euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Sarrionandia idazleak zuzenduko du Habanako Unibertsitateko Euskal Kultura Irakurletza berria

2016/11/03

Joseba Sarrionandia idazlea
Joseba Sarrionandia idazlea

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuak azaroaren 22an inauguratuko du Habanako Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurletza berria. Irakurle postua Joseba Sarrionandia idazle iurretarrak beteko du. Sarrionandiak ezkutuan eman ditu azken 31 urteak, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuenez geroztik. Denbora honetan literatura karrera aberatsa eraiki du, obra ugari idazten eta argitaratzen, zenbait sari ere bereganatuz, tartean 2011an Euskadi Literatura Saria.

Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, azaroaren 22an inauguratuko da La Habanako Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurletza. Joseba Sarrionandia euskal idazlea izango da irakurlea; alegia, programa akademikoaren edukia zehaztu eta irakatsiko duena, bai eta gainerako ekintzen arduraduna.

Joseba Sarrionandia euskal literaturako ahots nagusienetako bat da, nahiz eta azken 31 urteak ezkutuan igaro dituen. 1985an Sarrionandia Martuteneko kartzelan preso zegoen, ETAko kide izatea egotzita. Uztailaren 7an Imanol kantariak kontzertua eskaini zuen kartzelan, presoentzat, eta Sarrionandiak eta Iñaki Pikabea presoak kontzertuko bafleetan ezkutatuta ihes egitea lortu zuten.

Harrezkero, ezkutuan egon da Sarrionandia, baina aktibo oso literatura alorrean, idazten eta liburuak argitaratzen jarraitu du. Eleberriak, olerkiak eta entseguak jorratu ditu. 2011n Euskarazko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen. 

Egitaraua

Irakurletza azaroaren 22an abiaraziko da, “Euskara hizkuntzaren historia” izenburu duen ikastaroari hasiera emanez. Euskara hizkuntzaren historia lexiko-gramatikala eta soziala izango ditu aztergai, Neolitikotik hasi eta gaur egunera arte. Programa akademikoaren hasiera honetan beste hainbat ekintza dituzte aurreikusita: abenduaren 5ean Asier Altunak “Amama” aurkeztuko du unibertsitatean, eta filmaren emanaldia eta gero euskal baserri tradizionalaren bilakaeraz bertaratutakoekin aritzeko aukera izango du.

Abenduaren 15ean, berriz, EHUko irakasle Mari Jose Olaziregi, azaroa bitartean Etxepare Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria izan dena, euskal literaturaz ariko da "Un viaje por la cultura y la literatura vasca" hitzaldian. Udazkenerako beste hainbat adituren mintzaldiak ere antolatzen dihardute; hala nola, Blas de Oterok Habanan eman zituen lau urteen gainekoa, edota Jose Antonio Agirre eta euskal exilioa Kuban aztertuko duena. 

Euskal Biblioteka

Unibertsitateko eskolez gain, irakurletza honen sorrerak Kubako euskal komunitateari eta euskal kulturaz ikertu eta ikasi nahi duen nornahiri hainbat baliabide berri eskainiko dizkio. Asmo zehatzen artean nabarmentzekoak da abian den Euskal Biblioteka: Sarrionandiak aurkeztutako planaren arabera, 2.000 liburuko fondoarekin hasiko da, eta unibertsitatean kokatuko da.

Euskal Zine-Forum berri bat antolatzea ere proposatu dute, unibertsitateko zinetokian, hamabostean behin. Bestalde, aldizkari berri bat sortu nahi dute, euskal kultura eta Euskal Herriaren eta Kubaren arteko harreman kulturalak aztertuko dituena (toponimia, mendeetako euskal emigrazioaren lekukotzak…)

Eta edizio lana ere ez dute baztertuko, esku artean euskal liburu sail bat sortzeko egitasmoa ere baitaukate. Horretaz gain, irakurletza berriak egoitza finkoa eskainiko du euskal kulturaren inguruko jarduera akademiko eta kulturalak antolatu ahal izateko, ikusgarritasuna ere bermatuz. Kubako Euskal Etxearekin ere, 1877an sortua izanik munduko zaharrenetatik den Asociación Vasconavarra de Beneficiencia erakundearekin, elkarlana sustatuko du, Kuban dauden gainerako euskal elkarteekin batera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia