euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko Hiriak, Blasque Block-en, Anduiza frontoi atzean dagoen Euskal Murala ordezkatzea erabaki du

2018/01/24

Boiseko Basque Block-eko Euskal Murala, atzean Anduiza hotel ohiaren pilota plaza estalia duela (arg. Boiseartsandhistory.org)
Boiseko Basque Block-eko Euskal Murala, atzean Anduiza hotel ohiaren pilota plaza estalia duela (arg. Boiseartsandhistory.org)

PUBLIZITATEA

Bertako euskaldunen pasadizo eta irudiak islatzen ditu, eta Boise hiriaren erdian dago kokatua, Basque Block-en, Anduiza frontoiaren eraikinaren kanpoaldeko horman, Gernika Tabernaren eta ondoko bankuaren aparkalekuan. Joan den asteartean, Boiseko Udal Kontseiluak "Basque Mural" (euskal murala) delakoa ordezkatzea erabaki du, margolana hondatzen ari zela-eta, eta hormirudiaren bertsio berri bat enkargatzea aurrekoa egin zuten artista berberei.

Boise, Idaho, AEB. Boise zipriztintzen duten euskal ondareko piezetako bat da, euskal boisetarrek euren hirian duten presentzia, partaidetza eta loturaren ezaugarri. Bertakoek ingelesez The Basque Mural deitua, hiriaren erdigunean, Basque Block delakoan dago kokatua, Capitol Boulevard kale nagusira ematen duela, Gernika Taberna albo batean eta bankua bestean, Anduiza euskal hotel ohi eta egungo frontoiaren eraikinaren hormaren gainean margotua. 

Orain, eta egin zutenetik 18 urte pasa direnean, murala hondatzen hasia zen eta Hiriko Kontseiluak berau ordezkatzea erabaki du joan den asteartean eginiko bilkuran eta bere ordez lanaren bertsio berri bat kokatzea, originala egin zuen artista talde berak egina eta jatorrikoaren ahalik eta hurbilen, Idaho Statesman egunkariak atzo argitaratutako informazio batek esaten duenez.

Hormirudia 2000n margotu zuten artistak The Letterheads izeneko taldea izan ziren eta izan ere oraingoan talde horretako parte diren Bill Hueg eta Noel Weber artistei enkargatu zaie bertsio berria egitea. Talde honek AEBetako hirietan muralak pintatzeko ohitura dauka eta Boisen bi lan egin zituen, bat hiriko Kale Nagusiko Adelmann Eraikinean eta Basque Blocken eginiko Euskal Murala. Hiriak ez dauka Adelmann murala ordezkatzeko planik, askoz egoera hobean baitago eta, gainera, bere jabegoa ez dagokio nonbait Hiriari, jaso dio Idaho Statesman-ek Hiriaren eledun den Mije Journee-ri.


Boiseko Euskal Muralaren azalpen-panela, muralaren elementu bakoitzak zer esan nahi duen azalduz

Euskal Muralaren kasuan, berriz, auzolana izango da, Hiriak jatorriko lana ordainduko baitu, kopurua oraindik zehazteke, baina "margolana berregitea baino askoz merkeago" izango dela. Izan ere, ordezkapena bertsio txikiago baten handitzea izango da, Boiseko Arte eta Historia Departamenduko Josh Olson arduradunak esan duenez. Artistek Euskal Muralaren bertsio eskaneatu bat emango diote Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeari eta honek pagatuko du berau ekoiztu eta instalatzea binilozko kopia. Binilozko mural honek 104 urte dituen Anduiza hotelaren eraikinean zegoenaren neurri bera izango du, esan nahi baita 2,44 x 14,6 metro (8 bider 48 oin), jaso du Idaho Statesman-ek.

Weber eta Hueg-ek erabili zuten margoak 10-12 bat urte iraun behar zutela suposatzen da.

Hiriak ez du artelan berria instalatzeko eperik eman, adierazi dio Olsonek egunkari boisetarrari.

Hona Boiseko Euskal Muralak bertako euskal historia laburbilduz baitaratu dituen 11 irudiak:

1.- Euskaldunak mundura: euskal esploratzaile eta merkatariak
2.- Guztiaren sorrera: Baserria, the Basque farmhouse
3.- Picassoren 'Guernica'
4.- Identitatea eta Askatasuna: Gernikako Arbola
5.- Boiseko euskal ostatuak: Uberuaga/Aguirre ostatua
6.- Euskal folklorea bertakotzen: Juanita Uberuaga Hormaechea
7.- Bertako euskal dantzariak: Oinkari Basque Dancers
8.- San Inazio, Boiseko euskal festak eta St John Katedrala
9.- Bertako euskal musika: Jim Jausoro
10.- Euskal kirolak praktikatzen
11.- AEBetako euskal artzainak



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia