euskal diaspora eta kultura

2011/12/01
Larunbat honetan, abenduaren 3an, mundu osoko euskaltzaleek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute. Euskal etxeen artean jarraitzaile asko ditu festa honek, eta Argentina, AEB, Mexiko, Txile, Uruguai, Italia edo Australia bezalako lekuetan makina bat ekitaldi antolatu dira. Herrialde hauetan guztietan asko dira euskal etxeetan euskara ikasten dihardutenak, arbasoen hizkuntzari eusteko apustu pertsonal sendoa eginez, Euskal Herritik milaka kilometrotara bizi arren. Euskara ikasle eta irakasle hauek, euskal etxeetako milaka kideekin batera, protagonista izango dira egunotan egingo diren jai eta ekitaldietan.
2011/12/01
Ekintza ugari eta euskal sentimendu nabaria izan dira Lagun Onak-en 60. urtemuga ospakizunen ezaugarri bereziak. Pergaminoko euskal etxeak mugimendu handiko hilabeteak bizi izan ditu 2011an, bere urtemuga biribil hau ospatu eta Euskal Herriko kultura zabaltzeko asmoa xede. Egitarauari jarraituz, joan den igandean urte amaierako afaria ospatu zuten euskal-pergaminotarrek 9 de julio kaleko euren egoitzan. Eta abendurako ere badute beste proposamenik: Euskadiko egoera politikoa eta ETAk jarduera armatua behin-betiko eteteari buruzko debatea, 'Euskal Pilota' dokumentala ikusi ondoren, abenduaren 2an, iluntzeko 7:30etan.
2011/12/01
Lopez lehendakariak harrera-ekitaldia eskainiko die abenduaren 26an Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan, atzerrian bizi eta eguberri sasoina dela eta egun horietan Euskadira itzuliko diren euskal herritarrei. Hirugarren urtez segidan antolatu den ekimen honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu die egoera horretan duden herritarrei Juan Celaya Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendariak, euren parte hartzea eta bertaratzea baieztatzeko email helbide bat emanez.
2011/11/30
Abenduan sartzeko egun bat falta da oraindik, baina badira Gabonetako jaiak aurre-egiten hasi diren euskal etxeak, batez ere Ipar Ameriketan. Abendu amaieran oporrak hasi eta famili jaiak ospatzen hasi aurretik, nahiago izaten dute elkarteko kideak garaiz bildu eta Gabon eguna aldez aurretik euskal giroan ospatzeko aukera izatea eta horixe egingo dute asteburu honetan, esaterako, Utahko Euskal Etxeak, Ontario Basque Club-ek, Coloradoko Euskal Etxeak eta Kanadan, Vancouver-eko Zazpiak Bat elkarteak. Olentzero ere bilduko da jai hauetara eta elkarteetako umeen artean opariak banatuko ditu.
2011/11/30
Azkue Fundazioak euskararen aldeko kanpaina original bat jarri du abian Durangoko Azokari begira. '#keinukeeuskarari' du izena eta parte hartzeko hiru modu daude. Lehenik, Azokan bertan, Fundazioak duen standean keinu bat eginez argazkia ateratzen. Epaimahai batek argazki onena aukeratuko du eta argazki horrek iPad2 ordenagailu bat jasoko du. Durangora joateko aukerarik ez dutenek ere izango dute kanpainan parte hartzeko aukera, sare sozialen bidez: Twitter-en argazkia argitaratuz edo Facebook-en badge delako ikurra jarriz.
2011/11/30
Necocheako Euskal Astean aurkeztu da 2012an zehar garatuko den 'Pilpileando Argentina' proiektua. FEVAren eskutik, “ibilbide gastronomikoa” egingo du Itziar Agirre chefak hainbat euskal etxe argentinarretan. Ibilbide honen helburua, sukaldaritza klaseak ematearekin batera, elkartasuna da, euskal-argentinar gizataldearen ekarpen sozial solidarioa bideratzea, Pequeños Gestos fundazioarekin lankide izanez. Izen handiko sukaldariaren bisita jaso nahi duten euskal etxe argentinarrek FEVArekin jarri beharko dute kontaktuan Agirreren ibilbidearen egitaraua osatzearren. Ordainsariei dagokienez, Itziar Agirrek musutruke hartzen du parte eta euskal etxe bakoitzak bideko eta ostatu gastuez eta klaseak eragin ditzakeen gastuez arduratu beharko du soilik. 'Pilpileando' proiektuan parte hartzeko epea datorren asteartean bukatuko da, abenduaren 6an.
2011/11/29
Laugarren urtez, Judas Arrieta artista hondarribiarrak zuzentzen duen MA Studio-k 'Goazen Txinara!' arte-beka deitu du. Beka hauen bitartez bi euskal sortzailek Beijing-en bi hilabeteko egonaldia egin dezakete, euren proiektu bat gauzatzeko. MA Studiok bidaia eta lan egiteko lokalaren alokairua ordaintzen ditu. Proposamenak bidaltzeko epea 2012ko urtarrilaren 30ean itxiko da. Egonaldia abuztuaren 1etik irailaren 30era izango da. Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du programa honek.
2011/11/29
Otxarkoagako XXXI. Umeen Jardunaldiak 2012ko maiatzaren 5 eta 6an burutuko dira. Jardunaldiei begira eta haurrentzako literaturgintza bultzatzeko asmoarekin, Mugarik Gabeko Umeentzako Ipuin Lehiaketa antolatu du Txirula Kultur Taldeak. 2011ko edizioan irabazleen artean Bahia Blancako Rosana Entizne euskal argentinarra izan zuen lehiaketa honetara euskarazko zein gaztelaniazko testuak aurkez daitezke, gai librez. Lanak bidaltzeko epea urtarrilaren 31an bukatuko da.
2011/11/29
Euskara Munduan egitasmoaren barruan HABEk Europako euskal etxeek eskaintzen dituzten euskara eskolak laguntzeko diru eta baliabideak ematen jarraitzen du, eta, ildo horretatik, lankidetza hitzarmenak berritu ditu azaroan Londresko eta Pariseko elkarteekin. Paueko euskal etxearekin, ostera, lehendabizikoz sinatu da aurten lankidetza hitzarmena. Bruselan ere izan da HABEko Kinku Zinkunegi teknikaria eta aurten berrabiarazi dituzten eskolak laguntzeko ikasmateriala eta trebakuntza eskaini dizkie bertako euskaldunei.
2011/11/28
Euskal Herriko dozena bat argitaletxe eta kultur ordezkaritza bat Mexikon dira egunotan, Guadalajarako Liburu Azoka ezagunean parte hartzen. Hegoameriketako azoka nagusiena da hau eta iaz egin bezala, Etxepare Institutuak eta Mexikoko Euskadiren bulegoak euskal kulturaren partehartze hau sustatu dute, Euskadiko Editoreen Elkartea eta Euskal Editoreen Elkartearekin batera. Lertxundik gaur bertan emango duen hitzaldiarekin hasiko da euskal partaidetza. Azokaren ondotik Mexiko Hirian Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartuko dute Lertxundik, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak eta erakunde bereko Euskara arduraduna den Mari Jose Olaziregik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus