euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azulgo Gure Txokoak ‘La Voz de los Vascos’ estreinatuko du ostiral honetan: bi astero aireratuko da Irrati Publikoan

2021/06/30

Ostiral honetan abiatuko da Azulen 'La Voz de los Vascos’ irratsaioa. Bi astean behin, euskaldunen kontuak herriko Irrati Publikoa-n
Ostiral honetan abiatuko da Azulen 'La Voz de los Vascos’ irratsaioa. Bi astean behin, euskaldunen kontuak herriko Irrati Publikoa-n

PUBLIZITATEA

Azul, Argentina. Azulgo Udalaren eskutik iritsi zitzaion proposamena Euskal Etxeari. Gure Txokoako lehendakari María Inés Etchevers Aizpirik EuskalKultura.eus-i azaldi dionez, “Komunitatearekiko Harremanetarako Zuzendari Damian Vuottok gonbidatu gintuen eta hitzarmena sinatu dugu. Irratiaren programazioko parte izango gara, baitetsiz gure eduki kulturalak zabaltzea izango dugula xede eta ez dugula politikaz, ekonomiaz edo kontu komertzialez hitz egingo”.

‘La Voz de los Vascos’ (Euskaldunen ahotsa) bi astean behin emitituko da, ostiral honetan hasita, arratsaldeko 4etatik 4:30etara. Programaren izenak badauka  bere istorioa, “Gure elkarteko lehenengo Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen Alicia Barberiari omenalditxo bat egin izan nahi baitiogu". "Duela urte batzuk berak hartzen zuen parte Radio Azulek zeuzkan programan batzuetan. Euskal tarte haietan Euskal Etxearen ekintzei buruz hitz egiten zuen, bereziki sukaldaritzari buruz. Hura zen saioaren zatitxo arrakastatsuena”.

“Berak istorio hau kontatu zigunean pentsatu genuen ez genuela besterik bilatu behar. ‘La Voz de los Vascos’ haren jarraipena izan nahi dugu” adierazi du Azulgo Euskal Etxeko lehendakariak.

Lehenengo saioa

Ostiral honetan Etchevers-ek egingo du esatari lana, baina asmoa da aurrerantzean txandaka egitea Euskal Etxeko beste lagun batzuekin. “Aurkezpen, esker-emate eta agurren ondotik, Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena ekarriko ditut gogora, eta bigarren zatian, uztailean sartuta egongo garenez, Sanferminak aipatuko ditut. Euskal musika ere izango dugu eta saioaren zatiak bereizteko musika Oskorriren ‘Ikusi mendizaleak’ izango da”.

"Datozen saioetarako beste ideia batzuk ditugu; elkarrizketak, zutabeak… hainbat gai jorratu nahi ditugu... tartean historia, hizkuntza, ohiturak, sukaldaritza, kirola, zinema, dantza… Horretarako Euskal Etxeko eta oro har gizataldeko lagunak gonbidatuko ditugu”, azaldu du Etcheversek.

‘La Voz de los Vascos’ ostiral honetan hasiko da aireratzen, arratsaldeko 4etan Radio Pública FM 87.9 ‘Todas las Voces’ Irrati Publikoan. Saio bakoitzaren ostean sareetan zabalduko du Euskal Etxeak. Saioarekin zuzenean kontaktatzeko WhatsAppa: +54 9 2281 310778

Gure Txokoa Facebook-en: Centro Basko Azuleño Gure Txokoa



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia