euskal diaspora eta kultura

2011/10/25
Euskal Herriko eta Argentinako bertoko ohiturak batzen zituen ekitaldia antolatzeko helburuarekin jaio zen duela hiru urte festa hau. Ondo jatearen arteak tradizio handia du Pirinio zein Panpako herrietan eta horregatik seguruenik, Trenque Lauquen herriko Euskal Sustraiak Euskal Etxeak proposatutako gonbiteak paregabeko harrera izan zuen komunitatean. Aurreko edizioek zabaldutako bideari jarraituz, aurtengo elkarretaratzean ere bost mila bat lagun bildu ziren etxeko janari on eta kalitate handiko ikuskizunaz gozatzeko. III. Urdaiazpiko Jaian zozketak ere egin ziren eta euren egunean, loreak banatu zituzten amen artean etxeko dantzariek.
2011/10/24
Euskara klaseak abiatzekoak dira Paueko 'Lagunt eta Maita' euskal etxean, baina elkarteak irakasle bakarra du momentuz eta beste bi lagun beharko lituzke ikastaroan izena eman duen taldeari taxuz irakasteko. Berrogei lagunek osatzen dute ikasle talde hori eta Paueko elkarteak eutsi egin nahi dio kopuru ederrari. Hori dela eta elkartea astelehenero bi orduko klasea emateko prest dauden bi irakasleren bila ari da eta biziki eskertuko luke inguruetako euskaldunen baten engaiamendua. Klaseak ordaindu egingo dira eta ez da beharrezkoa esperientzia izatea, HABEk trebakuntzan lagunduko baitu.
2011/10/24
Buenos Aires probintziako Necochea hiria izango da aurten herrialde osoko eta kanpoko euskal erakundeetako ordezkarien bilgunea. Izan ere, bertoko euskal etxeak hartu du bere gain 2011 honen Euskal Aste Nazionala antolatzeko ardura. Oso gutxi falta da Argentinako jai handiena hasteko eta Euzko Etxea-ko kideek behin betiko egitaraua eman dute aditzera. Hona hemen programa, egin dizkioten azken aldaketak gehituta.
2011/10/24
2011/10/21
Bartzelonako Euskal Etxeak kartel bikaina bildu du aurten ere EH Sona! musika jaialdirako eta urriaren 29tik abenduaren 15a bitartean euskal kantari eta talde sorta polita ekarriko du kataluniar hiriburura. Hainbat estilo jorratuko ditu jaialdiak eta gaur egungo euskal musikaren ikuspegi zabala eskainiko du. Horrela, Zea Mays eta Athom Rumba rockeroak, Mikel Markez eta Erramun Martikorena kantariak, Kepa Junkera trikitilaria edo Oreka TX txalapartariak ariko dira, besteak beste, jaialdian.
2011/10/21
Hiru eguneko festa bizi izan zuten Entre Rios probintzia argentinarreko Concepcion del Uruguay-ko herritarrek. Udal Kultura Zuzendaritzak eta Kolektibitateek antolaturik, kultur anitzeko gune bihurtu zen jaia irailaren 23tik 25era luzatu zen. Etorkinen omenean, erakusketa batez, eta janari tipiko zein dantzaldiez gozatu ahal izan ziren bertara hurbildutako lagunek. Euskaldunak ere izan ziren festaren protagonistak. 'Ibai Txori' euskal etxeko kideen eskutik, Euskal Herriko irudi, zapore eta dantzek bat egin zuten beste hainbat herrialdetako kultur adierazpenekin.
2011/10/21
2011/10/20
'Euskara, jalgi hadi mundura' izeneko standarekin Etxepare Institutuak Londresko The Language Show azokan parte hartuko du, munduko hizkuntzei eskainitako nazioarteko topagune honetan euskara erakusteko helburuarekin. Horretarako, ohiko euskara klase eta ekitaldiez gain, jarduera sorta berri eta originala prestatu du Etxeparek. Hala, Londresko euskal bazterrak aurkeztuko dituzte 'Basque Spots in London' gidan eta igandean Xabi Payak eta Juan Aranak 'Make it Basque, make it cool' ikuskizuna eskainiko dute.
2011/10/20
Harrera ona izan zuen iragan irailaren 30ean Berlingo Euskal Etxeak Cervantes Institutuarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin batera egin zuen 'Gernika eta alemanak' jardunaldiak. Euskaldunek hain gogoan duten Gernikako bonbardaketak alemaniar gizartean izan zuen eta duen islada aztertzea zen topaketaren helburua eta horretarako Klaus Ihlauren 'Gernika' dokumentala erakusteaz gain, gai hau sakonean aztertu duen Walther Bernecker irakaslea hitzaldia ematera gonbidatu zuten antolatzaileek.
2011/10/20
Urtarrilean ekin zioten Chascomuseko euskaldunek aurtengo ospakizun egitarau oparoari. Erakundearen bigarren sorreraren 20. urtemugan, mota askotako ekintzak gauzatu dituzte Zingirako Euskaldunak-eko lagun eta bazkidek, tartean hitzaldi, dantzaldi, afari eta mus eta pilota topaketak, batzuk aipatzearren. Joan den urriaren 8an, ordea, eta programa honi jarraituz, omenaldia egin zitzaion Eusko Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariari, hildakoen omenezko meza egin zen eta erakundearen XXI. urteroko jaia ospatu zuten chascomustarrek. Buenos Aires probintziako euskal etxe askotako ordezkariek hartu zuten parte, baita Argentinan bisitan zebiltzan euskaldun batzuek eta herriko beste gizataldeetako kideek ere.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus