euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako euskara ikasle bat bigarren, Pirinioetako III. Mikro-ipuin Lehiaketan: irakurri hemen lan saritua

2021/05/21

Sari ematea: ezker-eskuin, atzean, Leire Urtasun aurkezlea, Xabier Ariznabarreta, Elena Aierbe eta Alba Cabrera; aurrrean, eskolarteko saridunak. Laukian, Carolina Otero (argazki artistikoa Juan Terol)
Sari ematea: ezker-eskuin, atzean, Leire Urtasun aurkezlea, Xabier Ariznabarreta, Elena Aierbe eta Alba Cabrera; aurrrean, eskolarteko saridunak. Laukian, Carolina Otero (argazki artistikoa Juan Terol)

PUBLIZITATEA

Ezkaroze, Nafarroa. Valentziako ikasle hasiberri batek irabazi du Pirinioetako III. Mikro-ipuin Lehiaketan bigarren saria euskara ikasleen atalean. Saïdia Hizkuntza Eskola Ofizialean irakasle duen Ibai Biain portugaletetarrak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, urrian hasi zen Carolina Otero euskara ikasten, "duela 7 hilabete". Carolina idazlea da gaztelaniaz, eta berezko grina artistiko hori ikasten hasi berria duen euskarara eta ehun hitzetara ekarri du, hori baitzen Pirineoko Euskara Zerbitzuek Nafarroako Gobernua laguntzaile antolatzen duten mikroipuin lehiaketa honetan parte hartzeko eskatzen zuten gehienezko hitz kopurua.

Carolina Otero, gaztelania eta literatura irakaslea da Valentzian, baita olerkaria eta rock-kantautorea ere (Carolina Otero & The Someone Elses). Bere azken liburua Piscina fuera de temporada izenpean 2019an plazaratu, Trifaldi argitaletxean. Baina ez zuen nonbait berak bidali orain saritu dioten testua Lehiaketara. Sariak, ordea, Carolinaren bozkarioa ezezik, bere A1eko euskara klaseko ikaskideena ere eragin du. "Hau poza ebazpena irakurtzean: bigarren saria Carolinarentzat!", komentatu dute.

Lehiaketara 32 idazlan aurkeztu ziren euskara ikasleen atalera, 12 Pirineo eskualdekoak, 11 Nafarroako beste leku batzuetakoak, 6 Euskal Autonomia Erkidegokoak, 2 Valentziakoak eta 1 Argentinakoa. Irabazlea, Urnietako Alba Cabrera Jauregi izan zen, eta bigarren Valentziako Carolina Otero Belmar.

Lehiaketak bi sail nagusi zeuzkan: eskolartekoa, eskualdeko osoko ikasteentzat, Aurizko, Aurizperriko, Erroko, Garraldako, Otsagabiako eta Erronkariko eskolak partaide; irabazleak izanik Jon Nazabal Eginoa (Hiriberri-Aezkoa), Carlota Pino Araujo (Ezkaroze), Aiora Goienetxe Etxeberria (Otsagabia), Eidur Ekisoain Goiena (Aintzioa-Erroibar), Amane Sancet Aranburu (Itzaltzu), Irune Erdozain Lanas (Orbaizeta), Iraia Ziaurritz Villalba (Orbaizeta) eta Ainara Sarrias Garcés (Izaba).

Eta 16 urtetik gorakoena, hau berriz, bi azpisailekin: euskara ikasleen kategoria, non bigarren geratu den Valentziako Carolina Otero, eta lehen Urnietako Alba Cabrera; eta kategoria orokorra, non lehenengo saria Tolosako Elena Aierberi egokitu zitzaion, eta bigarrena Andoaingo Xabier Ariznabarretari. Sari-emate ekitaldian apirilaren 30ean egin zen Ezkarozen, Zaraitzuko Etxean.

Hona Carolina Oteroren lan saritua:

Mahai bat euskara ikasle batekin maitemintzen da...

Ni mahai bat naiz.
Ni mahai berde hura naiz.
Ni mahai hura izkinan.
Zu beti nire ondoan esertzen zara.
Begi argiko dituen mutila zara klasean.
Mutilek eta neskek surfa egin nahi dute zure begietan.

Zure koadernoa mahai horretan jartzen duzu.
Idazten duzu.
Eskuak orriaren gainean jartzen dituzu.
Hitz horiek idazten dituzu: "ura", "haizea", "sute" eta "lurra".
Koadernoa ixten duzu.
Etxera zoaz.
Astelehenean eta asteazkenean etortzen zara.
Isilik egoten naiz.
Euria ari du.
Negua da apirilean.
Astelehenean itzuliko zara.

Zurekin amets egiten dut baina isilik nago.
Esan nahi dizut: "Surf egin nahi dut zure begietan ".
Bakarrik mahai bat naiz.
Ni maitemindutako mahaia naiz klaseko izkinan.

-Hona iazko lehiaketako lanekin egindako liburua



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia