euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizitza osoa Peruko herritarren aldeko lanean eman zuen Santos Iztueta apezpiku donostiarra hil da Liman

2007/08/29

Santoz Iztueta Mendizabal apezpiku donostiarra
Santoz Iztueta Mendizabal apezpiku donostiarra

PUBLIZITATEA

Joan den astelehenean hil zen Limako ospitale batean 78 urte zituela Jose Ramon Santos Iztueta Mendizabal euskal apez eta duela hilabete arte Moyobambako elizbarruti peruarreko apezpiku zena. Ezagutzen zutenek 'pertsona atsegin, apal eta adeitsua, eta optimisma, ez baitzegoen berarentzat ezineginik' esaten dute berari buruz. Bere osasuna, ordea, ondatzen hasia zen azken aldi luze batean, eta berak ere ez zuen horretan laguntzen, bere eginbeharrei gehiago erreparatzen baitzien osasun kontuei baino. 'Kexatzea ez zegoen bere hiztegian, ezta betebeharrak ez betetzea bere ideietan'. Beste apez baten opor-hutsunea, Bernardo Marticorenarena alegia, betetzen ari zen, Limara ospitalera joatera behartu behar izan zutenean. Hegazkinetik zuzenean eraman zuten ospitalera eta bertan hil zen hiru egunen buruan.
RPR-Erredakzioa/Lima-Donostia. Joan den astelehenean, abuztuak 27, arratsaldeko 3:45etan hil zen Jose Ramon Santos Iztueta, duela hilabete arte Moyobambako apezpiku izan zena. Santos monsinorea Donostian jaioa zen 1929ko apirilaren 3an. Erlijio botoak Pasiotarren Kongregazioan eman zituen 1946ko maiatzaren 26an. 1952ko martxoaren 29an apeztu zen, berehala Moyobambako Prelaturara destinatua izan zelarik.

Bertan apezpiku zen Martin Elorza Legaristi hil zenean Moyobambako Administradore Apostoliko izendatua izan zen, 1967an. Eta Probintziako Goren 1973tik 1976ra eta 1993tik 1998ra. Kongregazioko Kontsultore Nagusi hautatu zuten 1976tik 1988ra. 1988tik 1993ra arte Joanes eta Paulo Santuen Etxe Generalizioko Gorena.

Moyobambako apezpiku laguntzaile 1998an

1998ko maiatzaren 30ean Moyabambako apezpiku monsinore Venancio Orbe Uriarteren apezpiku laguntzaile izendatu zuten eta urte horretako ekainaren 3an apezpikotu zuten, Bilbon hain zuzen, Deustuko Pasio Parrokian, San Felizisimo Elizan. Eta 2000ko ekainaren 7an pasatu zen Moyobambako Apezpiku Titular izatera.

Bera gotzain izanik Moyobambako Prelaturara apez gehiago erakartzen saiatu zen, eta konturatu zen, azken urteotan, bere elizbarrutia pasiotar euskaldunen ardura bazen ere, aski indar eta aski bokazio ez zegoela bere ordenekoen artean ardura horri behar bezala eusteko. Honela jarri zen harremanetan Toledo elizbarruti espainiarrarekin eta bertako buru Cañizares artzapezpikuarekin. Honek hamazazpi bat apez bidali ditu azken urteotan eta, hondarrean, Prelaturaren ardura ere Toledori pasatu zaio 2000ko hamarkada honetan. Izan ere, joan den uztailaren 24an aita Iztuetak Moyabambako apezpiku aulkia monsinore Rafael Escudero gotzain berriari pasatu zion, Toledoko elizbarrutitik etorria.

Moyabamba, euskal pasiotar apezpikuak

1948an sortua, Moyabambako Prelatura Bilboko hiriburu duen Jesusen Bihotz Sakratuko probintziaren misio-ardura izatera pasatu zen sorberritan, 1949an. Geroztik eta orain hilabeteraino hiru apezpiku izanak dira ditu, hiruak euskaldunak eta pasiotarrak, orden honetakoak 1913an aritu izan baitira eskualde honetan: Martin Fulgencio Elorza Legaristi elgetarra, Balianako apezpiku titularra eta Moyabamban egoitza izan duen lehenengo gotzaina; Venancio Celestino Orbe Uriarte fruiztarra; eta Jose Ramon Santos Iztueta Mendizabal donostiarra bera.

Asko dira Peruko probintzietan lanean ari diren euskal apezpiku, apez eta erlijioso-lekaimeak, kasu gehienetan harreman estuan bertako herritarrek, partikularzki indigenek, dauzkaten gabezia eta miseria egoera larriekin eta engaiaaturik hauengan ematen diren abusu eta gehiegikeriei aurre egiten.

Ari diren apezpikuetako batzuk

Ameriketako eremu hauetan lan egiten ari diren apezpikuetako batzuk dira: Miguel Irizar Campos (Ormaiztegi, 1934), Callaoko apezpikua, Perú-n; Venancio Orbe Uriarte (Fruiz, 1927), Moyobamba-ko apezpiku emeritua, Perú-n; Víctor Garaygordobil Berrizbeitia (Otxandio, 1915), Babahoyo-ko apezpiku emeritua, Ekuadorren; Jesús Ramón Martínez de Ezquerecocha Suso (Jungitu, 1935), Babahoyo-ko apezpiku emeritua, Ekuadorren; Antonio Arregui Yarza (Oñati, 1939), Guayaquil-eko apezpikua, Ekuadorren; Juan José Larrañeta Olleta (Atarrabia, 1941), Puerto Maldonado-ko apezpiku bikario apostolikoa, Perú-n...

...José Ramón Gurruchaga Ezama (Barakaldo, 1931), Lurín-eko apezpiku emeritua, Perú-n; Francisco José Arbaiz Zarandona (Bilbo, 1925), Leges-ko apezpiku eta Santo Domingo-ko Laguntzaile, Dominikar Errepublikan; Carlos María Ariz Bolea (Marcilla, 1928), Colón-Kuna Yala-ko apezpiku emeritua, Panamá-n; Manuel Eguiguren Galarraga (Goiatz, 1930), Beni-ko apezpiku emeritua, Bolivia; Ignacio Gogorza Izaguirre (Azkoitia, 1936), Encarnación-eko apezpikua, Paraguain; José Luis Lacunza Maestrojuán (Iruñea, 1944), David-eko apezpikua, Panamá-n; José Agustín Ganuza García (Artaxoa, 1931), Bocas de Toro-ko apezpikua, Panamá-n; José Luis Astigarraga Lizarralde (Azkoitia, 1940), Buleliana-ko apezpikua, Perú-n... zerren da askoz luzeagoa da, gehiago baitira apezpikuak, eta are gehiago lekaime, apez eta erlijiosoak.


LOTURA INTERESGARRIAK

Monseñor José Santos Iztueta Mendizabal
'Vida, desarrollo y solidaridad' blog peruarrean



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia