euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz egin dute I. Topaketa Patagoniako Euskal Etxeek, bigarrenerako hitzordua Puerto Madrynen irailaren 24rako finkatuz

2016/07/05

San Martin de los Andesen egindako Patagoniako Euskal Etxeen I. Topaketa
San Martin de los Andesen egindako Patagoniako Euskal Etxeen I. Topaketa

PUBLIZITATEA

San Martin de los Andes hiria izan zen Topaketaren egoitza eta bertara bildu ziren Neuquen, Viedma-Patagones, Puerto Madryn, Bariloche eta San Martin de los Andeseko euskal etxeetako ordezkariak. Elkarren arteko loturak sendotzeko eta euren arteko lankidetza bultzatzeko asmoa zuen ekimena erabat arrakastatsua izan zen eta FEVAren eta Euskadiko Ordezkaritzaren babesaz gain hiriko eta probintziako agintariena ere eurenganatu zuten.

San Martín de los Andes, Argentina. Patagonia argentinarreko Euskal Etxeen I. Topaketa ekainaren 23tik 26ra egin zen San Martin de los Andes hirian, bertako Euskal Txokoa Euskal Etxea antolatzaile.

Anfitrioiek proposatutako programari jarraituz puntu batzuk adostu zituzten partaideek, tartean, eskualdeko euskal etxeen artean modu kooperatiboan lan egitea; esan nahi baita, baten batek behar bat duenean, gainerako euskal etxeekin batera saiatuko dira erantzuten. Euskal Txokoa-ko Manuel Bustingorry lehendakariaren esanetan, “Topaketa oso positiboa izan zen. Aukera ederra aurrez aurre hitz egin ahal izateko; horrek asko errazten du komunikazioa. Gainera bakoitzak bere egoera azaldu zuen eta besteen esperientziak jakitea oso ona izan da, batez ere euskal etxe gazteenentzat, gurea eta Comahuekoa, kasu. FEVAri ere eman genon geure arazoen berri eta erabaki genuen datorren topaketan Patagoniako ordezkari bat hautatzea FEVAren aurrean Patagoniako bozeramailea izateko”. Bigarren Topaketaren data eta lekua ere erabaki zituzten patagoniarrek: elkarretaratzea irailaren 24an izango da, Puerto Madrynen.

Hugo Andiazabal FEVAko lehendakariak eta Sara Pagola Argentina-Mercosur-erako ordezkariak ere hartu zuten parte bilkuran. Euren babesa eman zuten gainerako agintarien artean, Neuquen probintziako gobernadoreorde Rolando Figueroa ere aipa daiteke, hiriko alkate Brunilda Rebolledo eta Lanin Parke Nazionaleko presidente Horacio Pelozo. Agintariek opariak trukatu zituzten eta goraipatu zuten San Martin de los Andesko Euskal Txokoaren lana, batez ere “hain gaztea izanik hau bezalako ekimena antolatzeko ardura bere gain hartzeko ausardiagatik”.

Zine Zikloa eta Euskal Txokoaren urteurrena

Programa barruan, San Martingo 2016ko Euskal Zine Zikloaren azken emanaldia ere egin zen, ekainaren 25ean, hiriko Cotesma Kultur Gunean. Gogora dezagun zikloa Carlos Gabilondoren ardurapean egon dela eta bigarren urtez jarraian "Udalaren Interesekoa" izendatu zutela. Ekainean zehar egindako zikloa Amama pelikularen proiekzioarekin bukatu zen.

Gaualdera, anfitrioiak eta gonbidatuak Rincón de los Andes–Mountain Resort hoteleko instalazioetan bildu ziren Euskal Txokoaren bigarren urteurren jaia ospatzeko.

San Martin de los Andesko Euskal Txokoa-ko kideek esker beroak luzatu nahi dizkiete Topaketan parte hartu zuten guztiei eta euren laguntza eman duten hiriko erakunde, enpresa, komunikabide eta baita Euskal Etxea osatzen duten familia guztiei ere.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia