euskal diaspora eta kultura

2011/10/13
2011/10/12
Gaur bertan abiatuko da Frankfurteko Nazioarteko Liburu Azokaren 2011eko edizioa, eta urtero legez euskal liburugintzak lekua izango du bertan, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Institutuak sustatzen duten standaren bidez. Bertan izango dira Euskal Editoreen Elkartea eta Euskadiko Editoreen Elkartea, euskal liburuen nazioarteko presentzia indartzeko helburuarekin. Horrez gain, eta euskal literaturgintzaren ikuspegi orokorra emateko, bertan izango dira bihar eta etzi Jon Arretxe eta Fernando Morillo idazleak ere. Etzi euskal literaturari buruzko solasaldi batean parte hartuko dute, Etxepare Institutuko Mari Jose Olaziregirekin batera.
2011/10/11
Orain artean posible zen edukiak ingelesez segitzea webgunearen ingelesezko bertsioaren bidez, baina ostegun honetatik aurrera EuskalKultura.com-ek buletina ere plazaratuko du ingelesez. Diaspora ingelesdunean lagunik baduzu, pasa iezaiozu abisua. Izan ere, gehienbat AEBetatik, Kanada, Erresuma Batua eta Australiatik jaso ditugun eskaerei erantzunez erabaki dugu pauso berri honetan ahalegintzea.
2011/10/11
Iragan urriaren 7an hasi eta datorren igandea arte luzatuko dira Patraix auzoko herriko jaiak, aurten Euskal Herria eta euskal kultura ardatz dutela. Auzo honetan kokatu da berriki Valentziako Laurak Bat euskal elkartea eta partehartze oso aktiboa izan du jaien antolakuntzan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Gaur Patraixen izango da Errenteriako Ereintza dantza taldea, emanaldia ematen, eta datozen egunetan Madrilgo Euskal Etxeko Orfeoia eta Iñaki eta Inaxio Perurena harrijasotzaileak ere ariko dira.
2011/10/11
Atzo Bruselara hasitako bi eguneko bisitarekin --zenbait bilera, Tolosako Orfeoiaren kontzertu bat eta hiriko euskaldunentzako harrera-ekitaldi bat gauzatu zituen atzo-- eta gaur Erregioen Batzordearen aurrean europar industri politikaz egingo duen aurpezpenarekin, bidaia aldetik erabat betea izango duen asteari ekin dio Patxi Lopez lehendakariak. Izan ere, ia berehala, Estatu Batuetako Ekialdeko Kostarako astebeteko bidaia hasiko du ostiralean, ehun bat euskal enpresa eta erakundeen ordezkaritza zabal baten buru. Bidaia horren helburua euskal enpresak AEBetara hedatzen laguntzeko harremanak sustatzea da, baina horrez gain lehendakariak topaketak egingo ditu baita ere teknologi-ikerketa arloko puntako erakundeekin. Larunbatean Lopez New Yorkeko euskal komunitatearekin bilduko da Eusko Etxearen egoitzan, eta urriaren 20ean beste hainbeste egingo du Washingtongo euskaldunekin.
2011/10/10
2011/10/10
Donostiako danborrada ospetsuenetako bat, Gaztelubide elkartearena, Argentinara joango da datorren hilean, Necocheako Euskal Etxeak gonbidatuta, Euskal Argentinar Astean parte hartzera. Hiri honetan joko duten bigarren aldia izango da, 2.000 urtean hantxe egin zen Euskal Astean ere izan zirelako. "Guretzako ohorea izango da Gaztelubidek gure danborradan jotzea", azaltzen du Xabier Zubillaga euskal etxeko kideak. Donostiarrentzat ere une oso berezia izango da: "Sarri datorkigu gogora 2.000. urteko esperientzia, oraindik aipatzen dugu soziedadean", gehitzen du Gaztelubideko Xabier Madariagak.
2011/10/07
Montxo Armendariz eta Jabi Elortegi zuzendariak, Arantxa Urretabizkaia idazlea eta Xabier Elorriaga aktore eta zuzendaria izango dira, besteak beste, euren filmeak aurkezten, Madrileko Universidad Complutenseko euskal ikastaroen sailak antolatu duen 'EuskalKonplu' zikloaren edizio berrian. Horrez gain, Donostiako zinemaldian estreinatu zen 'Bertsolari' dokumentalaren zuzendari Asier Altuna ere izango da Madrilen filmari buruz hitz egiteko. EuskalKultura.com-i Karlos Cid Abasolo Unibertsitateko euskara irakasle eta ekimeneko arduradunarekin mintzatu da.
2011/10/07
Madrilgo Euskal Etxeak balioespen baikorra egin du oso iragan igandean hiriburu espainiarren antolatu zuen 2. Euskal Jaiaz. Retiro parke ezagunean egin zen jaia eta, eguraldi ona lagun, elkarteko kide asko eta bertan egun pasa ari ziren ikusle ugari bildu ziren ekitaldietara. Eguna estropadekin hasi zen eta Madrilgo ontziak izan ziren garaile, Euskal Herritik hurbildutako eskifaiei nagusituz. Jose Inazio Ansorena txistulariak eta Mielotxin talde nafarrak ikusleak dantzan jartzea lortu zuten. Txikiek ere izan zuten tarterik eta Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen ikuskizunarekin gozatu zuten.
2011/10/06
Iragan asteburutik eta hil honetako 15a arte ikusgai da New Yorkeko Eusko Etxean 'Geroa eta Itxaropena' erakusketa. Angela Mejias argazkilari euskal-extremadutarraren lana da erakusketa eta bertan euskal kultura eta eguneroko bizitzaren 60 irudi biltzen dira. Erakusketa New Yorkera heldu aurretik Quebec-en izan zen ikusgai, bertako Euskaldunak Euskal Etxearen 15. urteurrenean. Iparraldeko Euskal Kultur Elkarteak lagundu du argazki sorta Ameriketara ekartzen eta, orain, Atlantikoaz beste dagoela probestuz, AEBetako beste euskal etxeetan ere erakutsi nahi dute.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus