euskal diaspora eta kultura

2011/07/11
Euskal Diasporaren historian barrena bidaia egiteko aukera ematen du "Munduko koloreak" erakusketak, argazki eta panelen bitartez. Erakusketak Mexiko, Argentina, Uruguai eta Txileko Diaspora eta euskal etxeen sorrera jorratzen ditu gehienbat, eta joan den ekainaren 27an inauguratu zen. Irailaren 15a arte izango da ikusgai Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegiaren hirugarren solairuan.
2011/07/11
Chaman 2011 izena jarri dio Josetxo Silguero irundarrak Hegoamerikako zenbait herrialdeetan barrena egiten ari den birari. Ekainaren 27an abiatu zen bira, Boliviako Santa Cruzen. Azken egunetan Liman (Perun) izan da, eta gaur Arequipa hirian ariko da. Euskal saxofonista ezaguna kontzertuak eta masterclassak ematen ari da bira honetan; datozen egunetan Peruko Arequipan eta Cuscon; Ekuadorko Quiton, eta Kolonbian eta Venezuelan ere izango da bere musika entzuteko aukerarik.
2011/07/11
HABEren eskutik aurrera doan irakasleak trebatzeko Euskara Munduan programak pauso berri bat emango du Argentinan uztailaren 23tik aurrera. Euskadiko Institutua, Argentinako FEVA eta Euskal Sustraiak euskal etxea antolatzaile, Neguko Barnetegiak Hego Ameriketako sei herrialdetako ikasle-irakasleak bilduko ditu Trenque Lauquen herrian uztailaren 23tik 30era. Aurreko elkarretaratzeetan bezala honetan ere landuko dira internet bidezko ikastaroan ikasi diren gaiak, lehentasuna mintza praktikari emanez. 2008an hasia den plan hau datorren urtean bukatuko da, azterketa ofizialak Argentinan bertan egiteko aukerarekin.
2011/07/11
Joan den larunbatean hasi zen Idahoko Boisen, AEBetan, Ipar Ameriketako lehenengo euskara barnetegia 'Euskara Munduan' egitarauarekin euskara irakasle izateko euskara ikasten ari diren ikasleentzat. NABOko euskara koordinatzaile den Izaskun Kortazar antolatzaile, hamabost partaide bildu ditu Kanada eta Estatu Batuetakoak. Astebete edo gehiagoko honelako barnetegiak ohikoak dira Argentina aldean, baina hau aurrenekoa da kontinenteko alde honetan. Datorren larunbatean, uztailaren 16an bururatuko da.
2011/07/08
Lanbide Heziketa ikasketak egin nahi dituzu, baina ezin duzu egunero zentro batera joan? Edo agian ezin duzu Euskal Herrira etorri? Orain internet bidez egin ditzakezu ikasketok, EAEko Urrutiko Lanbide Heziketa Institutuari esker. Ikastaroak doakoak dira eta, EuskalKultura.com-ek baieztatu duenez, Euskal Herritik kanpora dauden euskaldunek ere egin ditzakete. Hori bai, azterketak presentzialak izango dira. Aurtengo matrikula itxita dago, baina interesa duenak institutuarekin kontakta dezake heldu den urtergi begira.
2011/07/08
Hiru abesbatzek hartu dute parte pasa den uztailaren 2an Coronel Pringleseko euskal etxeak antolatutako topaketan. Kontzertua herriko Santa Rosa de Lima Parrokian gauzatu da eta Cnel. Pringleseko Eusko Alaia koruarekin batera Cañuelaseko Denak Bat eta Tandilgo Gure Abestiak abesbatzek ere euskarazko errepertorioa eskaini zioten bildutako publikoari. Errezitala bukatuta Argentinako erreki tipiko bat partekatu dute anfitrioi eta gonbidatuek 'Eusko Biltzar'en egoitzan.
2011/07/08
Anita Anacabe Nevadako Elko herriko familia euskaldun ezagunenetako bateko kidea da. Bi urtean behin edo, euskal-amerikar lagun talde bat bildu eta Euskal Herrira ekartzen ditu, arbasoen lurra ezagut dezaten. Bihar hasiko du aurtengoa: 11 egun Euskal Herriko sei probintzietan barrena, ia 80 lagunen buru. Horrelakoak antolatzeak ematen dizkion buruhausteek merezi dutela dio, bizkaiera bizi-bizian: "Hona datozenei begiak zabaltzea gustatzen zait. Asko hirugarren belaunaldiko euskaldunak dira, sekula etorri barik. Nik ateak zabaltzen dizkiet, hemengo familiarekin harremanetan jartzen ditut, gero beraiek konpon daitezen. Hau bizi egin behar da!".
2011/07/08
Azken txanpa falta zaie Boiseko (AEB) Oinkari dantza taldeko kideei Euskal Herrian barrena egiten ari diren bidaia bukatzeko. Oraindik ikusi ez dituenak, badu, haatik, oraindik aukera. Gaur Gasteizko Espainia Plazan arituko dira 20:00etan; bihar, ordu berean, Biriatun; eta igandean, euren azkeneko egunean, Añorgan, zazpietatik aurrera. Eta ez dira bakarrik ibiliko, tokian tokiko talde lagunez aparte, 'Amuma Says No' Boiseko euskal musika taldearen dantzatzeko erritmoak ere eskainiko baitituzte.
2011/07/07
Nevadan, Elkoko euskal festa bere 48. ediziora iritsi da joan den asteburuan. Urte berezia izan da, hiru urtez festak zezenik gabe egin ondoren aurten zezenak ekarri baitituzte berriz ere eta 'entzierro' berreskuratuak eman dio, izan ere, hasiera ostiral arratsaldean jaiaren programa osoari. Herri osoan zehar “Got Bulls” (Zezenak bai?) leloa zekarren elastikoa zeramatzatenak ikus zitezkeen. Festaren aurtengo titulu edo gaia, berriz, "Besarkada handi bat for our troops" (Besarkada handi bat gure tropei). Nicholas Beitia, marinea bera eta Elkoko Euskal Klubeko lehendakari Fred Beitiaren semea, 'Grand Marshall' izan da kabalkada edo desfilean. Asteburuan zehar izan dira, besteak beste, desfilea, euskal dantzak, euskal jokoen lehiaketak, jota eta irrintzi txapelketak, eskupilota norgehiagokak eta, jakina, baita euskal janari moldea ere.
2011/07/07
Duela lau urte Iker Irazusta gazte euskal-argentinarra Zarautzera etorri zen lehen aldiz eta, hiru egunen buruan, bertan gelditzea erabaki zuen. Zarauzko hondartzan dagoen Borghetto txiringitoan hasi zen lanean, eta harrezkero urtero bueltatu da udako eguraldiarekin batera. Aurten gazte ekintzaile honek negozioa handitzea erabaki du eta 'Gure Aitona' jatetxea inauguratu du Orioko hondartzan. Jatetxeari, aitona Andoni Irazustaren omenez jarri dio izena; Irazusta Bahia Blanca eta Argentinako euskal komunitateko erreferente bat izan zen. "Euskal Herrian ate guztiak zabaldu dizkidate", dio Ikerrek, arbasoen sorterriak egin dion harrera eskertuz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus