euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz egin du Durangoko udal ordezkaritza batek bisita Montevideora, Bruno Zabala durangarrak fundatutako hiria

2024/05/09

Elkoroiribe eta Soria Durango eta Montevideoko bi agintari gorenak atzo, lankidetza ekintzei bide ematen dien dokumentua sinatzen
Elkoroiribe eta Soria Durango eta Montevideoko bi agintari gorenak atzo, lankidetza ekintzei bide ematen dien dokumentua sinatzen

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Maiatzaren 3tik 9ra arte luzatu da Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia alkatea buru zuen Durangoko Udaleko ordezkaritzaren bisita Montevideora. Hiriburu uruguaitarrean, bertako Departamentuko Batzarreko presidentea den Patricia Soriak izan zuen euskal ordezkaritzari harrera emateko ardura, eta sei egunetan zehar ekintzen egitarau oparoa bete zuten elkarrekin.

Maiatzaren 3an bertan, harrera ekitaldia eta lan jardunaldi berezia izan zituzten mandatariek. Maiatzaren 6an, astelehena, Mauricio Zunino Montevideoko jarduneko alkatearekin bildu ziren eta horren ostean Turismo eta Kirol, Garapen Ekonomiko eta Kultura batzorde aholkularien ezohiko batzarraldietan hartu zuten parte.

Plaka Diaspora bertan

Maiatzaren 7an, plaka oroigarri bat desestali zuten Zabala Plazan (Durango izeneko ingurubidean), hiriaren fundazioaren hirugarren mendeurrenean, Montevideori omenaldia eginez. Zeremonia honetan, Montenvideoko euskal etxeetako kideek bat egin zuten euskal eta uruguaitar mandatariekin.

Bisitaren programarekin bukatzeko, maiatzaren 8an, Mireia Elkoroiribe Zenikaonandiak eta Patricia Soriak, ekonomia, turismo eta kultura arloetan, herriek elkarrekin  planteatzen dituzten hainbat ekintza biltzen dituen dokumentua sinatu zuten.

Mireia Elkoroiribe alkatearekin batera, honakoek osatu zuten euskal ordezkaritza: Jesica Ruiz Pérez Herrigintza arloko zinegotzia; Arantza Barrenetxea Arruti, EAJ-PNVeko zinegotzia; Iker Urkiza Quilez EH-Bilduko zinegotzia; Jorge Varela Dorrio Herriaren Eskubidea-ko zinegotzia; Carlos David García Fernández PPko zinegotzia; eta Verónica Redondo Gurrutxaga Immigrazio teknikaria.

Bruno Zabala, bi herrien arteko lotura

Historiari so, Montevideo hiriaren fundazioa, 1724. urtean hasi zen, Bruno Mauricio de Zabala durangarraren eskutik. Aurten ospatzen ari den fundazioaren hirugarren mendeurrenean, Montevideoko eta Durangoko Udalak, 2022an bi hiriek onartu zuten kultur lankidetza hitzarmenaren garapenean ari dira lantzen. Gogoratu 2022ko irailean bidaiatu zirela Montevideoko gobernuaren ordezkariak Durangora akordioa formalizatzeko xedearekin, eta Durangokoek orain egin duten hau bidaia haren itzulketa dela.

Euskal ordezkarien bisitak herrien artean dagoen akordioa sendotu nahi du. Hitzarmenean adostutako helburuak hauexek dira: ezagutza trukatzea kultur kudeaketan eta turismo sustapenaren arloan; azoketan, erakustaldietan eta hitzaldietan partaidetza bultzatzea; kultur argitalpenak zabaltzea; eta proiektuak eta programak martxan jartzeko laguntza teknikoa partekatzea, batzuk aipatzearren, adierazi dute.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia