euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aniztasunean bat, milaka euskal argentinar partaide egin da laugarren ‘Buenos Airesek EH ospagai’ (argazkiak)

2015/05/12

2015eko ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiari hasiera eman zion irudia (argazkia Javier de Aguirre)
2015eko ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiari hasiera eman zion irudia (argazkia Javier de Aguirre)

PUBLIZITATEA

Udalaren babesarekin eta bertako Laurak Bat euskal etxea antolatzaile, 2015eko ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco' (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai) jaialdia egin da, arrakastaz, joan den igandean argentinar hiriburuko Mayo hiribidean. “Egunean zehar hogei milatik gora lagun pasatu ziren jai-gunetik; zalantzarik gabe, orain arteko lau edizioetatik arrakastatsuena izan da hau”, adierazi dio Arantxa Anitua Laurak Bat-eko lehendakariak EuskalKultura.com-i. 

Buenos Aires, Argentina. Aukera paregabea izan zuten joan den igandean Buenos Airesko bizilagunek euskal kultura aurkitu, ezagutu eta gozatzeko. Horixe da ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiaren helburua eta hori izan zuten gogoan antolatzaileek jaia prestatzeko orduan. Eguraldi lagun –iazko euri zaparrak erabat ahaztuta– eta hamaika euskal etxe, erakunde eta elkarteri esker, euskal kulturaren aberastasunaren adierazgarri izan zen berriro ere Mayo hiribidean egindako festa.

Laurak Bat-eko lehendakariaren esanetan, “oso arrakastatsua izan zen jaialdia eta oso pozik gaude". "Batez ere, nire ustez, ekintza hauek oso egokiak baitira hain ezagunak ez diren  gai batzuk mahaigaineratzeko; izan ere, euskal folklorea ezagutaraztea ondo dago; baina azken bolada honetan ari gara lortzen beste gauza batzuk ere erakustea, hala nola Gure Esku Dago dinamikaren aldarrikapena, Francoren garaian gertatutako krimenen kontra dauden kereilak eta euskal presoen aldeko mugimenduak. Gai hauek naturalizatzen ari dira eta hori oso gauza ona da”, adierazi du buruzagi euskal argentinarrak.

Eguerdian hasita eta arratsaldean zehar, aldi bereko ekintza ugari burutu ziren bi agertokietan eta baita kale gorri mailan ere. Hona ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ren laugarren edizioa kari EuskalKultura.com-ek prestatu duen argazki erreportajea:


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia