euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diaspora: Eskabidea Aezkoatik bertakoen ondorengoei, lagun dezaten datuak ematen mundura ateratako aetzez

2021/09/01

Aezkoa Kultur Elkarteak etxez etxe informazio eske banatu duen liburuxka.
Aezkoa Kultur Elkarteak etxez etxe informazio eske banatu duen liburuxka.

PUBLIZITATEA

Aezkoako Ibarra, Nafarroa. Aezkoa Kultur Elkarteak ibarreko dinamizatzailea da eta besteak beste Aezkoako Eguna elkarretaratze oihartzuntsua urtero antolatzen duen elkartea, eta oraingoan erronka berri eta interesgarri bat jarri dio bere buruari, esan nahi baita azken 60-80 urteetan aezkoarrek izandako emigrazioa ikertzea. Jose Etxegoien "Xamar" ('Euskara Jendea', 'Etxera bidean'...) da aurrera doan proiektuko sustatzaile nagusienetako bat, eta Irati Irratian ikerketaren berri eman eta informazioa biltzeko deialdia zabaldu du.

Abiapuntu gisa ahozko historiakoko erreferentzia eta lekukotasunak zeuzkaten eta bibliografia zerbait. Aurrekari behinena, 2014an Kalifornia eta AEBko euskal artzainen emigrazioaz Euskal Artzainak Ameriketan elkartean egindako lan garrantzitsua eta han agertzen diren 300 bat aezkoarren datuak. Ikerketa hura zabaldu nahi da, Ibarreko emigranteak AEBra joatez gain, beste leku batzuetara ere joan baitziren, Kanada, Mexiko eta Hego Amerikara konparazio, eta horietatik ez dago sobera informaziorik.

Gainera, badakite hutsune inportante bat dagoela emakumeen emigrazioa aztertzen. Askotan hurbilago atera ziren emakume emigranteen kasua, maiz neskame lan egiteko, merezi duen bezala aztertu nahi dute.

Ikertzaileek esku-orria eta fitxa bat prestatu eta etxez etxe banatu dituzte. Emigratu duten senideen datu guztiak ongi etorriak izango dira, baita argazkiak eta inkesta osa dezakeen guztia ere. Uda amaitu arte informazioa bildu, eta o doren landu eta ondorioak aterako dituzte, eta Gabonetarako lortutako emaitzekin liburu bat argitaratzekotan. Xedea ez dute zerrenda bat egitea, datuokin gogoeta egitea baizik, zer eta nola gertatu zen jakitea, ondorioak atera eta bertako historiaren zati garrantzitsu hori berreskuratzeko, eta ahal bada bederen hango eta hemengo familien arteko harremanak sustatu eta lokarriak zaharberritzeko.

Nonahi bizi zarela, daturik baduzu, aukera baliatu eta lagundu, idatzi Aezkoako Kultur Elkartera (aezkoaemigrazioa@gmail.com) edo, telefonoz, deitu Maite-ri (+34 600 019 394) edo Jose-ri (34 616 501 157).

Aitzinetik mila esker!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia