euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

AEBko Euskal Kantari Eguna 2021 birtuala izango da: pentsatu duzu euskal kantu bideo bat grabatu eta bidaltzea?

2021/06/23

Maurice Negueloua euskal-kaliforniarra bere alabatxoarekin euskaraz kantari Euskal Kantari Egunean
Maurice Negueloua euskal-kaliforniarra bere alabatxoarekin euskaraz kantari Euskal Kantari Egunean

PUBLIZITATEA

Gardnerville, AEB. Minden-Gardnervilleko (Nevada) "Mendiko Euskaldun Cluba" 40 urte betetzen ari da aurten, 1981ean Anita Izoco eta Jeannette Fernandezek sortu zutenetik euskal ondare eta tradizio handikoa den eskualde honetan. 1988tik aurrera, urteroko Piknikarekin batera NABO "Kantari Eguna" ospatzen hasi ziren, eta gaur egun Rocklin-eko Iparreko Ibarrarekin partekatzen dute. Pandemiaren karietara hainbat saio kantzelatu diren honetan, Kantari Egunak aurrera egitea erabaki zen, modu birtualera ekarriz, Mikaela Goicoechea NABOko Musika zuzendaria koordinatzaile.

Mikaela, Wyoming-eko Rock Springs-en jaioa da eta aita bertsolaria (Nafarroako gorritiar wyomingeratua) eta ama musikaria ditu. Kantaria eta kantuzale eta musikaria da eta bukatu berria du Arizonako Unibertsitatean bere gradua musika irakasle gisa. NABO Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen Federazioko Musika Egitarau zuzendaria ere bada eta, konfinamendu garaian Foku Musikala bultzatu zuen, euskal abestiak eta euskal musikari buruzko baliabideak zabaltzeko xedearekin AEBan.

"Mendiko Euskaldun Cluba" EEarekin batera, Kantari Egun birtuala ekoiztea erabaki dute. Hauxe da proposamena: kantatu nahi dutenek, musika tresnaren bat jotzen dutenek edo euskal musika maite duenek euskal kantu bat graba dezakete eta bideoa music@nabasque.eus helbidera bidali. Jasotako materiala hautatu, editatu eta azken produktu batera bilduko du Mikaelak, AEBko euskal kantuaren festa herrikoi honen edizio birtuala egin ahal izateko.

Bideoak bidaltzeko epea ekainaren 30ekoa bazen ere, malgutasunez hartuko da. Anima zaitez eta bidali zeure bideoa!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia