euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertan behera utzi dute "Buenos Airesek EH ospagai" eta zalantzak nagusi dira Boiseko Jaialdi-ri buruz

2020/03/31

Datozen asteetan Diasporan bertan behera utziko diren ekitaldietako bi: "Buenos Aires Celebra" eta Fresnoko (Kalifornia) Euskal Besta
Datozen asteetan Diasporan bertan behera utziko diren ekitaldietako bi: "Buenos Aires Celebra" eta Fresnoko (Kalifornia) Euskal Besta

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Erabakia gobernu argentinarrak Covid-19aren berrogeialdia beste bi aste --apirilaren 14era arte-- luzatzeko neurriaren ostean etorri da, eta ondotik, berehala baieztatu da maiatzaren 10ean hiriburuko Mayo Hiribidean ospatzekoa zen "Buenos Airesek Euskal Herria ospagai" edo gaztelaniaz "Buenos Aires Celebra al País Vasco" izeneko hitzordu jendetsua bertan behera geratzen dela, oraingoz data berririk gabe, EuskalKultura.eus-eko aurreko berrian islatzen dugunez.

Gogora dezagun, sasoi honetako beste hitzordu erreferentziala euskaldunen Argentinan, Cañuelaseko Euskal Etxeak antolatzen duen Aberri Eguneko Euskal Dantzarien Bilkura, apirilaren 18 eta 19an egitekoa zena, bertan behera utzi zutela antolatzaileek, eta gauza bera gertatzen ari dela Diasporako euskalgintzan hainbat herrialde eta herrietako hitzorduekin.

Jaialdi 2020

Estatu Batuetan, hala gertatu zen San Frantziskon NABOk martxoaren 14an bertako euskal bertsolariei egin behar zien Omenaldiarekin, eta geroztik euskal egitarauko ez guztiekin, baina bai ekitaldi publiko askorekin, tartean AEBetako ospetsuena den Gardnervilleko Mus Txapelketa jendetsuarekin martxoaren 21ean, baita Gooding edota Renokoekin ere edo, esaterako, Maiatzaren 2an, Estatu Batuetako urteroko piknik edo euskal jaien sasoia estreinatuz egin behar zen Fresnoko Euskal Bestarekin.

Diasporaren zelaian galdera potoloa, ordea, Boiseko Jaialdirekin zer gertatuko den da. Antolatzaileek jakinarazi dute antolaketa lanek bere martxa etenik gabe segitzen dutela. Adi daudela gertatzen ari direnei. Egiari zor, galdera-ikur andana dago airean Boiseko hitzordu erraldoirako lau hilabete eskas geratzen diren honetan; eta planekin aurrera edo atzera egin behar duenak denbora gutxi barru erabaki beharko du zer egin; izan ere, ez da erraza jakitea uztail hondarrean zein egoeran egongo diren Estatu Batuak coronabirusarekiko, neurripean ala ez; aurreikus daitekeen ondoko beheraldi ekonomikoak zer ekarriko duen; eta neurrietatik haratago, prebentzioak, jendeak berez bidaiak murriztea eta bere ingurutik urrunegi ez joatea ekarriko ote duen, arrazoiak osasun arlokoak, beldur-arlokoak edo ekonomikoak izanda ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia