euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aurrera darrai Patxi Perezen birak Argentinan: Corpusen tailerrak eta elkartasuna gauzatu ostean, Necocheara iritsiko da ostegunean

2016/11/04

Patxi Perez Tajy Poty komunitateko Ruperta kazikearekin eta eskolako ikasle batzuekin
Patxi Perez Tajy Poty komunitateko Ruperta kazikearekin eta eskolako ikasle batzuekin

PUBLIZITATEA

Geldialdi askotako bira ari da egiten Patxi Perez Iparraldeko dantza-maisua Argentinan. Bere musikariak bildu berriak zaizkio Euskal Herritik, "Patxi Perez eta konpainia" taldea osatuz, eta formato horrekin arituko da ostegunean Necochean, 2016ko Euskal Aste Nazionalaren inguruko ekitaldietan. Birak Buenos Aires, Llavallol, Tres Arroyos eta, geroago, Bariloche ere baitaratzen ditu. Hasiera berezia, baina, Corpus Christin izan zuen, tailerrak, Eusko Etxean, eta elkartasuna tartekatuz Mbya-guaraní komunitateekin.

Corpus Christi, Argentina. Bi eguneko dantza tailerra eskaini zuen Patxi Perez dantzariak Corpus Christiko Eusko Etxean, Argentina ipar-ekialdeko Misiones probintzia txiroan. Aktibitatean erakundeko kide eta lagunek ez ezik, ezohiko deialdiak erakarrita Posadas, Resistencia eta Formosako dantzariek ere hartu zuten parte.

Tailerra Eusko Etxeko 'Atahualpa Yupanqui' Liburutegian burutu zen, bi helburu ezberdinekin: hasi berriei oinarriko urratsak irakastea eta, bestetik, dagoeneko dantzan ari direnei dantza ezagunak hobetzeko aholkuak ematea eta koreografia berri batzuk erakustea. Corpusko Eusko Etxeko lehendakari Olga Leiciagak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “aukera ederra izan da Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxeko lagunekin daukagun harremana sendotzeko". "Are gehiago, hitza eman dugu proiektu batzuk elkarrekin aurrera eramateko". "Bestalde, oinarrizko pausoak ikasita, astero bilduko dira gure etxeko neska-mutilak dantzak praktikatzen jarraitzeko”.

Dantza maisu lapurtarraren lana eta engaiamendua eskertzeko, Eusko Etxeko agintariek opari bi eskuratu zizkioten Perezi: La Mision pelikularen kopia bat eta Olga Leiciaga berak idatzitako  Siembra y cosecha liburua.

Ekimen solidarioa

Bisita honekin Euskal Herrian hasitako proiektu solidario bat gauzatu zuen Perezek Corpus Christin. Leiciagak azaldu digunez, “Eusko Diaspora-Eusko Ikaskuntza elkartekoek dirua bildu zuten hiztegi hirueledunak (guarani-mbyaguarani-gaztelania) eta ikas-materiala erosteko Corpus Christi eskualdeko komunitate indigenetako eskoletan banatzeko. Arazo txiki bat suertatu zitzaigun, hiztegiak eta materiala agortuta daudelako eta, esan digutenez, ez dagoelako oraingoz berriro argitaratzeko asmorik. Beraz, Patxirekin batera erabaki genuen materiala fotokopiatzea eta Yacutinga-ko ‘Tajy Poty’ komunitateko 659. zenbakiko eskola elebidunean hogeita hamar hiztegi eta Leon Cadogan-en Ayvú rapytá izeneko liburuaren beste zazpi kopia banatzea, El árbol de la palabra-ren bi kopia ere utzita".

"Bi liburu hauek oso garrantzitsuak dira Mbyá herriaren hizkuntza eta literatura irakasteko", azaldu digu Leiciagak.

"Geratu den diruarekin beste zenbait hiztegi fotokopiatuko ditugu Yacutinga, Puerto Leoni, San Ignacio eta Aristobulo del Valle herrietako Mbya-Guaraní komunitateetako eskoletara eramateko. Euskal Etxetik esker beroak luzatu nahi dizkiegu diru ekarpenak egin dituzten Euskal Herriko lagun guztiei eta bereziki Patxi Perezi, hemengo gure herriei laguntzeko proiektu honetaz arduratzeagatik. Guztiei, ‘eskerrik asko’!”, adierazi du eskertuta besteen aldeko langile porrokatua den Leiciaga euskal-argentinarrak.

Corpus Christi utzi aurretik, Tajy Poty komunitatea bisitatu zuen Patxi Perezek. Han Ruperta kazikearekin eta eskolako ikasleekin bildu zen. Patxik euskal abesti bat kantatu eta jo zuen txistuarekin eta komunitateko lagunek ere abesti bat oparitu zioten bisitariari, euren ama hizkuntza den mbya-guaranieraz.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia