euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bordeleko euskara ikasleek "Tartalo eta Patxi artzaina" animazio laburmetraia frantses azpitituluekin sareratu dute

2015/03/10

"Tartalo eta Patxi artzaina" laburmetraiaren irudi bat
"Tartalo eta Patxi artzaina" laburmetraiaren irudi bat

PUBLIZITATEA

Lan polita egin dute Bordeleko Euskal Etxeko Gau Eskolako ikasleek, "Tartalo eta Patxi artzaina" animazio laburmetraia frantsera itzuliz. Film laburra You Tuben dago ikusgai, jatorrizko euskarazko bertsioan eta frantses azpitituluekin. Orain euskara ikasten ari diren frantses hiztunentzat tresna baliogarri eta entretenigarria izango da.

Bordele, Frantzia. "Tartalo eta Patxi Artzaina" animazio laburmetraiaren euskarazko jatorrizko bertsiotik sortu dituzte Gau Eskolako ikasleek frantsesezko azpitituluak. Euren eginiko lanari esker, frantsesa soilik dakitenek ere bideoa ikusi eta ezagutu ahalko dute euskal mitologiako pertsonaia ezagunaren istorioa.

Euskal Etxeak erabili du dagoeneko laburmetraia euskal kultura bere inguruan zabaltzeko. Aurreneko aproba elkarte ondoan dagoen Vieux Bordeaux Eskolako CM1 eta CM2 mailako klaseekin egin zuen. Hasteko, irailean Ondare Egunetako jardunaldietan, ikasleek Bilboko Zenbat Gara elkartearen aurkezpenaz gozatu zuten. Elkarte horrek musika-tresna tradizional batzuk ezagutarazi zizkien. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, ikasleek Ixabel Milletek proposatutako ipuinekin euskal mitologiako pertsonai eta kondairak ezagutu zituzten.

Euskal etxearen esanetan, frantses azpitituloei esker, ikasleek izugarri atsegin zuten filma eta euskararen funtzionamenduari buruz hainbat galdera egin zituzten. Bestalde, film labur honen soinu-banda osatzen duten musika-tresnak identifikatu ahal izan zituzten (txalaparta, xirula, trikitixa,..).

Ikasleek You Tuben jarri dute ikusgai bideoa. Frantziako zein Quebec aldeko euskara ikasleentzat ere zinez baliagarria izan daitekeela uste dugu. Hona laburpena: "Tartalo begi bakarreko erraldoia da, haragijalea. Kobazulo batean bizi da, ardiak hazten ditu eta harrapa ditzakeen gizaki guztiak irensten ditu. Egun batean, Tartalok Patxi artzain gaztea bahitu du. Ahula baina maltzurra, Patxik bere zaindariaren atzaparretatik ihes egitea lortuko al du?". Ikusi jarraian filma:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia