euskal diaspora eta kultura

2011/05/03
Joan den apirilaren 24an ospatu da Aberri Eguna Euskal Herrian zehar eta Hego Ameriketako hainbat euskal etxe eta elkartek bat egin zuten euskal herritarrekin efemeride berezi hau aldarrikatzeko. Argentina eta Uruguaiko herrietako plazetan edota euskal etxeetan Pazko igandetik hona egindako ekimen anitzen berri heldu zaigu. Hona hemen, Bahia Blanca, Las Flores, Laprida, Cordoba eta Montevideon gauzatu diren ekintzen laburpena. Bihar bigarren partea.
2011/05/03
Rio Cuartoko 'Gure Ametza' euskal etxe argentinarrak euskal kultura zabaltzen darrai, Cordoba probintziako bazter honetan. Joan den ostegunean elkarteak Euskal Laburmetraien 4. Emanaldia eskaini zuen eta Kimuak programaren zenbait labur erakutsi zituen Teatrino de La Trapalanda aretoan, bertan dagoeneko finkatua eta jarraitzaileduna den ekimenbatean. Aurtengoan ere, emanaldiek zinemazale talde polita bildu zuten. Halaber, Rio Cuartoko Unibertsitateko Komunikazio ikasleek zine lantegi bat egin zuten laburmetraien karietara.
2011/05/03
Nafarroako Gobernuak, atzoko bileran, Nafarroako Karlos III.a Prestuaren lau gurutze ematea erabaki zuen. Kondekorazioa, 1997an Foru Gobernuak eratua, "Nafarroaren aurrerapena indartzen eta Foru Erkidegoa kasuan kasuko jardueren bidez atzerrira zabaltzen lagundu duten pertsona eta erakundeen meritua azpimarratu eta jendearen aurrean aitortzeko", Crisanto Ayanz Argentinako eta Txileko Zentro Nafarren federazioko presidenteari eman zaio; eta berarekin batera hiru erakundek --Elikagai Bankuak, Esku Elkartuak kanpainak eta Gizakia Helburu fundazioak-- erkidego nafarrean dituzten ordezkaritzei.
2011/05/03
Erretiroa hartzekotan da Valladolid-en (Espainia) Jose Luis Aramayo, ibilbide luzeko kirolaria, Bizkaiko Ondarroan jaioa, 4 urte zituela familiarekin Argentinako La Platara aldatua eta bertan hazia. Buenos Aires probintziako hiriburuan ekin zion kirol karrerari, La Plata Deportiboan, Atenas Klubean eta La Platako selekzioan, ondoren Europara itzuli eta zenbait taldetan aritzeko, lehenik atezain eta masajista ondoren. "La Platara iritsi nintzenean erdararik ez nekien, euskaraz bakarrik. Han 'argentinera' ikasi nuen", dio, La Platan bi anaia, lau iloba, hiru iloba txiki eta lagun asko dituela azaltzen duen bitartean.
2011/05/02
Corpus Christi-ko Eusko Etxea-k, Argentina iparraldeko Misiones probintzian, ekitaldi batera deitu du gaur astelehen arratsalderako, euskal etxeak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eraiki duen eraikina emango baitio Tavá Mirí Komunitateari, mbya guarani komunitateen eskola izan dadin. Horretarako, Argentinan da Iñaki Galdos Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Ekintza eta Kirol diputatua, bertatik egindako gonbiteari erantzunez. Galdos iragan aste amaieratik dago Argentinan eta larunbatean, izan ere, La Platatik segitu zuen, bertako Realaren Peñako kideekin, talde gipuzkoarrak eta Bartzelonak jokatu zuten futbol partida, Reala garaile, 2-1 emaitzarekin.
2011/05/02
Patinez, txirringaz, oinez eta nola ez, korrika, ibili ziren hirian zehar Necocheako euskaltzaleak euskararen aldeko jaia ospatzeko. Korrikaren 17. edizio honetan, Euzko Etxea-ko kideek bat egin zuten Euskal Herriko 'euskalakariekin' eta eskuz esku pasatu zen lekukoaren mezua irakurri zuten ibilaldiaren bukaeran euskal etxearen egoitzaren aurrean. Pazko igandean, berriz, hiriko Dardo Rocha plazan bildu ziren Necocheako euskaldunak, oraingoan Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketa oroitzeko. Hona hemen argazki eta bideoak.
2011/05/02
2011/05/02
Joan den ostegunean, apirilaren 28an, Urteroko Batzar Nagusia egin zuen Paraguain, Asuncion hiriburuko Jasone Euskal Etxeak. Bildutakoek iazko balantzea aztertu eta onetsi zuten eta baiezkoa eman zioten Galo Eguez buru duen Zuzendaritza Batzordeak aurkeztutako kudeaketa-lanari. Hilabete barru, ekainaren lehenengo egunetan euskal etxeak aurreneko aldiz antolatuko duen Euskal Kultur Astea ere hizketagai izan zen, baita elkarteak ematen dituen euskara eskolak, eta ekimen berriak garatzeko posibilitateak, besteak beste, gazteak erakartzeko asmoarekin.
2011/05/02
Oldarra abesbatza Quebec-en da gaur, Kanadako probintzia frantses honetan hiru kontzertuko birari ekiteko. Lehenengo emanaldia gaur bertan egingo dute biarriztarrek, eta bigarrena etzi asteazkenean, Quebec hiriko Antzoki Nagusiko aurtengo musika denboraldia itxiz. Bost eguneko bira laburra bukatzeko, ostegunean Montreal inguruan dagoen Repentigny herrian ariko dira eta, agian, baita Euskaldunak Euskal Etxean ere.
2011/05/02
Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Guillermo Echenique, bisita ofizialean izan da apirilean Mexikon eta Kolonbian. Bidaia hauekin bi herrialdeekin eta bertako euskal gizataldeekin harremanak sendotzea izan da helburua. Mexikon, Echeniquek Sukalde eta EmpreBask elkarteen aurkezpenean hartu zuen parte, eta Euskal Etxean izan zen, Lourdes Arrechea presidentak gonbidatuta. Kolonbian Bogota eta Medellineko euskal etxeetako kideekin bildu eta herrialde honetan dauden euskal enpresetako ordezkariekin bilera egin zuen, besteak beste.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus