San Frantzisko, AEB. Aurrera pauso urtea da honakoa BEO (Basque Educational Organization) elkartean. Gogora dezagun aurreko artikuluan iragarri genuela maiatzaren 20an abian jartzekoa zuela "BEO Movie Club"a (online zinema klub), euskal filmak ikusi —'euskal' zentzu zabalean, barne, zuzendari eta aktore euskaldunekoak, euskal gaikoak, EHan grabatutakoak edo batera edo bestera euskal loturadunak— eta Zoom bidez komentatzeko proposamena. Arrakastatsu estreinatu zen. Eta aipatu genuen, baita ere, 2024ko apiriletik, eta aurrekoa bezala ingelesez zein online egiten ari den "BEO Book Club" (irakurleta kluba), irizpide bertsuez, aztertuz ingelesez argitaratutako lanak (jatorriz ingelesez edo ingelesera itzuliak, euskal egileenak edo gaiz, gertalekuz edo bestela konexiodunak). Izenburuak garaiz iragarri, eta Zoomez komentatzen dira, normalean idazlea ere tarteko dela.
Artikulua irakurri ondoren BEOri sustengua eman nahi diozu, hona dirulaguntzeko aukera batzuk
Bigarren artikulu honetarako utzi ditugu BEOren beste jarduera batzuk, baita ere aurpegia ipintzea erakundea osatzen dutenei, izan Zuzendaritza Batzordekoei, edo sortu berriak dituzten bi batzorde berrietakoei (gehiengo handi bat emakumeak, eta gazteak). Lehenengo atalean, BEOren jarduera klasiko bat dago, Basque Cultural Day, joan den mendean abiatua, bat erakundearen helburu behinenarekin: nabarmentzea eta mahaigaineratzea euskal komunitateko pertsona, ekintza, pasadizo edo ekarpenak gizarteari. Eskubide berezikiz egindako bat izan zen —eta segitzen du izaten, indarrean baitago— euskal emakume belaunaldiei, Diasporan egindako lan sekula ez goratu eta eskertua, "begien bistan egon arren, ezkutatua", ekarpen hori ikertuz, lekukotasunak bilduz eta argitaratuz, esaterako, 2023ko urrian "Euskal Andreen Egintza Amerikan, The Impact of Basque Women in America" liburua, aurten bigarren edizioa ateratzekotan dena.
BEOren Aholku Batzorde sortu berria, erakundearen jardunaren sostengu eta bultzagarri
Geroa, gaurdanik lantzen, BEOren 'Brainstormer Kontseilu'a, ideia eta proiektu berriak lantzen
Makina bat ekimen garatu izan dituzte, ordea, euren euskaltzaletasunak eta engaiamenduak jota BEO sortu zuten lagunek, euskaraz antzerki eta pastoraletatik abiatuz, dokumentalak egiteraino ingelesez, euskaldunei buruz, Euskal Herriaz, euskal hizkuntza eta kulturaz eta euskal presentzia AEB Mendebaldean azalduz. Elkarlana maite dute eta euren jardueretan lankide dira, San Frantziskon esaterako, bertako "Basque Club of San Francisco" (Euskal Etxea) eta "Basque Cultural Center"ekin (Gure Euskal Etxea), baina baita ere, konparazio, Boiseko Euskal Museoarekin edo, nola ez, kide diren NABO euskal erakundeen federazio nazionalarekin. Urtero antolatzen dute San Frantziskon NABO Bertso Saioa, bertako eta Euskal Herriko bertsolariak partaide, eta lankide dira Euskal Herritik datozen artista eta musika taldeen kontzertuak antolatzen, edo pilotarien bisita eta partidetan. BEOren Euskal Zinema Klub (Basque Film Series) presentzialak 21 urte bete ditu maiatz honetan euskal filmak pantailaratzen.
Harreta berezia eskaintzen die BEOk geroari eta euskal komunitateko gazteei eta funtsa eta bekak dauzka, hezkuntza arloan, ahalduntzen, arte arloan-eta.
BEOk gogoeta bultzatzen du geroari buruz, erantzunik onena ematearren euskal komunitate gisa egungo eta datozen erronkei. Aurten ahalegin berezi bat eta hausnarketa prozesu berezi bat gauzatu du, eta ondorioz, gazte jende andana bildu zaio. Ohiko Zuzendaritza Batzordearekin batera, bi batzorde berri sortu ditu, eta lehenago aipatu ditugun bi online jarduera berriak, kateari katebegi berriak gehituz, gogo, ilusi eta proiektu berriak esku artean. Hona BEOko Zuzendaritza Batzordea, Aholku Batzordea eta 'Brainstormer' Kontseiluaren kide direnak:
ZUZENDARITZA BATZORDEA 2025
- Lehendakari: Anna Marie Etcheverria
- Lehendakariorde: Nathalie Baker Urroz
- Diruzain: Aline Izoco Elicagaray
- Diruzainorde: Esther Bidaurreta
- Idazkari: Nicole Sorhondo
- Idazkariorde: Yvonne Hauscarriague-Seevers
- Zuzendari: Philippe Acheritogaray
- Directora: Marisa Espinal
- Zuzendari: Emily Pape
- Zuzendari: Nicholas Smith
- Fundatzaile eta hilarteko kide: Franxoa Bidaurreta eta Aña Iriartborde
BEO AHOLKU BATZORDEA (2025-2027)
- Kide: Pierre Goyenetche
- Kide: Pierre Jambon
- Kide: Rosemary Arriada-Keiper
- Kide: Josh Melander
- Kide: Steven Gamboa
- Kide: Peter Fawzi
BRAINSTORMER KONTSEILUA (2025-2027)
- Kide: Marielle Sorhondo
- Kide: Meggan Laxalt Mackey
- Kide: Tina Iriart
- Kide: Jean-Max Fawzi
- Kide: Danielle Echeverria
- Kide: Erica Fosse
- Kide: Caroline Chiramberro
- Kide: Amaia Caballero
- Kide: Maitexa Cuburu
- Kide: Zoe Bray
Zorte on eta aurrera!