euskal diaspora eta kultura

2012/04/25
Poloniako Poznan hiriko Adam Mickiewicz Unibertsitatean udaberriko hitzordu klasikoa bihurtu dira jada Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoak urtero antolatzen dituen Euskal Jardunaldiak. Aurtengoek Euskal Herritik etorritako lagunen ekarpen garrantzitsua izan dute; izan ere, Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleek eta Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariek emanaldiak egin dituzte. Aipagarria da baita ere ikasleen parte hartzea, adibidez Sarrionandiaren "Hitzen Ondoeza" lanean oinarrituriko antzezlana taularatuz. Amaia Donés euskara irakurleak bidali dizkigu jarraian argitaratzen ditugun argazkiak. Milesker eta bejondaizuela!
2012/04/25
Oso oihartzun polita lortu duen proiektu interesgarri bat abiarazi zuen Misiones probintzia argentinarreko Corpus Christiko Eusko Etxeak orain hiru urte: literatur sormena lantzeko lehiaketa bat zen, eta parte hartzera luzatu zuten deialdiak 'ipuinak liluragarriak' izan behar izana zeukan berezitasun. Gonbiteak hain erantzun ona izan du geroztik Eusko Etxearen ikur ere bihurtu dela, erakunde honen kultur ekintzaren zeinu. Kari horretara, Corpusko Udalak 'Udal Interesekoa' izendatu berri du eta horri lotuta, bere sari bat ere eskainiko dio idazle irabazleari. 2012ko lehiaketari dagokionez, euskal etxetik jakinarazi digute gazteen kategoriako lanak bidaltzeko epea ekainaren 30era luzatu dela. Bitartean, uztailean burutuko duen Euskal Jai Handiaren antolakuntzan jo ta ke dihardute Corpus Christiko Eusko Etxeko lagunek.
2012/04/25
Hiru urte zituenean Jon Guarrotxena Limako Euskal Etxeko kideak Gernikako bonbardaketa ikusi zuen. Gertakari hark eta bere ondorioek eragin nabarmena izan zuten bere eta bere ingurukoen bizitzan eta bihar horri buruz mintzatuko da Euskaletxeak bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta antolatu duen ekitaldian. Bestalde, Limako euskal elkarteak iragan igandean ospatu zuen Aberri Eguna, bazkari batekin eta Irizar apezpikuak eman zuen meza elizkizunarekin. Irizar Callaoko apezpikua izan da oraintsu arte eta aurten kargu honetan egindako 22 urteengatik omenaldi jendetsua egin zioten: 8.000 lagun bildu ziren ekitaldira.
2012/04/24
Euskal etxearen egoitza bukatzeko lanen azken txanpari ekin nahi diote Saladilloko euskal etxeko arduradunek. Kari horretara komunitate osoari eskatu diote laguntza, baina trukean sari batzuk emanez. Izan ere, eta aurreko urteetan egin duten legez, euskal erakundeak 200 pesoko bonoak kaleratu ditu pasa den astean eta bonoak erosten dituzten partaideek Euskal Herrira bidaiatzeko txartelak irabazteko aukera izango dute. Baliabideak biltzeko helburu berarekin, apirilaren 30ean ohiko ‘buseca’ salduko du Euskal Etxeak. Eraikina ordurako prest izango dutelakoan, 2013ko Mus Txapelketa Nazionalaren egoitza izan nahi dute Saladilloko euskaldunek.
2012/04/24
Asunciongo 'Jasone' Euskal Etxeak deia luzatu die bere bazkideei datorren ostegunean egingo duen Urteko Biltzar Nagusian parte har dezaten. Aurreko egunean, ostegunean, apirilak 26, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratuko du hiriko Gernikako Arbolaren monumentuaren aurrean gauzatuko duen lore eskaintzan, bertan egingo diren hitzetan data honek euskaldunentzat duen esangura berezia azpimarratuko delarik, ondoren hiriburuko Club Union delakoan sarraskia hizpide hartzeko Pedro Gamarra Doldan doktorearen eskutik.
2012/04/23
Gernikaren Bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldiekin darrai Berlingo Euskal Etxeak, eta hilean zehar jarduera ugari egin eta gero, ostegun honetan burutuko du ekitaldi nagusia, apirilaren 26ean, naziek bizkaitar herria erasotu zuten egun berean. Omenaldia Berlingo Guernica Platz izeneko enparantzan egingo da, bonbardaketa gertatu zen ordu berean. Euskal Etxeak alemaniar elkarteen parte hartzea lortu du eta ekitaldian plazaren inguruko elizek kanpaiak joko dituzte.
2012/04/23
Segitzen dute Diaspora osoan Aberri Eguneko ospakizunek, eta beraz pazientzia eskatzen dugu, pixkanaka argitaratzen joango baikara bateko eta bestekoak, informazioa heldu bazaigu bederen. Soilik Argentinan, Patagoniatik Mesopotamiaraino herri askotako euskal erakundeek bat egin dute ospakizunekin. Sarritan, herri, probintzia eta nazio mailako agintariak bertaratu dira zeremonietara egun berezi honetan bat eginik euskaldunekin. Hona euskal etxe eta datu multzo berri bat, honako euskal elkarteena: Barilocheko Mendiko Euzko Etxea, Olavarriako Gure Etxe Maitea, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Chivilcoyko Beti Aurrera, Pergaminoko Lagun Onak eta Misioneseko Euskal Jatorri.
2012/04/23
2012/04/20
Eusko Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoak herri bizkaitarraren bonbardaketaren lekukotza munduan zabalduko duten erakusketa ibiltari sorta bat aurkeztu dute gaur goizean. Sei erakusketa dira guztira, eta ostegun honetan inauguratuko dira Brusela, Buenos Aires, Txileko Santiago, Bogota, Mexiko eta New Yorken. Ondoren Europako eta Ameriketako beste 44 hiritan izango dira ikusgai datozen hilabeteetan, bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta.
2012/04/20
Egitarau zabala bultzatu eta aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak, munduan dituen Euskadiren Ordezkaritzak medio, datorren ostegunean, 2012ko apirilaren 26an, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena beteko dela-eta. Kronograma, honako hiri eta herrialdetara iritsiko da, besteak beste: Belgika (Lieja, Brusela, Leper, Huy), Argentina (Buenos Aires), Uruguai (Montevideo), Paraguai (Asuncion), Brasil (Brasilia), Txile (Santiago), Peru (Lima), Kolonbia (Bogota), Ecuador (Cuenca), Mexiko (Mexiko Hiria) eta Estatu Batuak (New York). Hona ekitaldien xehetasuna.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus