Madril, Espainia. 2024-2025eko ikasturtea azken hatsetan da Ipar Hemisferioan, eta bertako Euskal Etxeak eskolak eta zikloko ekintzak oro akitu dituzte edo akitzen ari dira, ongi merezitako udako atsedenari ekin baino lehen. Urtero, hau izaten da unea, euskarazko lehiaketen emaitzen berri emateko. Honela, Madrilen, hiriko Euskal Etxeak berak antolatutako bi lehiaketaren sariketaren egoitza izan zen joan den ostegunean: Euskarazko Olerki Lehiaketa, eta Valentziako Laurak Bat Euskal Etxea antolatzailekide duen podcast-ena.
Podcast Lehiaketa
Diasporako sortzaileak helburu, gogora dezagun Europako Euskal Etxeen III. Euskarazko Podcast lehiaketak bi kategoria dauzkala: lehenengoa munduan euskara ikasle diren lagunentzat da eratua; bigarrenak euskal diasporako euskaldunak oro har hartzen ditu gogoan. 2025eko ikasleen sailean, Sol Cicero Moroni argentinarrak eraman du txapela ‘Ikasleen kategorian’. Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiko ikaslea eta Euskara Munduan programako partaidea da. ‘Zergaitik euskara?’ izeneko podcastarekin beraganatu du saria.
Bestetik, oro har munduko euskaldunei eskainitalo atalean, Valentziako Euskal Etxeko B2 mailako euskara taldeak irabazi du saria. Eurak aurkeztutako lanak ‘Valentziako Euskal Etxearen historia’ du izena. Parte hartutako podcast guztiak hemen entzun ditzakezu (eskuineko zutabean)..
Olerki Lehiaketa
Hitz neurtuen norgehiagokari dagokionez, Madrilgo Euskal Etxeak antolatutako Euskarazko XIII. Olerki Lehiaketako partaideak Argentinakoak, Mexiko, Uruguai, Espainia eta Euskal Herrikoak izan dira, gehienak emakumeak. izan ere emakumeak izan dira finalista geratutako bost idazleak, adin eta jatorri ezberdinetakoak, baina euskararekiko atxikimendu eta trebezia elkarrekin banatutako ezaugarri daukatenak doaike, azaldu diote EuskalKultura.eus-i Epaimahaitik. Lehenengo saria, bi lan eta idazlek eramang dute Ex-Aequo: 'Nur' ez ezizenarekin ‘Ume baino txakur gehiago’ aurkeztu zuen Irati Zubia Landak; eta 'Eletxe' ezizenarekin ‘Bakean’ aurkeztu zuen Elena Aierbe Segurolak.
SARITURAKO LANAK
LEHENENGO SARIA Ex aequo
Euskarazko XIII Olerki Lehiaketa (2025)
‘Ume baino txakur gehiago’
(Irati Zubia Landa)
Ume baino txakur gehiago
omen dabil hara hona
nik ez dakit noren pausoentzat
aldatzen dituzten urtero harlauzak
hiriak ez dira inorenak
leihotik ikusi dut
txakurra aurretik zihoakion
hiritarra bera ere, txakur burgesa
astiro ibiltzen da
barkamena eskatuz bezala
txakurrak dira hiriko paseante bakarrak
presaka doaz besteak
ez dakit nola ibizi garen
Parte Zaharreko etxe honetan
leihorik gabe apenas
zerutik eta lurretik urrun
txakur bat hartzeko esan dit
lagun batek
ez dakit prest nagoen
izaki bati ezetz esaten hasteko
ez jateko McDonald’seko patatak lurretik
ez usnatzeko hesitutako loreak
ez joateko hain azkar
ez uzteko ni bakarrik
ume baino txakur gehiago
omen dabil hara ona
goroldiorik gabeko kaleetan
alternatibak behar ditu jende bakartiak.
LEHENENGO SARIA Ex aequo
Euskarazko XIII Olerki Lehiaketa (2025)
'Bakean'
(Elena Aierbe Segurola)
Negar-zotinik, oroitzapenik, eta hasarrerik gabe,
lasai galdu nintzen, ama,
mendeetako estali bazenuen ere,
zu ez ezagutzearen agonia.
Ez zenuen nahi izan larritasunaren ertza,
ezta bizitza hutsak bizitzea ere.
Ez nintzen, ez, neure oldez joan,
haizeak eraman baininduen,
bizitza oso bat bizitzeko promesarekin batera.
Ez baitzen zure unea, ezta neurea ere.
Kito.
At.
Gau isiletan senti zaitzaket
ni gogoratzen, imajinatzen
mutila edo neska behar nuen,
begien kolorea, aurpegia, ilea, irribarrea,
eta zer usaina izango nuen.
Begietatik malkoak darizkizu,
ama bati bakarrik sor dakizkiokeen bezala.
Entzun, ama, aspaldi barkatu nizun.
Bizi zaiz.
Orain, zure zain dagoen izar-hautsezko
mundu batean bizirik naukazu.
Ez beldurrik, ez minik, ez galderarik,
gordeta elkarrekin pasa genituen
une guztiak baizik.
BIGARREN SARIA
Euskarazko XIII Olerki Lehiaketa (2025)
'Ogibidea'
(Aimé Barrutia)
Denboraren lanak
Bakardadearen ogibidea
mahai epelean zatitzen ez den ogia da
Izkina batean hortzikatu beharreko mendrugo bat da.
Txakur goseti bat
Bere belfoak hostia batean sartzen dituela
Laua eta biribila
Biribila eta zuria
Isiltasunezko mundua
Ogi gogorrari
hagin zorrotza
Denboraren ogibidea
manta hotz honi ertza bilatu
odolezko ofizioa da
Sartu orratz
Orduak josten ditu
Non amaitzen den oihal hau
Non hasten den
Brodatua indarrezko alkandora bat da
HIRUGARREN SARIA
Euskarazko XIII Olerki Lehiaketa (2025)
'Eta orain, zer?'
(Carlota González Strozzi )
Lehen aldiz puta oihukatu zidaten kalea
dira nire eskuak.
Nire emakume gorputza santutzen duen
gurutze bakoitza zeharkatzen duen mapa.
Nire haurtzaroari hain gutxi dagokion
izaki beti ume horren marka.
Haren gorrotoa dira nire eskuak
libre nahi izan bainuen neure burua.
Gauak lapurtzen zidan airea
nire borreroa bera ez zenean.
Haren ar kolpeak
zauria bezain immaterialak.
Nire hileroko
negar-odola dira nire eskuak.
Behingoagatik berea nintzela inoiz jakitera
iritsi ez nintzen gona motza.
Nire feminitatearen sekretua
giltzapetzen duten lau murruak.
Munduari begiak estaltzen dizkion
isiltasun itun hori dira nire eskuak.
Entzuten ditut haren garrasi, negar eta kexuak
neure azalaren hainbat izkinatan.
Oinazeak ez dituelako mugak ulertzen
eta izateagatiko zigorra delako gure mina.
Izate soilagatikoa.
LAUGARREN SARIA
Euskarazko XIII Olerki Lehiaketa (2025)
'Bidea'
(Marta Susana Urtasun)
Nire hildakoen leinuari begiratu diot.
haien izenek iraganaldia ohoratzen.
Haien aurpegiek izarretik
urruneraino enigmaren zerua argitzen dute.
Bihotz haluzinatuko tximeñeta beltz batek ilargiaren
hondarretan desamodiorako
urratsak erakusten ditu.