euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Ikastolari lagunduko dio Idaho Stampede saskibaloi taldeak martxoaren 11ko partidan

2016/02/23

Boiseko haur eskolarentzat diru sarrera iturria izateaz gain, ikasle gazteek beren jokalari kuttunenak ezagutzeko aukera izango dute ere (Argazkiak: B.I. eta I.S.)
Boiseko haur eskolarentzat diru sarrera iturria izateaz gain, ikasle gazteek beren jokalari kuttunenak ezagutzeko aukera izango dute ere (Argazkiak: B.I. eta I.S.)

PUBLIZITATEA

Idaho Stampede Boiseko saskibaloi taldeak hiriko Ikastolari lagunduko dio datorren martxoaren 11n. Austin Spurs taldearen kontra jokatuko duten partidarako sarrera bakoitzetik bost dolar jasoko ditu Ikastolak, haur eskolaren jarduna laguntzeko. Partidara joan eta talde boisetarrari animatzeko deia egin dute Ikastolak eta antolatzaileek, ongi pasatu eta partidaz gozatzearekin batera Boiseko euskara eta euskal kulturaren lagungarri izateko xedea duen ekimenean parte hartuz.

Boise, AEB. Martxoaren 11n, Idaho Stampede saskibaloi taldeak Boiseko Ikastolaren aldeko diru bilketa egingo du. Austin Spurs taldearen kontra jokatuko duten partidarako sarrera bakoitzetik bost dolar emango dituzte, dohaintzan, haur eskola laguntzeko. Sarrerak, baina, beren beregi prestatutako webgune honetan erosi behar dira.

Dirua jasotzeaz gain, Ikastolako haurrek CenturyLink Arena estadiora joango dira, partida aurreko jokalarien tunelean parte hartuko dute eta beren kirolari kuttunenen autografoak jasotzeko aukera izango dute. Sarrerak 13 dolarrean daude -ohi baino bi dolar merkeago- eta martxoaren 10eko eguerdira arte eskuratu ahal izango dira, diru bilketan parte hartu nahi baldin bada.

Herrigintzan

Idaho Stampede taldea 1997. urtean sortu zuten eta, ordutik, hiriko eta komunitateko parte izatea lortu du, behin eta berriz herrigintzan aritzearren. Horren adibide ez da Ikastolarekin egingo duen elkarlana soilik. Iragan larunbatean, elastiko beltzak erabili zituzten, historian garrantzitsuak izan diren pertsona afrikar-amerikarren aurpegiekin. Enkantean saldu zituzten elastikook gerora eta, dirua, Black History Museum-ari eskaini zioten.

Horrez gain, aurten ere parte hartuko dute Benetako Gizonek Arrosa Kolorea Janzten Dute izeneko kanpainan. Bularreko minbiziaren inguruan jendea sensibilizatzeko bakarrik ez, gainera. Partida elastiko arrosekin jokatuko baitute eta, beste behin, kamixeta hauek ere enkantean saldu eta dirua St. Luke's MSTI ospitaleari emango diote.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia