euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berri Txarrak-ek Brasil eta Argentinan hiru kontzertu eskainiko ditu Rise Against taldearekin batera

2011/01/24

Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirrek osatzen dute Berri Txarrak
Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirrek osatzen dute Berri Txarrak

PUBLIZITATEA

Asian zehar bira egin ondoren eta azken hilabeteotan Euskal Herriko hainbat kontzerturen sarrerak agortu ostean, Berri Txarrak talde nafarrak Brasil eta Argentinan joko du Rise Against talde estatubatuarrak datorren hilabete hondarrean egin behar duen Hego Ameriketako biraren barruan. Kontzertuak Curitiba, Sao Paulo eta Buenos Airesen izango dira otsailaren 25, 26 eta 27an.

Lekunberri, Nafarroa. Berri Txarrak talde euskalduna eta Rise Against talde estatubatuarra elkarrekin arituko dira Brasilen eta Argentinan, Chicagoko taldeak 2011ko otsailean egingo duen Hego-Ameriketako biraren barnean. Urrian eta azaroan Asian Tour 2010 birarekin Txina, Hego Korea eta Japonia bisitatu ostean, eta azken hilabeteotan Euskal Herriko zenbait areto bete ondoren, Hego-Ameriketako hiru hiri eta herrialde hauek bisitatuko du hirukoteak.

1994an Lekunberrin sortua (Nafarroa), Berri Txarrak taldeak sei disko eta dokumental bat kaleratu ditu orain artean, etengabeko garapen musikala erakutsiaz. Euskal Herriko rock agertokitik abiatuta, munduan zehar hainbat bira egin ditu jada egun hirukoa den talde honek. Diskografia zabala du taldeak,  Berri Txarrak (1997), Ikasten (1999), Eskuak / Ukabilak (2001) Libre © (2003), Jaio.Musika.Hil (2005) eta Payola (2009).  Azken bi disko hauekin, aurreko urteetan irekitako nazioarteko ildoa sakondu eta soka luzeko birak burutu ditu, hiru urtetan berrehundik gora emanaldi eskaini dituztelarik. Japonia, Taiwan, Nikaragua, Mexiko, AEB… eta Europan barrena hainbat tour egin dituzte, horietako bat, oraingoan lagun izango duten Rise Against taldeak gonbidatuta.

2010eko Abuztuan, Galder Izagirre bateriajotzaileak hartu zuen, jatorrizko bateriajoleak (Aitor Goikoetexea) utzitako tokia. Azken urteotan formazioan eman diren aldaketetako azkena izan zen hau, Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsak) eta David Gonzalezekin batera (baxua), egungo Berri Txarrak-en formazioa osatzeko.

Euskal Herrian taldeak ohikoa duten harrera onaz gain, Payola azken diskoa Espainiako disko salduenen zerrendan sartu zen zuzenean (7. tokia), euskarazko talde batek sekula lortu ez duena erdietsiz. Taldeak Payola azken lan hau aurkeztuko du Hego Ameriketan, hain zuzen ere, otsailaren 25ean Curitiban (Brasil), 26ean Sao Paulon (Brasil) eta 27an Buenos Airesen.

-Berri Txarrak 'Denak Ez du Balio' abestia, Rise Againsteko abeslariaren kolaborazioarekin

-Berri Txarrak webgunea

 



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia