euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexiko hirian aurkeztu dute herrialdeko RSBAP eta Arantzazuko Kofradiari buruzko liburua, Hector Trejo egile

2015/02/16

Ezker-eskuin: Ana Rita de García Lascuraín, "Jose Maria Basagoiti Noriega-Vizcaínas Artxibo Historikoko zuzendaria eta RSBAPeko Mexikoko Ordezkaritzako lehendakaria; Stella Gonzalez Cicero (Mexikoko ADABIko zuzendaria; Isabel Basagoiti Caicoya; Jose Luis
Ezker-eskuin: Ana Rita de García Lascuraín, "Jose Maria Basagoiti Noriega-Vizcaínas Artxibo Historikoko zuzendaria eta RSBAPeko Mexikoko Ordezkaritzako lehendakaria; Stella Gonzalez Cicero (Mexikoko ADABIko zuzendaria; Isabel Basagoiti Caicoya; Jose Luis

PUBLIZITATEA

Bizkaitarren Ikastetxean egin zen J. Hector Trejok Mexikoko RSBAP elkartearen eta Arantzazuko Amaren Kofradiaz argitara emaniko liburu berriaren aurkezpena. Kultur munduko, esparru akademikoko eta RSBAP, Jose Maria Basagoiti Artxiboa edo ADABI bezalako elkarte eta erakundeetako ordezkariez gain herrialdeko euskal komunitateko kideak eta, besteak beste, Hiriko Euskal Etxeko lehendakari Josu de Garritz eta Euskadiren ordezkari Ibon Mendibelzua partaide zirela egin zen.

Mexiko Hiria, Mexiko. El Bajio eskualdetik Jaione Arrieta Galarraga euskal-mexikarra koordinatzaile duen VascosMexico webgune eta foroa medio jakin dugu Mexiko Hirian liburu hau aurkeztu izanaren berri. "La Real Sociedad Bascongada y el Proyecto Vasconovohispano de la Cofradía de Nuestra Señora de Aránzazu 1791-1850" izenburupean, liburua urtarrilaren 30ean aurkeztu zen hiriko "Colegio de las Vizcaínas" (Bizkaitarren Ikastetxea) erakundeko San Inazio Kaperan, eguerdia pasea zenean.

Hizlarien artean, Stella Gonzalez Cicero, ADABI (Apoyo al Desarrollo de Archivos y Bibliotecas de México) erakundeko zuzendariak Jose Maria Basagoiti izena daraman Artxibo Historikoak eta bere gordailuek XVII eta XVIII. mendeetako euskal komunitatearen historia bildu izanaren garrantzia azpaimarratu zuen. Isabel Basagoitik, RSBAP erakundearen alde bere aitak transmititu zion estima aipatu zuen, azpimarratuz zein garrantzitsua den euskal komunitatearentzat bere erroak ezagutzea.

Jose Luis Gonzalez Martinez, INHAren (Instituto Nacional de Antropologia e Historia) izenean mintzatu zen, esanez liburuak gaitzat hartzen duen euskal-novohispano proiektuak "agerian uzten duela euskal kultura bersortu nahi izana gure herrialdean, beti ere, baina, bere hiru oinarrizko zutabeekin: lurra, familia eta erlijioa". Ondore, Valero doktoreak gogora ekarri nahi izan zuen zein garrantzizkoa den euskal komunitatearentzat liburuak ikertzen duen bezalako ondare historiko aberatsa izatea, RSBAPen historiak hiru mende ukitzen baititu. Liburuaren harira, esan zuen, momentu onean ere heldua dela, izan ere RSBAP Euskal Herrian sortu zela 250 urte bete izana ari baita ospatzen ikasturte honetan elkarte ilustratu hau.

Azkenik egilea mintzatu zen. Trejo Huertak bertara bildu izana eskertu zuen bertaratutako guztiei eta esker on berezia adierazi nahi izan zuen liburua egin ahal izateko iturri gisa erabilitako liburu eta egileei. Liburuaren edukia eta antolaketa ere azaldu zituen eta esan zuen, bere aburuz, euskal kultura bere momentu onena ari dela bizitzen, "gure herrialdean euskal gogoa bizirik atxikitzen duten elkarte desberdinak gogor ari baitira langintza horretan" eta "komunitate honek beti ezaugarri izan dituen elkartasuna eta elkar-tratuaren erakusgarri bizidun baitira".

Ekitaldia topa-egite batekin bukatu zen Kapelauen Patioan.

-Ekitaldiko audioa, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia