euskal diaspora eta kultura
2016/03/21
Zozketa berria abiarazi zuen EuskalKultura.com-ek joan den astean. Zozketagai, liburu bat (ingelesez) "Modern Basque History", Cameron Watson-ena; eta Iparraldetik datozkigun hiru musika CD: Kalakan hirukotearen "b_aldeak"; "Arbailan", Xiberoko ahots onenen sormen lan dagoeneko klasikoa; eta "Euskal kolore", zenbait kantari eta talderen kantu hautuen bilduma. Ohi bezala, parte hartzeko, email bat bidaltzea besterik ez.
2016/03/21
Euskararen egoera Argentinan, Argentinan Euskaraz programa hasi baino lehen eta programa abiatu zenetik gaur egun arte aztertzen duen liburua Buenos Aireseko Liburu Azokan egongo da eskuragarri, bertako Euskal Standean. Urtean zehar, gainera, euskal etxeetan ere aurkeztuko da liburua. Liburua zeure euskal etxean aurkezteko, aski da hala eskatzea FEVAra, egilearekin ados (ikus erreferentziak). Aurkezpenen ibilbidea Argentinan zehar, eskabideak osatzen joan ahala plazaratuko da.
2016/03/21
Maiatzean Hegoamerikan izango dira Fermin Muguruza eta Albert Pla musikariak "Guerra" ikuskizunarekin eta emanaldiak egingo dituzte Bogotan, Santiagon, Montevideon eta Buenos Airesen. Musika eta antzerkia uztartzen ditu ikuskizunak, gudari buruzko hausnarketa bultzatuz. Hegoamerikako bira labur hau hasi aurretik, Madrilen eta Zaragozan izango da ikuskizuna.
2016/03/18
Hitzarmenari esker, La Platako Euzko Etxeko haurren rugby eskolak Iparraldeko Klubeko logoa eta kamiseta erabili ahal izango ditu. Etorkizunari begira, bi erakundeen arteko jokalari-trukeak ere egingo dira akordioaren baitan. Berri honekin batera, Euskal Etxean egiten diren aktibitate guztietako erakustaldi bat iragartzen du Euzko Etxeak La Platan.
2016/03/18
Carolina Minaberry (Lincoln, Buenos Aires probintzia, 1972) psikologoa da Argentinan eta egun hauetan Euskal Herrian izan da hilabetez eta besteak beste gogoratu zaizkio eta berritu ditu 18 urte zituenean bere aitaren herrialdera euskara ikastera etorri zenekoa, baita gerora ere 2002an bere senar eta haurrekin lau urtez Angelun bizitzeko egin zuen hautua, eta berehala, 2003an, EGA euskara titulua atera zuenekoa. Argentinan jaiotako euskalduna izanik, Euskal Herrian jaiotakoen euskara irakasle izan zen zenbait urtez, egun Tandilen bizi den emakume euskal-argentinarra.
2016/03/17
Behin eta berriro galdetu digute eta artikulu honetara biltzea pentsatu dugu. Noiz dira 2016an Estatu Batuetako eta Argentinako euskal elkarretaratze nagusiak diren Euskal Argentinar Aste Nazionala eta NABO Biltzar eta Festa? Kronologikoki hasita, Estatu Batuetako euskal festa hori, uztailaren 2-3an izango da aurten, Chinon (Kalifornia), Southern California Basque Club-ek antolatua. Eta Argentinako Euskal Astea, azaroaren 11-13an, Necochean, bertako Euzko Etxea antolatzaile. Baina bada gehiago.
2016/03/17
Gaur hasiko da Frantzian Nanteseko 26. Zinemaldia eta bertan, ohi bezala, euskal zinemak leku berezia izango du, Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen La Fenetre Basque (Euskal Leihoa) sail bereziari esker. Aurten bi euskal luzemetraia lehiatuko dira sail nagusian: "Amama" eta "Lejos del mar". Horrez gain, Opera Prima sailean ere beste bi euskal lan izango da ikusgai: Lara Izagirreren "Un otoño sin Berlín" eta Ben Sharrock eskoziarraren "Pikadero", Euskal Herrian eta euskaraz egina!
2016/03/17
Partaidetza nabaria izan du aurten ere Euskal Odola Euskal Etxeak Ayacuchoko Txahalaren Festa Nazionalean, Buenos Aires probintzia argentinar barrualdean. Alde batetik, euskal elkartea Festako Erregina izateko hautagaien aurkezpenaren egoitza izan zen. Bestetik, euskal ohiko irudi batzuk ekarri zituen landa eta nekazal alorreko tradizioen inguruan antolatzen den festa oihartzuntsu honen desfilera: ardo zahato erraldoi bat eta dantzariek osatutako karroza. Ikus argazki galeria.
2016/03/16
Auzo bilkura egin zuten Emmett-en (Idaho) astelehen arratsaldean, lau ikertzailek, Toni Berria, Patty Miller, Connie Urresti eta Carolyn Ruby-k, deituta. Komunitate Ikerketa Talde hau informazio garrantzitsua ari da biltzen, azken mendeari dagokiona, Idahon eta Oregonen bizi izan diren euskaldunen inguruan. “Historia oso eta osatu bat nahi dugu egin”, azaldu dio Berriak EuskalKultura.com-i. “Zergatik etorri ziren euskaldunak, zer egin zuten... hori da jakin nahi duguna. Baina, oroz gain, nahi dugu jakin nola gura duten beren burua agertu”.
2016/03/16
Azken hilabeteotan New Yorkeko Euskal Etxeak bere egoitzan berriztatze lan handia egin du eta azkenik emaitzak ikusten hasi dira. Lanen bigarren fasea amaituta, elkarteak bazkideei deia egin die egoitza txukundu eta obren arrastoak garbitzera joateko. Martxoaren 19an da deia eta Aberri Eguneko festarekin, martxoaren 27an, estrenatuko dituzte instalazio berriak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus