euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ba al zenekien Argentinako Patagonian, 'Cuatro Esquinas' lekuan, Arantzazuko (sic) Amaren ohorezko kapera dagoela?

2021/04/29

Cuatro Esquinas herrixkan dagoen Arantzazuko Ama birjinaren Kapera
Cuatro Esquinas herrixkan dagoen Arantzazuko Ama birjinaren Kapera

PUBLIZITATEA

Cuatro Esquinas, Argentina. Patagoniako Rio Negro probintziako Cipollettin, Cuatro Esquinas izeneko landa-eremuan, duela ia hiru hamarkada eraiki zuten bertakoek Ama Birjinaren euskal adbokazio honi eskainitako kapera. Sorreran, lankidetza, elkartasuna eta euskal etorkinek Argentinan bizilekua bihurtu zuten herriari egin nahi izan zioten ekarpen eta esker ona dago. Cipollettiko ‘Baskos de la Confluencia’ Euskal Etxeko lagunek kapera honen berri plazaratu nahi izan dute eta eta artikulu honetan aipatzen ditugun datuak helarazi dizkiote EuskalKultura.eus-i. Mila esker Eduardo Arkaute eta Pedro Arana Urionabarrenechea!

Joan den mendeko 90. hamarkadan, Euskal Herriaren aldeko ekintzak egiteko asmoz Cipollettiko euskal jatorriko lagunak biltzen hasi zirenean, Miserikordiaren Alaben Kongregazioko Magdalena mojak proposatu zien kapera eraikitzeko ideia. Juan Carlos eta Dorita Ibar neba-arrebak utzi zituzten eliza altxatzeko lurrak eta eragileen artean euskal jatorriko asko zeuzkan proiektua zenez, ados egon ziren guztiak euskal adbokazio baten omenean eraiki behar zutela erabakitzen.


[Parrokian dagoen Arantzazuko Ama Birjinaren irudia Gipuzkoako Oñatitik, jatorrizko
Arantzazuko Ama dagoen lekutik, ekarrarazi zuten Cuatro Esquinasko lagunek
]

Arantzazuko Andra Mariaren Kapera berez 1993ko uztailean bukatu zuten baina 2002ra arte itxaron behar izan zuten bertako fededunek Elizak bedeinkazioa jaso zezan. Bengotxea apaiza arduratu zen zeremoniaz. Eta barruko egurrezko irudiak eta kanpoko gurutzea bertako Angel Franco zurginak egin bazituen ere, Arantzazuko Andra Dena Mariaren irudia Oñatitik ekarri zuten, Miguel Eloseguik egin zituen izapideei esker. Elosegui berari zor zaio Parrokiaren esparruan haritz bat landatu izana.

Gaur egun, Arantzazuko Ama Birjinaren Kapera apezpikutegiaren menpe dago eta Miserikordiaren Ahizpek kudeatzen dute. Meza hileko azken igandero eskaintzen du Euripides apaizak eta herrixka eta inguruko herrixketako fededunek hartzen dute parte. Arantzazuko Andra Mariaren egunean, irailaren 8an, prozesioa ere antolatzen dute.



Komentarioak

  • Eskerrik asko...

    Uruguaiko Montebideoko mendixkan bada eliza edo tenplu bat eta bertan Arantzazuko Ama Birjinaren irudi bat ere bada

    Ainara Maia Urroz (Irun, Gipuzkoa), 2021/04/29 14:33

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia