euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina: EHtik 11 mila kilometrora, mendizerran bizi den Roman Agirrezabal bergararra bertako albistegien eguraldi emaile (ikus bideoa)

2021/06/15

Roman Agirrezabal Osintxuko bergararra, euskalargentinatua, mendian bizi da, behorrez eta naturaz inguratua (arg Noticias 13 San Luis)
Roman Agirrezabal Osintxuko bergararra, euskalargentinatua, mendian bizi da, behorrez eta naturaz inguratua (arg Noticias 13 San Luis)

PUBLIZITATEA

Merlo, Argentina. Urteko lehen elurteak heldu dira Cordoba eta San Luis probintzien artean dagoen Sierras de Comechingones mendikatera eta bertako komunikabideak ‘El Vasco’rengana jotzen dute aurtengo negua nola iritsi den mendira eta nola bizi duten bertan jakiteko. Eta ‘El Vasco’ hori Roman Agirrezabal osintxuarra da, duela ia 20 urte Argentinara etorri eta hemengo paisajeek eta bertako euskal gizataldeek erakarrita geratzea erabaki zuena.

“Bergaran Txuringo Taberna nuen baina 2002an gauzak ez zebiltzan oso ondo eta etortzea erabaki nuen”, kontatu izan digu Agirrezabalek bere bergarar doinuarekin. “Aita zenak bazeukan familia hemen Argentinan; Villegasen, Bedian, Lincoln-en… Baina leku askotan ibili ondoren mendian geratu nintzen, Merlotik gertu, gustukoa baitut hau”, diosku.

Eta mendi puntatik eguraldiaren eta neguaren iristeraren kronikari bihurtzen da bertako albistegiarentzat:


[Roman Agirrezabal bergararra, Merloko Noticias 13 telesaioan]

Romanen etxea, mendi artean naturaren erdian, ez da hotela ezta ostatua ere, baina beti ditu irekita bere ateak bisitariak jasotzeko. “Leku handia daukat jendeak gaua pasa dezan eta beti daukat zerbait prestatuta, otorduren bat eskaintzeko. Hori da ohitura Euskal Herriko mendietan… Orain, pandemiagatik, oso jende gutxi iristen da azken hilabeteotan baina bestela, beti etortzen dira lagunak, tartean baita euskaldunak ere”.

Bere lekura iristeko datuak galdetzean, iristea oso erraza dela esaten digu Romanek. “Herrian (Merlon) edo inguruan ‘El Vasco’ non dagoen galdetu behar duzu eta jendeak erakutsiko dizu bidea. Denek dakite ‘El Vasco’ naizela eta non bizi naizen”.


[Roman Agirrezabal, 2013ko Villa Mariako Euskal Astean presoak etxeratzeko pankarta lagun]

‘El Vasco’ lasai bizi da mendi gailurretan eta oso gutxitan uzten du bere parajea. Hala ere, badu urtero ekinezineko hitzordua, eta hori Argentinako Euskal Aste Nazionalarena da eta saiatzen da ez hutsegiten, bertan Argentina osoko lagun euskaldunekin elkartzen delako; argentinarrekin eta Euskal Herrikoekin. Pertsona  ezagun eta estimatua da Roman Agirrezabal Argentinako euskal etxe eta gizataldeetan!



Komentarioak

  • Roman, fenomenoa

    Hi, Roman, fenomenoa hemen, fenomenoa han. bejondeiala!

    Antton (Bergara, Gipuzkoa), 2021/06/16 13:23

« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia