euskal diaspora eta kultura
2014/09/22
Hamaikagarren domina eskuratu zuen igandean Mexikoko selekzioak, frontenis kategorian garaipena lortuz. Seigarren urrezko domina horrekin sailkapen orokorrean garaile postua lortu du Mexikoko taldeak. Bigarren postua espainiar estatuko selekzioak eskuratu zuen, urrezko lau dominarekin eta orotara 13 domina zituela, eta hirugarren frantziar estatuko taldea izan zen, urrezko bi dominarekin (guztira hamaika domina).
2014/09/22
Viedmako eta Carmen de Patagoneseko euskal gizataldeak biltzen dituen 'Beti Aurrera Aberri Etxea' berriro ere izan da Euskal Herriaren ordezkari eta erakuslehio Patagoniaren eta Buenos Aires probintziaren bilgune den eskualdean eta ondo baino hobeto bete zuen lan hori Rio Negro probintziako hiriburuan egindako Kolektibitateen Festan. Hiru egunetan zehar luzatu zen jaialdian, elizkizunetan, Sukaldaritza Gunean eta Ikuskizun artistikoan partaide izan ziren euskal etxeko kideak, ikurrina eskuan. Ikuskizunean, dantzak eta abestiak eskaintzeaz gain, ‘euskal estanpa’ oparitu zioten publikoari.
2014/09/19
Iaz zertxobait behera egin bazuen ere, berriz ere egin du gora Ipar Ameriketako euskal etxeetako euskara ikasleen kopuruak seihilabeteko honetan. NABOk irakasle berri baten premia dauka orain Seattle, Washingtonen. Irakasle berriak lortzeko orduan, argi da Euskara Munduan programa erabakigarria ari dela izaten, NABOko euskara koordinatzaile Itxaso Cayerok Euskalkultura.com-i esan dionez.
2014/09/19
Euskal pilota jokoa munduan zehar ezagutaraztea omen zen “Fronton” bideojokoaren helburua, eta bide horretan bikain ari dela esan daiteke, dagoeneko 200.000 deskargatik gora izan baititu. Bainet ekoiztetxeak sortu zuen aplikazioa, eta Bizkaiko Pulsar Concept estudioa izan zen garapenaren arduraduna. Jolasa doakoa da eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez erabil daiteke. “Fronton”-en sartzen denak Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea edo Mikel Urrutikoetxea bezalako jokalariak aukera ditzake eta frontoi ezagunetan jokatu. Denbora pasa ederra Mexikoko Munduko Pilota Txapelketako emaitzen zain gauden bitartean (igandean amaituko da, eta astelehenean emango dugu hango berri).
2014/09/19
Hasi berria den ikastaroko bigarren klasea bihar izango da, irailaren 20an, arratsaldeko 2:30etan. Aktibitatea doan da eta Euskara Munduan programaren barruan garatuko da, Azulgo Gure Txokoa euskal etxeko irakasle den Elisabet Echegaray arduradun. Asteburu honetan ere, baina ostiral gauean, Udaberriaren hasiera ospatuko dute Olavarriako euskaldunek afari-ikuskizun batekin.
2014/09/18
Liburua AMESen (Esteban Semino Museoaren Lagunen elkartearen) hirugarren argitalpena da eta Argentinako General Las Heras herrira iritsi ziren euskal familien istorioak batzen ditu euren ondorengoek bildutako informazioan oinarrituta. “Euskaldunak Las Heras-en” lanak argazkiak eta Carlos Moreno arkitektoaren irudiak ere badakartza. Hitzaurrea, berriz, Mikel Ezkerrok egina da.
2014/09/18
Euskal Herriko Argitaritzaren Aldizkariak (EHAA) atzo eman zuen Euskal Etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzeko Dekretuak izango dituen aldaketen berri. Aldaketa hauen argitalpena aurtengo deialdiaren argitalpenaren aurreko pausoa da. Aldaketak indarrean dira gaurtik aurrera, eta euren helburua, besteak beste, diru-laguntzen balorazio- eta hautaketa-irizpideak hobeto zehaztea da, testuak azaltzen duenaren arabera. Euskal Etxeentzako diru-laguntzen 2014ko deialdia datozen asteetan argitaratzea espero da.
2014/09/18
Bere lanean oso gustura ari dela dioski. Eguna, radiografia eta zintigrama artean pasatzen du. Hori baita Txilen 'medikuntza-teknologoa' deitzen dutenen zeregina: azkerketak egitea, emakumeei bereziki, neurtzearren zein den euren egoera minbiziari dagokionez. Euskara da bizitzan gustura ibilarazten duen beste alorra.
2014/09/18
Gure Txokoa euskal etxeak gonbidaturik, euskal kulturari buruzko tailer trinkoa eskaini zuen Mariana Fernandez Castelli irakasleak Buenos Aires probintzia argentinarreko Azul herrian. Ekintzaren programa oso zabala izan zen, historiaurretik hasita gaur egun arte, anitz gai barne. Berri honekin batera, Udaberria ospatzeko ‘Mateada'ra gonbidatzen du euskal etxeak, datorren igande honetan, Udal parkean dagoen Gernikako Arbolaren kimuaren gerizpean.
2014/09/17
Bide luzea du egina Begoña Echeverria euskal-kaliforniarrak akademia munduan. Soziolinguistika, linguistika historikoa, antropologia eta hezkuntzari buruzko hamar gehi bat artikulu idatzi ditu eta, azkenengoan, “euskal kantutegian eta hamazazpigarren mendeko Inkisizioaren paperetan sorginak nola aurkezten diren” konparatzen du, Euskalkultura.com-i esan dionez. Baina, antza, bazuen gai horretaz zer gehiago kontatu. Izan ere, horren gainean idatzi baitu bere lehenengo nobela.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus