euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren larunbatean da NABO Kantari Eguna 2014, Iparreko Ibarra euskal etxe antolatzaileak 10 urte betetzen dituela

2014/10/07

Iparreko Ibarra Euskal Etxeak 10. urtemuga ospatuko du urriaren 11an. Argazkian, elkarteko dantzariak piknikaren aurreko edizio batean (argazkia IIBC)
Iparreko Ibarra Euskal Etxeak 10. urtemuga ospatuko du urriaren 11an. Argazkian, elkarteko dantzariak piknikaren aurreko edizio batean (argazkia IIBC)

PUBLIZITATEA

Datorren larunbatean egingo du NABOk bilera, Rocklin-go (Kalifornia, AEB) Iparreko Ibarra Euskal Etxea anfitrioi. Egun berean ospatuko dute aurtengo NABO Kantari Eguna, bai eta klubaren hamargarren urtemugako piknika. Euskal Etxeko egoeraz egin du berba Noel Goyhenetche Iparreko Ibarrako lehendakariak Euskalkultura.com-ekin: “Klub txikia da geurea baina bazkide gazteak ditugularik, bai eta umeen dantza taldea, esango nuke hori dela etorkizuna”, adierazi du. 

Rocklin, AEB. Rosemary Caballero da Iparreko Ibarra euskal etxean dantzan diharduten hamabost haurren irakaslea. “Abiapuntu ona da”, aipatu digu Goyhenetchek. “Segitzen badute, laster nagusien taldea ere izatea espero dugu”, esan digu irribarretsu Kalifornian euskaradun jaiotako Noelek. Azaltzen duenez, ehun bazkide inguru ditu bera buru duen euskal etxeak eta ez du uste askoz ere gehiago haziko denik kopurua. “Tarteka ezagutzen dugu bazkide bihur zitekeen inor. Duela ez asko, piknik baterako erosketak egiten nengoela, egin behar dugun barbakoaren inguruan zerbait esan zidan supermerkatuko langileak eta Euskal Etxerako erantzun nion. Harrituta, esan zidan bera ere euskal jatorrikoa zela". "Inoiz ez dakizu non eta noiz topatuko duzun bazkide bihur litekeen inor”.

“Euskaldunak oso sakabanatuta gaude eskualde honetan”, dio Goyhenetchek. San Frantziskon jaio zen bera eta guraso baxenabartarren euskara mintzo du. “San Frantzisko bezalako lekuetan batu ziren hona etorritako euskaldunak, baina Rocklinen modukoetan ez hainbeste”, diosku. Baina klub umila izan arren, hilero egiten dituzte bilerak Iparreko Ibarran, elkarrekin egon eta urteko ekintzak martxan jartzen joateko, maiatzean egin ohi duten NABO mus txapelketa kasu, edo urrian egiten duten urteroko jaia, edo bi urterik behin bertan antolatzen duten Kantari Eguna adibide.

Urriaren 11

Lincoln-en dagoen McBean parkean ospatuko dute datorren larunbatean NABO Kantari Eguna. Ohi bezala, goizean goiz hasita Mus txapelketa antolatuko dute (240 dolar eta plaka talde irabazlearentzat eta 160 dolar eta plaka, bigarren taldearentzat), eta egunean zehar etorriko dira txinga eramate jokoak, dantza  eta abesti emanaldia, bertso saioa, zozketa eta erromeria.

Larunbata izanagatik egunari etekina behar zaio atera eta goizeko zortzietan emango dute izena mus jokalariek eta ordubete beranduago hasiko dira jokoan. Eguerdi aldera bazkaldu eta 13:00etatik 16:00etara Martin Etchamendy arituko da abeslariak agertokira gonbidatzen. San Frantziskoko Zazpiak Bat dantza taldea eta Rocklingo dantzari gazteak ere igoko dira. Gerora txinga eramate txapelketan parte hartu ahalko dute nahi dutenek eta 18:00etarako prest egongo da afarirako barbakoa. Jean Flesher and Rene Caballero Band izango da dantza egitera gonbidatu eta aurtengo jaialdiari erromeria euskalamerikarraren musikaz agur esango dion taldea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia