euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eibar eta Realeko jokalariak ezagutu nahi, AEBetako biran? Las Vegaseko Lagun Onak antolatu du topaketa dagoeneko!

2016/05/13

Eibar USA peñako Jonathan eta Emily Ipuruan izan ziren partido bat ikusten eta Jonathanek ezkontzeko eskatu zion Emilyri zelaiaren erdi-erdian!
Eibar USA peñako Jonathan eta Emily Ipuruan izan ziren partido bat ikusten eta Jonathanek ezkontzeko eskatu zion Emilyri zelaiaren erdi-erdian!

PUBLIZITATEA

Bi euskal talde, Reala eta Eibar, AEBetan izango dira datozen asteetan, lagunarteko partidak jokatzen. Bisita hauek baliatuz, AEBetako zaletuek euren taldeak ikusteko aukera probestuko dute, eta batzuk, esaterako Las Vegaseko Lagun Onak elkarteak, jokalariekin topaketa bat ere antolatu dute. Zuk ere zeozer antolatu nahi baduzu, taldeekin nola kontaktatu esango dizugu. Izan ere, Diasporako zaleak bertakoak bezain sutsuak dira, agian gehiago: EibarUSA peñako Jonathan-ek, adibidez, ezkontzeko eskatu zion Emily neskalagunari Ipuruako zelaian (ikus bideoa, jarraian).

Donostia-San Sebastián. Euskal Herrian futbola grina handiarekin bizi dute zaletuek, baina Diasporako euskaldunak ere hortxe hortxe dabiltza, euren taldeak animatzen milaka kilometrotara egon arren. Ordutegian aldea handia izan arren, partidak ikusteko elkartzen dira euskal etxeetan, eta askok euren taldeen koloreak jazten dituzte elkarteen ekitaldi eta festetan.

Zaletasun hori hain da handia, batzuk euren bizitzako une garrantzitsuenekin ere uztartu dutela. Horietako bat da, esaterako, EibarUSA peñako Jonathan: iragan martxoan Ipuruan Eibar-Bartzelona partida ikusten egon zenean, bere neskalagun Emily-ri ezkontzeko eskatu zion, zelaiaren erdi-erdian! Hona une horretako bideoa:

Hil honetan, bi euskal taldek bira egingo dute AEBetan, eta euren zaletuei taldeen partidak ikustera eta animatzera joateko gonbitea egin diete. Reala San Josen izango da 18an, datorren astean bertan, SJ Earthquakes taldearen aurka jokatzen, eta 24an Houston-en, bertako Houston Dynamos taldearen aurka neurtzeko. Realarekin kontaktatu eta taldeko jokalariak agurtu nahi badituzu, idatzi hona.

Bestalde, Eibar Filadelfian izango da maiatzaren 22an, Philadelphia Fury taldearen aurka jokatuz, eta maiatzaren 25ean New York Cosmos-en aurka neurtuko da Las Vegas-en. Hiri honetako euskal etxeak, Lagun Onak Basque Club-ek, jokalariekin toapketa bat antolatu du dagoeneko. Maiatzaren 23an izango da, astelehenean, 18:00tan, Lagun Onak Las Vegas Basque Club elkartearen egoitzan. Eibarko taldearekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia