euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Egoitza berrituta, Maipuko Anaitasuna Euskal Etxeak datorren asteburuan egingo du Urteroko bere Festa Handia

2022/11/07

Bihotzetik taldeak 2022ko EH Ospagain eskainitako kontzertuaren irudia
Bihotzetik taldeak 2022ko EH Ospagain eskainitako kontzertuaren irudia

PUBLIZITATEA

Maipú, Buenos Aires. Datorren larunbatean, azaroaren 12an, Anaitasunak bere urteroko jaia ospatuko du, Maipuko Euskal Etxeak urte osoan zehar hainbat arlotan egindako lanaren erakusgarri. Hau bereziki hunkigarria izango da, ia hiru urteko birtualtasunaren ondoren, berriz elkartzeko festa handia izango baita. “Festa polit, atsegin eta jendetsua eskaini nahi diegu Anaitasunako bazkide, lagunei eta familia osoari. Dena jarri dugu horrela atera dadin, eta proposamen berriekin gatoz”, iragarri dio EuskalKultura.eus-i elkarteko lehendakari Alicia Ithurrart-ek.

Larunbatean Anaitasunako egoitzara bertaratzen direnek etxea erabat berrituta, margotuta, apainduta eta areto guztiak irekita aurkituko dituzte. Liburutegia bisitatu nahi duenak hala egin ahal izango du, eta bertan “liburu askatze” batean parte hartu ahal izango du. Liburuak jarriko dira mahai batean, hala nahi duten bazkideek euren gustukoena edo gustukoenak aukeratu eta eraman eta irakurri ahal izan ditzaten.

Jaiaz ari bagara, musika eta dantza ezinbestekoak dira. Maipun, zuzenekoa, Euskal Etxean sortutako ‘Bihotzetik’ taldearen eskutik. Fabian Maya akordeoian, Julian Robles txistulari, zeharkako txirulari eta perkusionista, Rafael Bilbao baxujotzailea eta perkusionista, eta Maria Mercedes Ithurriague txistulari, bibolin, kitarra eta panderojotzailea dira ‘Bihotzetik’ taldea. Euskal abesti tradizionalak eta Mikel Laboa eta Kepa Junkeraren kantuak eskainiko dituzte.

Liburuekin, musika eta dantzekin batera, euskara, boutiquea eta gastronomia

Bere aldetik, EEko 'Egunabar' dantza taldea formazio osoarekin aurkeztuko da. Txikiek eta ertainek, Soledad Gestido, Camila Barragan, Pilar Berlocq eta Maria Emilia Fontanaren zuzendaritzapean, eta nagusiek, Maite Coudannes eta Camila Barraganenean. Dantzari ohien 'Itzultzeko' taldearekin batera dantzatuko dute. Eta bonusa, umeek erakusketa bat egingo dute, Julian Robles eta Maria Mercedes Ithurriagueren eskutik, perkusio tailerrean landutakoaren oinarrian.

Euskara taldeak stand bat izango du eta joko interaktiboak koordinatuko ditu gauean zehar. Berriz ere denda saltokia zabalduko dute eta artisau-lan berriak aurkeztuko. Eta jateko kontuei dagokionez, sukaldari-taldeak egindako tripakiak, pintxoak, txerri-hanka eta enpanadak zerbitzatuko dira. Etxeko bazkide eta lagunekin batera, Anaitasunak bereziki gonbidatu nahi ditu euskal etxe guztiak. Jaia gaueko 9:30etan hasiko eta doako sarrera izango du.

Euskal Etxeko lagunengana jotzeko:
Instagram: anaitasunamaipu
Facebook: Centro Vasco Anaitasuna
Email: cvanaitasuna@hotmail.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia