euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta handiz ari da garatzen Euskal Zine Zikloa Pinamar hirian; hurrengo emanaldiak azaroko azken bi asteburuetan

2016/11/03

Euskal Zine Zikloa Argentinako Pinamar hirian
Euskal Zine Zikloa Argentinako Pinamar hirian

PUBLIZITATEA

Ez dago euskal etxerik Pinamarren. Baina apirilean bertan hasitako Euskal Zine Zikloak gero eta jende gehiago biltzen du. 50 lagun bertaratu ziren azken emanaldian Manuel Belgrano Herri Liburutegira Carlos Gabilondok hautatutako filmak ikustera. “Kopuru polita da, batez ere pentsatzen badugu Pinamarren ez dagoela ekintza bultzatzen duen euskal elkarterik” adierazi dio Gabilondok EuskalKultura.com-i. 2016ko zikloari amaiera emateko beste lau emanaldi egingo dira: azaroaren 18 eta 19an eta 25 eta 26an.

Pinamar, Argentina. Carlos Gabilondo zinezaleak antolatzen duen Euskal Zine Ziklo Ibiltaria garrantzi handiko helburu bat ari da betetzen: euskal jatorrizko zuzendarien film eta laburmetraiak –klasikoak eta estreinatu berriak– zabaltzea Argentina osoko euskal etxeetan. Ez du hori ordea helburu bakarra; izan ere, euskal etxerik ez dagoen herrietara ere iristen ari da aditua euskal pelikulak proiektatzera eta horrekin batera, euskal kultura ezagutaraztera.

Horixe da Buenos Aires probintzia kostaldeko Pinamar herrian gertatutakoa. Gabilondok azaldu digunez, Pantalla Pinamar izeneko Zinemaldiaren sortzaileeako bat, Manuel Valdivieso, jarri zen kontaktuan berarekin Zikloa antolatzeko. "Eta apirilean hasi ginen hamabi izenburuko programa batekin. Lehenengo emanaldiak apirilean izan ziren eta azkenak azaroan izango dira, hileko azken bi asteburuetan. Aktibitatea gero eta arrakastatsuagoa ari da suertatzen; saio bakoitzean lagun berriak agertzen dira, eta hori oso ondo dago; aurrekoetara etorri zirenak ere bueltatzen dira eta hori oso seinale ona da”, azpimarratu digu zine adituak.

Bisitari euskalduna

Plus gisa, urriaren 21ean eta 22an egindako emanaldietara gonbidatu berezi batekin bidaiatu zen Gabilondo Pinamarrera. “Iñaki Elorza kazetari euskalduna gurekin etorri zen eta oso elkarrizketa politak sortu ziren pelikulak –data haietan Aupa Etxebeste! eta 80 egunean luzeak eta 40 ezetz eta Mujer Invisible (Emakume ikusezina) laburmetraiak– bukatu eta gero. Normalean ziklora etortzen den jendea ez da euskal kolektibitatekoa, beraz galdera asko egiten dituzte Euskal Herriaz eta euskal kulturari buruz. Topaketa hauetan plazer handia izan da Iñaki Elorzaren laguntza izatea berak ezin estimatuzko kontakizuna eta datuak partekatu baititu bildutakoekin”, kontatu digu Ziklo Ibiltariaren arduradunak.

Urte osoko programa

Urte hasierako asmoa betetzen ari da eta urte osorako prestatutako egitaraua azaroan bukatuko da, izenburu hauekin:

-Azaroaren 18an, Juanma Bajo Ulloaren Alas de mariposa eta Luis Vilen El Secretista (azken hau, laburmetraia)
-Azaroaren 19an, Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren Gartxot eta Kote Camachoren Don Miguel (laburmetraia)
-Azaroaren 25ean, Helena Tabernaren La buena nueva eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen (laburmetraia)
-Azaroaren 26an, Amaia eta Aitor Merinoren Asier eta Biok eta Kote Camachoren La gran carrera (laburmetraia)

Apiriletik hona aurkeztutakoak, berriz, hauexek izan dira: apirilean, Montxo Armendarizen Tasio (luzemetraia) eta Carboneros de Navarra (laburmetraia); eta Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren Loreak (luzea) eta Lagun mina (laburmetraia). Maiatzean, Julio Medemen Behiak (luzea) eta Asier Altunaren Zela trovke; eta Borja Cobeagaren Negociador (luzea) eta Eramos pocos (laburmetraia). Ekainean, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondoren Kutsidazu Bidea, Ixabel eta Inaz Fernandezen Hauspo soinua; eta Asier Altunaren Amama eta Plazatik plazera (laburmetraia).

Zikloa Pinamarreko Manuel Belgrano Herri Liburutegian egiten da, De las Medusas kaleko 1230. zenbakian, arratsaldeko 7etatik aurrera. Datorren urteari begira, gainera, ez du jarraitzeko aukera batere baztertzen Gabilondok. “Proposamenaren arrakasta ikusita, uste dut posible dela datorren urtean jarraitzea. Horrela, nahiz eta euskal etxerik ez egon, hirian euskal kulturaren presentzia bermatuko dugu”, adierazi du zinezale euskaltzaleak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia