia, eta larunbat honetan bertan zuk arestian aipatu duzun Sagardo Eguna ospatu behar duzue.

-Hala da. Joan den asteburuan amaitu genuen Zinemaldia.cat-en hamargarren edizioa eta urrezko txapelak, sail desberdinetan, Amama-k, Jai Alai Blues-ek eta Gure sorlekuaren bila filmek jaso zituzten, eta aipu berezia Pikadero luzemetraiak. Eta larunbat honetan, gure klasiko bat izango dugu, Sagardo Eguna; bazkarirako txartelak duela bi aste daude agortuta, baina arratsaldez egingo dugun trikipoteorako ez da txartelik behar. Giroa egundokoa izaten da, eta eguna Euskal Etxean bukatzen dugu, etxeko hainbat lagun partaide. Urteko egunik animatuenetako bat izaten da. Nahi duenak, badaki.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia