euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boise State Unibertsitateak "Zuretzako" filme idahotarrarekin ospatu zuen Ama Hizkuntzen Eguna

2012/02/23

"Zuretzako" filmeko protagonistak, luzemetraiaren irudi batean (argazkia zuretzakofilm.blogspot.com) Boise State University-ko Euskal Ikasketa Programak Ama Hizkuntzen Eguna ospatu zuen atzo, "AEBetan euskaraz errodatu den lehen filmea"ren emanaldiarekin. Zuretzako du izena luzemetraiak eta Javi Zubizarreta boisetarrak zuzendua da. Idahon artzain dabilen euskaldun baten eta bere semearen arteko harremana da filmearen muina. Zuzendariak berak aurkeztu zuen lana eta ondoren ikusleekin solasaldi bat gidatu zuen Joseba Gabilondo zinema adituak. Ama Hizkuntzen Eguneko ekimenak osatuz, Erausoko Katalinari buruzko hitzaldia emango du bihar Basque Museum-en Eva Mendieta unibertsitate irakasleak.

Gehiago irakurri...


Argentinako euskal bitxigintza: eskulan tailerra eta opariak egiteko aukera Silvia Azpiazuren eskutik

2012/02/23

Euskal bitxien Azpiazuren katalogoa (xehetasunak ikustego, egizu klik argazkiaren gainean) Silvia Azpiazu euskal-argentinarra da, Lapridakoa, eta bertoko Lagunen Etxea-n euskal bitxigintza kontzeptualari buruzko tailer bat eman zuen iaz. Aurten ikastaroaren bigarren zikloa eskainiko du eta iazko eskoletako parte-hartzaileek egindako piezak martxoaren 24an erakutsiko ditu Coronel Pringles-eko Eusko Biltzar Euskal Etxean. Egiten ikastea baino, bitxiak oparitzeko prest eskuratu nahi dituztenentzat, internet bidez eros ditzakete bere euskal bitxiak edo, zuzenean, Buenos Aires hiriburuko Virrey Loreto kaleko 2650 zenbakian daukan lantegian.

Gehiago irakurri...


San Nicolaseko Euskal Etxeak zuzendaritza berritu du: Damian Cebey berrautatu dute lehendakari

2012/02/23

Damian Cebey lehendakari berrautatu dute San Nicolas de los Arroyos herriko Euskal Etxean, Buenos Aires probintzia argentinarrean (argazkia EuskalKultura.com artxiboa) Argentinako Buenos Aires probintzian, zuzendaritza berritu du San Nicolaseko Euskal Etxeak. Araudiak finkatutakoari jarraiki egindako Urteko Ohiko Batzarrean Damian Cebey berrautatu dute lehendakari. Berarekin batera arituko dira besteak beste José Alejo René Mariezcurrena, lehendakariorde; María de los Ángeles Domenech, idazkari; María Elena Totorica, idazkariorde; María Teresa Aramburu, diruzain; Ana María Erausquin, diruzainorde; eta María Teresa Aramburu, agirietako idazkaria.

Gehiago irakurri...


Boiseko Euskal Museoak milioi eta erdi dolar bildu nahi ditu erronka eta egitasmo berriei aurre egiteko

2012/02/22

Adelia Garro Simplot, Museoko eragilea; Patricia Lachiondo, Museoko presidentea; Dave Bieter, Boiseko alkatea; Guillermo Echenique eta Patty Miller atzoko ekitaldian Boiseko Basque Museum & Cultural Center-ek 'Expanding Horizons' izeneko kanpaina aurkeztu zuen atzo Idaho estatuko hiriburuan. Kanpaina honekin milioi eta erdi dolar bildu nahi ditu egitasmo berriei ekin ahal izateko. Kanpainaren aurkezpen publikoaren aurretik museoak erakundeko lagun eta kideen artean 750.000 dolar bildu ditu jada. Aurkezpenean izan zen Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, EAEko gobernuaren babesa erakusteko. Echeniquek museoak euskal kultura zabaltzen egiten duen lana goraipatu zuen.

Gehiago irakurri...


Euskal etxeetan emanaldiak egin nahi dituzu? Balia ezazu 2012ko kultur biretarako laguntza deialdia

2012/02/22

Gose taldeak San Frantziskoko Basque Cultural Center-en eman zuen kontzertua iazko azaroan; bira kulturaletarako deialdiaren laguntzarekin Euskal artista, dantzaria, musikaria, kirolaria... bazara eta Diasporako euskal etxeetan zure lana aurkeztea amestu baduzu inoiz, oraintxe duzu lanean hasi eta guraria betetzeko aukera. Edota euskal etxe batekoa bazara, eta Euskadiko artistak zurera ekarri nahiko bazenitu, hauxe duzu aukera. Aste gutxi falta dira Jaurlaritzak aurtengo 'kultur biren' deialdia argitara eman dezan (martxoaren 14an argitaratuko da Diasporan euskaldunak bizi diren lurraldeetan bira kulturalak sustatzeko diru-laguntza deialdia, 60.000 euro banatzeko) eta gakoa, urtero bezala, artisten eta euskal etxeen interesak nola bildu eta uztartu da, elkarren informazioa garaiz helaraziz elkarri. Ea horretan laguntzerik badugun.

Gehiago irakurri...


Cañuelaseko Denak Bat-en eskutik, VI. Dantzari Topaketa martxoaren 31 eta apirilaren 1ean gauzatuko da

2012/02/22

Cañuelaseko dantzariek Batelera egin zuten 2011ko Dantzarien Topaketan (argazkia EuskalKultura.com) 'Aberri Eguna' eta 'Cañuelas' izenak banaezinak bihurtzen ari dira Argentinako euskal egitarauan. Aurten, eta seigarren urtez jarraian, euskal etxe askotako gazte dantzari eta kidek hartuko dute parte Denak Bat-ek antolatzen duen Aberri Eguneko elkarretaratzean. Izan ere, biltzeko deia plazaratu du jadanik Cañuelasko euskal etxe antolatzaileak. VI. Dantzarien Topaketa 2012ko martxoaren 31 eta apirilaren 1ean izango da eta aurrekoetan bezala, hainbat euskal dantza talderen emanaldia --komunitate osoari begirako ikuskizuna-- herriko San Martin Plazan gauzatuko da. Hona programaren xehetasunak eta voucherren prezioak.

Gehiago irakurri...


Idahok eta Euskadik hitzarmena sinatu dute euskal eta idahotar enpresen artean lankidetza sustatzeko

2012/02/21

Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia, eta Brad Little, Idahoko Gobernadoreordea, hitzarmena sinatzen atzo Boiseko Kapitolioan Lankitza-hitzarmena sinatu zuten atzo Boisen Guillermo Echeniquek, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiak, eta Brad Little-ek, Idaho estatuko Gobernadoreordeak. Hitzarmen honen bitartez bi lurraldeetako enpresen arteko lankidetza sustatzeko bideak bilatuko dira, batez ere energia berriztagarrien eta teknologia berrien alorretan. Akordioak, gainera, aurreikusten du Boisen Euskadiren bulego bat irekitzeko aukera.

Gehiago irakurri...


Giro bikaina eta urte osorako proiektuak Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko laugarren edizioan

2012/02/21

UVV-ren ikasle eta irakasleak 2012ko ikastaroaren amaieran (argazkia EuskalKultura.com) Bertako Euskal Echea Institutua bultzatzaile eta babesle nagusi garatu dira Buenos Aires hiriburuan 2012ko UVVren (Universidad Vasca de Verano) eskolak. Ikastaroa otsailaren 6tik 17ra luzatu da, aurreko edizioetan bezala ikasleek egindako idazlanen aurkezpenekin eta publiko osoari zuzendutako hitzaldi eta brindis batekin amaitzeko. Urteko lehenengo ekitaldi nagusi hau bukatuta, plan anitz dituzten UVVko arduradunek 2012rako, tartean euskarari eta Nafarroaren historiari buruzko ikastaroak eta edizioko idazlanak bilduko dituen liburuaren aurkezpena Buenos Aireseko Liburu Azokan.

Gehiago irakurri...


Maider Lopez artista donostiarraren 'Polder Cup' erakusketa ikusgai da New Yorken martxoaren 10a arte

2012/02/21

Zanga artean jokatu zen Polder Cup interbentzioaren argazki bat Nazioartean izena ari da egiten Maider Lopez artista euskalduna (Donostia, 1975) eta ibilbide motz baina aberatsean mundu zabalean egin ditu jada hainbat erakusketa eta interbentzio: Shanghai, New York, Erroma, Rotterdam eta baita Euskal Herrian ere, besteak beste. Azken erakusketa New Yorken du ikusgai donostiarrak, Brooklyn-go Internacional Studio & Curatorial Program (ISCP) delakoan. Bertan egongo dira martxoaren 10a arte 'Polder Cup' bere interbentzioko argazki eta bideoak: zanga eta ubide artean jokarazi zuen futbol txapelketa bitxi eta orijinalaren emaitza.

Gehiago irakurri...


Amets Arzallus eta Julio Sotok bertso-saioa egingo dute gaur AEBetako Stanford University-n

2012/02/21

Amets Arzallus bertsolari hendaiarra Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariek saioa egingo dute gaur arratsaldean Stanford-en, unibertsitate entzutetsuko Euskara Programak antolatuta. Emanaldia bertsolaritzari buruzko ekitaldi baten barruan egingo dute: 'Bertsolari' dokumentalaren trailerrarekin hasiko da arratsaldea, eta ondoren bertsoei eta bapatekotasunari buruzko mahaingurua egingo da. Saioa bertsoekin bukatuko dute Arzallusek eta Sotok. Ekitaldiaren antolatzaile da Iñaki Lopez de Luzuriaga, Stanfordeko euskara irakaslea eta Etxepare Euskal Institutuak saioa babestu du.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia