euskal diaspora eta kultura

2011/12/29
Eusko Jaurlaritzak gaurko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitara eman du atzerrian euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko diru-laguntzak eskatzeko 2012. urteko deialdia. Orotara 202.000 euroko zuzkidura du deialdi honek eta eskabideak aurkezteko epea otsailaren 29an itxiko da. Aurreko urteetan bezala euskal etxeak dira eskabideak aurkeztuko ardura dutenak; hori dela eta, laguntzak eskatu nahi dituztenek gertuen duten euskal elkartearekin jarri behar dute harremanetan lehenbailehen.
2011/12/29
Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen 'Zinema Euskaraz' ekimenaren barruan Kulturklik.com webgunean euskarazko film zerrenda luze bat jarri da eskuragarri. Nahi duenak luzemetraia bakoitzaren izenburuan klik egin eta filme hori ordenagailuan ikusi ahal izango du, streaming bidez eta doan, eta, esaterako, bere euskal etxean eskaini. Filma ezin da jaitsi, zuzenean webgunetik ikusi behar da. Iaz abiatu zen kanpaina honi 13 izenburu emendatu zaizkio aurten, tartean '80 egunean', 'Arriya', 'Izarren Argia' edo 'Olentzero eta oparien ordua' eta 'Amerikanuak' dokumentala.
2011/12/29
2011. urtea atzean geratuz doa. Momentu onak eta ez hain onak izan jadanik oroitzapen dira eta urte berria, orri zuri bat izango balitz bezala, esperientzia berriez beteko dugu egunez egun. Etorkizun hori ari dira ospatzen Argentinako hainbat euskal etxetako kideak egunotan euren kopak lagun artean altxatuz. Jai guztietan sentimendu handiko omenaldiak egin zaizkio euskaldunen lokarri den kultura eta sentimentuari. Esaterako Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxean, Rosarioko Zazpirak Baten, Mar Chiquitako Izatez Harron, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Baten eta Trenque Lauquengo Euskal Sustraiaken. Hona euren urte amaierako elkarretaratzeen laburpena.
2011/12/28
Zazpi urte pasatu dira Bruselak bere azkeneko euskal etxea ofizialki galdu zuenetik, Jaurlaritzako euskal etxeen erregistrotik erorita. Iazko udan, Julian Celayak, euskal etxe bat sortzeko eman beharreko pausoak azaldu zizkion Bruselako euskaldun talde bati, hirira egindako bisitan, eta azaroan oraingo ofizialtzean amaitu diren aurreneko urratsak eman zituen Bruselako Euskal Etxeak (BEE). Zorionak eta ongi etorri Bruselako lagunei!
2011/12/28
Olentzero ez da esku hutsik azaldu Pauera; pozik dira Lagunt eta Maita Euskal Etxean bukatzen ari den urteak eman duenarekin, batez ere aspaldiko ametsa bete eta egoitza propioa eskuratu dutelako aurten. Iragan azaroaren 26ean inauguratu zuten egoitza berria eta ekitaldian bizitako pozak luze iraungo du. Horrez gain, elkarteak indartsu abiarazi ditu euskara eskolak, lau irakasle berriei esker eta, abenduaren 17an, Olentzeroren bisita jaso zuen Lagunt eta Maitak lehen aldiz. Elkarteko neska-mutikoek pozez zoratzen hartu zuten Gabonak iragartzen dituen euskal ikazkin mitologikoa.
2011/12/28
Urtea eta ikasurtea amaitzeko eta udako oporrak hasteko sasoina da Hego Hemisferioan. Urtarrilean, udako oporrak hastearekin batera, aktibitateak zinez gutxituko dira Argentina, Txile eta Uruguai bezalako herrialdeetako euskal etxeetan. Hala ere, eta atsedena hartu eta indarrak berritzeko epea hasi baino lehen, bukatzen ari den urteari “agur” esateko mota askotako topaketak egin dituzte. Aurten joandako lagunak oroituz, lagun arteko afariak antolatuz, Olentzeroren bisita jasoz, jaiotza bizidunak eginez eta euskal herri kirola praktikatuz ospatu dute, esaterako, Puerto Madryn, La Plata, Buenos Aires, Tandil eta General Las Heras-en. Hona kronika.
2011/12/27
London Basque Society Euskal Elkartea sasoi ederrarekin ari da urtea bukatzen eta ekitaldi ugari antolatu ditu azken asteotan. Azkena abenduaren 17an izan da, elkartearen Eguberri Jaiarekin. Londongo euskaldunak bazkaltzeko bildu ziren eta bertara agertu zen Olentzero bera ere, Mari Domingi emaztea lagun zuela, elkarteko txikien artean opariak banatzeko prest. Horrez gain Algortatik etorritako trikilari taldeak giro ederra jarri zuen hiriburuko kaleetan. Hileko beste ekimen batzuk Mikel Urdangarin kantariak eman zuen kontzertua eta abenduaren 3an ospatu zen Euskararen Nazioarteko Eguneko mintzapraktika eta jaia izan ziren. Elkarteak bideoak jarri ditu sarean.
2011/12/27
Txileko Santiagoko Euzko Etxearen Berriketari buletinak elkarte honetan egin diren azken ekimenen berri dakar azaroko alean. Horien artean aipagarriak dira, bildu zuten jende kopuruagatik, bi ekitaldi bereziki: elkarteko frontoian jokatu zen Esku Pilota Txapelketa, eta Musika Berbaldia delako jaiaren bigarren edizioa. Jai honetan dantza eta gonbidatu berezi bati egiten zaion elkarrizketa batzen dira. Dantza alorrean erakustaldia burutu zuen elkarteko Itxaropen Gaztea taldeak, eta eurekin batera aritu zen Telar de Rancagua taldea, Txileko eta Rapa Nui irlako dantza ikuskizunarekin.
2011/12/27
Sylvia Arosteguy eta Juan Licio, lehendakari eta lehendakariorde legez, hurrenez hurren, dira 'San Joseko Euskaldunak Taldea' (sic) euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeko buru berriak Uruguaiko San Jose departamentuko izen bereko hiriburuan. Elkarteak 2009ko abuztuan eman zituen lehenengo pausoak eta 2010ko abenduan jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren aldetik ofizialtasuna. Amaitzen ari den urte honetan euskara eskolak eskaini ditu urte osoan zehar horretarako Montevideotik astean behin propio etorri den Andrea Bella irakaslearen eskutik. 2012ari begira, euskal dantzak ematen hasi nahi du, Andrea Bella bera irakasle, eskaintza euskal jatorrikoei baina oro har San Joseko herritar guztiei ere zabaltzen dielarik.
2011/12/26
North Queensland-eko Euskal Etxeak Eguberri Jai jendetsu batekin itxi zuen 2011. urtea. Ia 130 lagun bildu ziren ekitaldira, tartean Olentzero ere, elkarteko gaztetxoei opariak banatzeko prest. Baina jaiak azken orduko gonbidatu bat ere bildu zuen: euri zaparrada ederra. Australiako bazter honetan ohikoak dira erauntsiak urte sasoi honetan, eta horrek ez zuen jaia zapuztu; are gehiago, elkarteko txikiek ederki pasa zuten putzuetan plisti-plasta! Madrilen, bestalde, Euskal Etxeko txikiek ere Olentzeroren bisita jaso zuten, hona ekarri dugun bideoan ikus daitekeen bezala.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus