euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AikoEskola.eus, lehenengo Dantza Tradizional Online Eskola abiatzear: nonahitik ikas ditzakezu euskal dantzak

2020/10/09

"Hasi dantzan! Proba ezazu 15 egun doan!", gonbidatzen dute AIKO Taldeko eta Eskolako lagunek
"Hasi dantzan! Proba ezazu 15 egun doan!", gonbidatzen dute AIKO Taldeko eta Eskolako lagunek

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. 15 urte dantza tradizionalaren irakaskuntzan eta hedapenean buru-belarri aritu ondoren, AIKO Taldea ez dago pandemiaren ondorioz bere jarduera eteteko prest. Zorroztasun eta gizarte erantzukizun irizpideak jarraituz eta osasun agintariek emandako aholkuak betez, 2020-21 ikasturteko aurrez aurreko klaseak eten egin ditu aldi baterako, baina, aldi berean, AIKO Eskola jarri du martxan, euskal dantza tradizionaleko lehenengo eskola digitala.

Musikariek eta dantza maisuek osatutako kolektiboaren ezaugarria, euren ibilbideko hamabost urteetan, proiektu aitzindariak eta berritzaileak bultzatzea izan da: irakasteko duten filosofiatik (AIKO metodoa, progresiboa, naturala eta ergonomikoa, musikaren eta mugimenduaren arteko erlazioa osotasun gisa ulertuta, eta “dantza eginez gozatu, gozatuz ikasi” arauan oinarritutakoa) hasi eta karbono zuntzeko danbor-linea berria sortzeraino, musika bandekin lankidetzan eskainitako erromeria ziklotik (Bandtzaldia) edo jotari buruzko “Jotamentala” dokumentalaren ekoizpenetik igaroz.

Edozein gailutik ikasteko aukera ematen du, klaseak jarraitzeko unea zeuk aukeratuta, eta munduko edozein lekutik

Ildo horri jarraituz AIKO Taldea aitzindari bilakatu da oraingoan ere, hainbat dantzaren  –jotaren, arin-arinaren, mutildantzen eta jauzien, mazurkaren, polkaren, habaneraren edo baltsaren oinarriak plataforma digital batean irakasteko orduan. Edozein gailutik (ordenagailua, ordenagailu eramangarria, tableta edo smartphonea) gainera, bakoitzak klasea hartzeko aukeratzen duen unean, eta munduko edozein lekutik.

Ikastaro birtuala, aurrez aurreko ikastaroak bezala, urritik ekainera egingo da, hastapeneko eta hobekuntzako bi mailatan. Zuzeneko klaseak egongo dira astero, eta horiek tutorial moduan grabatu eta edozein unetan jarraitu ahal izango dira. Berrikuntza gisa, zuzeneko klaseak hiru hizkuntzatan izango dira, plataforma bezala: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Internet bitartez mundu osoko zaleengana heltzeko helburuarekin.

Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskuragarri; asteroko zuzeneko klaseez gain, pausoz-pauso grabatutako materiala eskainiko du; eta Interneten lehen aldiz, mutildantza eta jauzi guztiak

Zuzeneko klaseez gain, plataformak kartara jarraitzeko dantza atala ere badu, dantza guztiak pausoz-pauso azalduta, prestakuntza osatzeko, AIKO Taldeko dantza maisuek grabatuta. Bertan aurkituko dituzu, Interneten lehen aldiz, jauzi eta mutildantza guztiak, eta baita modu argian eta didaktikoan grabatutako dantzako pausoen oso bilduma osatua, praktikatzeko, inprobisatzeko eta koreografia propioak sortzeko. Hau da: Euskal Herriko dantza tradizionala, bere estilo, erritmo eta koreografia ugariekin, pausoz-pauso azalduta.

Gainera, teknologia berriek balio pedagogiko handia duten elementuak sartzeko aukera eman dute. Adibidez, gure mugimenduak eta musika zelan sinkronizatu modu grafikoan eta errazean irakasten duen sistema berritzailea sartu da, eta baita pausoen irakaskuntza hobetzeko beste funtzio pertsonalizatu batzuk ere: musika aldatu barik kamera geldoan edo azkarrean erreproduzitzeko aukera, buklean erreproduzitzea, edo irudiaren 180ºko bira ispilu gisa, ikasleak nahi duena aukera dezan.

Funtzio pertsonalizatuekin: kamera geldoan edo azkarrean erreproduzitzeko aukera, buklean, irudiaren 180oko bira ispilu gisa, edo gure mugimenduak eta musika zelan sinkronizatu erakusten duen sistema berritzailea

Modu berean, eta ezohiko jarduera gisa, Aiko Eskolak ikastaro monografikoak eta maisu-klaseak ere eskainiko ditu, dantza tradizionalaren arloan ospe handia duten espezialisten eskutik, hala nola Oier Araolaza, Aingeru Berguices, Vanesa Castaños, Nagore de las Cuevas, Pedro Elosegi, Josu Garate, Iñaki Goirizelaia, Aritz Ibáñez, Iñaki Irigoien, Claude Iruretagoyena, Jon Iruretagoyena, Jon Maya, Gari Otamendi, Arkaitz Pascuas, Pantxika Telleria edo Ines Uriarte.

Ikasturte berrirako matrikula zabalik duen AIKO Dantza Eskola Digitalak urriaren erdialdean hasiko ditu lehenengo klaseak. Matrikula urte osokoa da, eta 160€ balioko ditu (19 €-ko hileroko kuota ordaintzeko aukera ere badago). Izena emateko izapideak eta ordainketa aikoeskola.eus webgunean egin daitezke.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia