euskal diaspora eta kultura

2009/06/03
Euskal Amerikar Diasporaren Eztabaidagunea sustatzen duten kideak oharra plazaratu dute euren ekimenak orain arte egin duen bidearen balantzea aditzera emanez: 'Betegarri' baina 'inola ere nahikoa' izatea iritzi diote euren lanari. Cesar Arrondo, Gloria Zuazu, Jose Domingo Ormaetxea, Mariana Fernandez Castelli eta Santiago Bereciartuak argiro adierazi dute 'gogoeta gune berriak sortzeko' euren xedea, 'talde abertzale soberanista gisa proposatutako tailerren bidez'.
2009/06/02
EuskalKultura.com-ek Arantzazu Amezagaren 'La txalupa de Radio Euzkadi' liburua zozketatuko du bere irakurleen artean. Liburuak, frankismo garaian Venezuelatik Euzkadi Irratiak egiten zituen emanaldien historia egiten du, idazlea beraren eta bere senar izan zen Pello Irujoren ekimenarekiko ekarria errepasatuz. Zozketan parte hartu nahi dutenek, aski dute e-mail bat bidaltzea euren izena eta helbidea ipinita. Bestalde, aldaketa baten berri harpidedunentzat: gaurtik hasita, buletinaren bidalketa goizeko 6etara aurreratu da, Euskal Herriko ordua. Erabakia hartzerakoan, irakurleen iritzi eta iradokizunak hartu dira gehienbat kontuan.
2009/06/02
New Yorkeko Carnagie Hall aretoak, hiri iparamerikarreko auditorio ezagunenetariko batek, ateak irekiko ditu ostegunean bi euskal artistentzako, Ana eta Idoia Uribarri ahizpentzako. Ana bibolinjolea da eta Idoia aldiz pianojolea, eta elkarrekin ganbera musikako bikote esperientziaduna osatzen dute. New Yorken eskainiko duten egitaraua Joaquin Turina, Igor Stravinsky, Manuel de Falla eta Maurice Ravel maixuen lanek osatuko dute. Emanaldia 20:00tan hasiko da, Carnegie Hall-eko Weill Recital Hall aretoan.
2009/06/02
Hamar urte egin ditu Argentinako Tres Arroyos hiriko Hiru Erreka Euskal Etxeak, hamarkada oso bat paraje hauetara heldu ziren euskal emigranteen ondarea zabaldu eta euren ondorengoei Euskal Herriarekin lotura mantentzen laguntzeko engaiamenduarekin. Joan den maiatzaren 17an elkarteak urteurrena ospatzeko lagunarteko bazkari jendetsua egin zuen elkartearen egoitzan. Bazkideak harro agertu ziren eginiko bidearekin eta beste horrenbeste egiteko asmoa agertu zuten.
2009/06/01
Urteko Ohiko Batzar Orokorra egin du Necocheako Euzko Etxea-k eta, espero zitekeenez, bildutakoek euskal elkarteko buruzagitzan urte asko daraman Felipe Muguerza hautatu dute berriz lehendakari. FEVAko presidente ere izana den Mugerzarekin batera honako hauek arituko dira agintealdi berrian Zuzendaritza Batzordekide: Jose Antonio Alustiza, lehendakariorde; Ricardo Esnaola, idazkari; Mirta Garrido, idazkariorde; Horacio Yacomini, diruzain; eta Jose Luis Picardi diruzainorde, besteak beste.
2009/06/01
Zazpigarren urtea bete du Argentinako Rosarion, bertako Zazpirak Bat Euskal Etxeak sustatu eta gauzatuta bertako uhinetara astero jalgitzen den 'Euskaldunaren Hitza' irratsioak. Emankizuna Zazpirak Bat-en iritzi eta pentsamoldeen adierazle da eta asteazkenero entzun daiteke eguerdiko ordu batetik ordu biak arte LRA5 Radio Nacional Rosario irratiaren bidez AM 1300 eta FM 104,5 maiztasunetan, zuzenean, baina baita ondotik ere errepikatua astebetez Zazpirak Bat-en webgunean.
2009/05/29
1875ean Euskal Herria utzi eta Argentinara emigratu zuen Alza-Elosegi familiako lehenengo kideak, Pedrok, ez zuen batere pentsatuko 134 urte geroago bere eta bere senideen ondoko argentinarrek familia izpirituari eutsi eta urtero biltzeari ekingo ziotenik. Joan den maiatzaren 10ean, Irungo baserri batean jatorria duen familia honetako adar argentinarrak bere III. bilkura egin zuen, 170 bat pertsona bilduz. Guztiak, Pedro, Juan Mari, Francisco, Gabriela Josefa eta Manuel Alza Elosegiren ondokoak ziren, hiru lehenak Ameriketara etorriak, eta bi azkenak Irunen gelditua, nahiz eta euren seme-alabetako batzuk geroago Argentinara etorriko ziren.
2009/05/29
'Euskaldunen ordua' da astero Nekane Olazar-ek Buenos Aires probintzia argentinarreko General Villegas herritik aireratzen duen ordubeteko euskal irratsaioaren izena. Ostiral arratsaldero, lauetatik bostetara, euskal argentinar gizataldeko kide dinamiko honek mikroa hartu eta inguruko euskaldun eta ez euskaldunei zuzentzen zaie Euskal Herriaz, euskal kulturaz eta euskal errealitateko hainbat alderdi aipatuz. Joan den astean, esaterako, egungotasunak agintzen zuen, eta 'Villegasko Euskaldunak' Euskal Etxean egun batzuk lehenago izaniko hauteskundeez mintzatu zitzaien, programara ekarri zuelarik Diego Tellechea, elkarteko lehendakari hautatu berria.
2009/05/28
Joan den igandean, maiatzaren 24an, hil da Arrecifes-en Elsa 'Mimí' Moisello Zabaleta, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko engaiamendu handiko kide eta azken urtean bertako idazkaria izan dena. "Mimik, txikitan, ez zuen Euskal Etxeko ekimenetan parte hartzeko aukerarik izan", azaldu diote bere lagunek EuskalKultura.com-i. Horregatik, "duela hamar bat urte Euskal Etxera hurbildu zen eta gogo handiz hasi zen lanean Zuzendaritza Batzordean. 'Txiki Zaharrak' izeneko helduen dantza taldean sartu zen, eta baita euskara klaseetan ere." Lagun ugari zeuzkan pertsona, Euskal Etxeko kideek azken agur hunkigarria eman diote herriko kanposantuan joan den astelehenean hain lagun maitagarria izandakoari.
2009/05/28
Zuzendaritza Batzordea berritu du La Platako Euzko Etxeak. Barne araudiek diotenaren arabera eginiko Ohiko Biltzar Orokorrak, elkartearen baitan eginiko hauteskundeen ondotik, orain arte lehendakari izan den Javier Clua hautatu du berriz ere lehendakari. Berarekin batera arituko dira besteak beste Zuzendaritza Batzordean Jorge Batiz, lehendakariorde; Jose Orbaiceta, idazkari; Maria Fernanda Astigarraga, idazkariorde; Miren Torre, diruzain; eta P. Pulido, diruzainorde.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus