euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Airesko 'Euskal Echea' Ikastetxea: ia 120 urtez euskal kultura ikasgeletan zabaltzeko konpromisoa betetzen

2023/01/02

Euskadiren Argentina-Mercosur Ordezkaritzak eta CABAko Euskal Echeak Euskararen egunean elkarlanean antolatutako “Urte berri On 2022” lehiaketako postal irabazlea, Francisco Magrath ikasleak egina
Euskadiren Argentina-Mercosur Ordezkaritzak eta CABAko Euskal Echeak Euskararen egunean elkarlanean antolatutako “Urte berri On 2022” lehiaketako postal irabazlea, Francisco Magrath ikasleak egina

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Urteko lehenengo aste osoa hasi dugu eta une egokia dela uste dugu Urte Berri On-eko gure agiantzan berriz ere adierazi eta euskal diasporan aspaldi errotutako hezkuntza arloko euskal erakunde baten aipua egiteko. Zaharragorik bada ere [nola ahaztu 1767an Mexiko Hirian euskaldunek sortuta egun ere aktibo segitzen duen Loiolako San Ignazio edo Vizcaínas eskola] baina zalantzarik ez, beti ere aipamena merezi du Buenos Airesen 1904an (elkartea) eta 1906an (eskolak) sortutako ekimen honek.

Urte berri bati ekingo dio Buenos Airesko euskal komunitate osoa atzean zuela —bat egin zuten bertan Laurak Bat, Nafarroako Etxea eta Iparraldeko Euskal Etxeak— aurten 119 urte beteko dituen 'Euskal Echea' kultura eta ongintza elkarteak (Asociación Cultural y de Beneficencia Euskal Echea). Bete ere, lanean, hezkuntza-komunitatea osatzen duten ikasle eta familien artean eta bere inguruan zabaltzen eta formatzen, euskara eta euskal kulturaren tradizio, balore eta gainontzeko agerpenak sustatzea goiburu.

Gernikako Arbola eta ikurriña ezaugarri

Begoña Muñiz buru duen Euskara eta Kultura Sailetik koordinatutako irakasle talde baten lanari esker, ehunka ikaslek, hasierako mailatik bigarren hezkuntzako 2. urtera arte, euskara eta euskal kultura eskolak jasotzen dituzte astero, erakundeak dituen bi egoitzetako ikasgeletan —ez ahaztu, Euskal Herritik hamar mila kilometro pasexera dagoen eskola batean—, esan nahi baita Buenos Aires Hiriko Chile kaleko 2032koan, eta Llavallol herriko Antartida Argentina 1910ekoan, hiriburutik 25 bat kilometrora. 

Euskararen oinarrizko edukiak eta euskal literatura, geografia eta historiari buruzkoak lantzeko egunero egiten den lanarekin batera, Euskal Echeak ahalegin handia egiten du jai, ospakizun eta hitzorduak koordinatzeko urtean zehar. Urteroko egutegian, Gernikako Bonbardaketa oroitzeko ekitaldia azpimarragarrienetako bat izaten da, “Gernikako Arbola” ereserki eta ikurtzat ikurrina duen Euskal Echean.

Zorionak, Francisco Magrath!

Halaber, Korrika edo ikasleen eta eskolako familia guztiak biltzen dituen Euskal Jaia bezalako festak, eta Diasporaren Eguna edo Euskararen Nazioarteko Eguna gogotsu ospatzen dituzte ikasle, irakasle eta Euskal Echea-ko familiek. Erakundeak sakon gorde ditu loturak euskal komunitatearekin eta duela ia 119 urte erakunderaren sorrera bultzatu zuten helburu eta xedeekin.

Horren lekuko da, izan ere, artikulu honekin batera goialdean argitaratzen dugun “Urte berri On” postala, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzak eta Buenos Aires Hiriko Euskal Echea eskolak Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara elkarlanean antolatutako lehiaketan irabazle suertatu zena. Zorionak marrazkia egin zuen Francisco Magrath ikasleari!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia