euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bere 25. urteurrenaren baitan, Argentinako Diputatu Ganbararen zoriona jaso du ‘Presencia Vasca’ irratsaioak

2015/12/14

Federico Borrás, Presencia Vasca irratsaioaren 2015eko lenenengo programan
Federico Borrás, Presencia Vasca irratsaioaren 2015eko lenenengo programan

PUBLIZITATEA

Argentinako Diputatuen Ganbarak onespen-agurra adierazi dio Entre Rios probintziako Parana hiriburuan astero aireratzen den ‘Presencia Vasca’ irratsaioari, programaren 25. urteurrena dela eta. Gogora dezagun urte berezi honetan, Federico Borras aurkezle eta arduradun duen saioak Argentinako Senatuaren aitortza ere jaso zuela, joan den maiatzean.

Paraná, Argentina. Alai eta harro egoteko oso arrazoi ona du ‘Presencia Vasca’ saioa aurkezten, egiten eta aitzinarazten duen Federico Borras paranatarrak. Izan ere aipamen eta zorion berezia eman dio euskal-argentinar ekimen honi bere 25. urteurrenean Argentinako Diputatuen Ganbarak.  

Borrasek berak jakinarazi digun legez, onespen-agurra gauzatzeko proiektua Entre Ríos probintziako Osvaldo Elorriaga legegileak aurkeztu zuen, eta Buenos Airesko, Formosako eta Entre Rios probintzia bertako beste mandatari batzuek bat egin zuten proposamenarekin. Proiektuaren oinarrietan, Presencia Vasca programak "25 urte hauetan egindako lana, eta tartean bildu duen ahots euskal-argentinarren bilduma osoena nabarmentzen da”, azaldu digu Borrasek.

Bide batez, gogora ekartzen du “1835 eta 1915 urteen artean Pirinio bi aldeetako euskaldunak etorri zirela Entre Rios probintziara eta ondorioz hamaika abizen euskaldun ditugula gure historian, tartean, Justo Jose de Urquiza bera. Gogora dezagun Urquiza euskal immigrazioaren bultzatzaile nagusietako bat izan zela eta Argentinako lehenengo presidente konstituzionala izan zela, 1854-1860 epean. Ildo beretik, Entre Rioseko gaur egungo gobernadoreak ere –Sergio Urribarrik– euskal jatorria du; izan ere, historian zehar euskal jatorriko gobernadore gehien izan dituen probintzia ere bada Entre Rios”.

25. urtemugaren urtea bukatzen ari garen honetan, komeni da gogora ekartzea ez dela hau izan Presencia Vascak jaso duen sari bakarra. Maiatzean Senatuarena ere jaso zuen, aho batez, Sigrid Kunath legegileak proposatutako proiektua medio. Horrez gain ‘Kultur Interesekoa’ izendatu zuen Entre Rios probintziako Kultur eta Komunikazio Ministerioak.

Urte paregabea izan da 2015 ‘Presencia Vasca’ egiten duten lagun, laguntzaile eta zaleentzat ere. Eta horregatik, opor egun gutxi batzuk hartu eta gogo handiz bueltatuko dira 2016ko zikloari ekitera, otsailetik aurrera, betiko ordutegi eta frekuentzian: igande goizetan 11etatik 12etara, Radio Universidad-en (105.7 Mhz) edota internet bidez, irratiaren webgunetik: www.fmuniversidad.com. Aurtengo zikloari dagokionez, abenduaren azken igandean, 27an bukatuko da. Programarekin kontaktatzeko, hauexek dira bideak: +54 343 4347777 telefonoa, presenciavasca@gigared.com helbide elektronikoa eta “Presencia Vasca Paraná” Facebook-eko kontua. Zorionak!


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia