euskal diaspora eta kultura

2012/05/14
Valladolideko Gure Txoko elkarteko muslari bikoteak irabazi zuen iragan maiatzaren 5ean Estatuko Euskal Etxeen Mus Txapelketa eta irailaren 21etik 29ra Alaskan izango dira, bertan jokatuko den Nazioarteko Euskal Etxeen Txapelketan parte hartzeko. Agustin Ormaechek eta Alberto de Antoniok Bartzelona, Madril, Valentzia Mallorca eta Salouko muslariak garaitu zituzten Bartzelonako Euskal Etxean jokatu zen finalean.
2012/05/14
Buenos Aires hirian, euskara eta euskal kultura sustatzeko lanetan segitzen du Eusketxe edo, izen osoz, Eusko Kultur Etxea erakundeak. Gaur bertan Euskal Herria ezagutzeko hasimasi tailer bati ekingo dio Mexiko 1880 helbidean duen egoitzan, baina larunbaterako Euskal Mitologia hizpide izango duen hitzaldia iragarri du eta baita ere, zenbait maiztasunez, euskal dantza tailerra eta proposamen gehiago, hala nola 'Euskal nortasuna' izeneko argazki lehiaketa. Aldi berean, Eusketxek, une ekonomiko latza pasatzen ari dela adierazten du eta lagundu nahi duenarentzat, elkarteak sostengu-bonoak salgai jarri dituela gogoratzen du.
2012/05/14
Munduko tenore handienetako izan zen bere garaian eta 200 bat grabaketa egin zituen, areto liriko garrantzitsuenak ere bisitaturik. Ortuellan jaio zen Florencio Constantino 1868an eta beste hamaika euskaldunek bezala jaioterria utzi eta Argentinara emigratu zuen, Buenos Aires probintziako Bragado herrian aurkituko zituelarik babesa eta bere karrera bideratzen lagundu zioten pertsonak. Gailurrean zegoela, bere izena hartuko zuen antzokia eraikitzea sustatu zuen Bragadon. Constantino Antzokia 1912an inauguratu zen. Horren Mendeurrenean gauden honetan, tenorearen biografia berri bat argitaratuko da Euskadin; horren prestaketan dabil Konrado Mugertza ikertzailea eta kari horretara bisitaldia egin du Bragadora, herriko alkatea eta bertako Danak Anaiak euskal etxea anfitrioi.
2012/05/11
San Frantziskoko euskal komunitateak eta hiriko musikazaleek euskal musika tresna zaharrenetako eta misteriotsuenetakoa jotzen ikasteko aukera bikaina du udaberri honetan, Basque Cultural Center-en hasi berri den txalaparta ikastaroari esker. Sei asteko ikastaroa da, eta Iñaki Lopez de Luzuriaga txalapartaria da irakaslea. Oraindik lekua dago ikastaroan eta parte hartu nahi duenak izena eman dezake, nahiz eta lehen eskola iragan apirilaren 24ean eman zuten.
2012/05/11
Sasoi berrietara egokitzen ari da Quebec-eko Euskaldunak elkartea eta azken urteetan izan duen biziberritzeak isla izan du zuzendaritza batzordearen antolaketan. Iragan apirilaren 22an elkarteak Biltzar Nagusia egin zuen eta bertan euskal etxeko bazkideek zuzendaritza batzordeari lau aholkulari gehitzea erabaki zuten. Aholkulari hauek elkartearen ekimenetan laguntzea izango dute helburu. Biltzarraren ostean, bazkideek Aberri Eguneko jaiaz gozatu zuten.
2012/05/11
Maiatzaren iraultzaren urtemugako jai egunak aprobetxatuz, elkarretaratze berezi bat egingo dute Buenos Aires probintziako Chivilcoy herriko euskaldunek datorren maiatzaren 26an. Arte Folkloriko Institutuarekin batera, ‘Lagunarte euskal argentinarra’ ospatuko dute Beti Aurrerako bazkide eta partaideek artista gonbidatu batzuk lagun. 200 txartel jarriko dira salgai datorren astean eta euskal etxetik gomendatzen dute aldez aurretik erostea. Erreserbak facebook-ez eta erakundearen blogaren bidez egin daitezke. Beti Aurreratik oroitarazten dute blogean euskal etxeak antolatutako azken ekimenen berri etengabe eguneratuak irakur daitekeela.
2012/05/10
Laughter Day edo Barreen Eguna egin zuen iragan apirilaren 28an London Basque Society elkarteak, eta, Euskal Herritik zuzenean, gonbidatu talde aparta heldu zen hirira, euskal etxeko haur eta nagusiei irribarra eragiteko prest. Txikientzako protagonista nagusiak Porrotx, Marimotots, Patakon eta kuadrila izan ziren; Euskal Herriko umeak zoratu egiten dituzte pailazo hauek eta Londresko umeak ere azkar asko liluratu zituzten. Nagusiek, aldiz, Rafa Rueda kantariaren kontzertuaz gozatu zuten. Euskal Etxeak argazki sorta zabala jarri du sarean; guk gutxi batzuk eta egonaldiaren bideo bat bildu ditugu geurera.
2012/05/10
Euskaldunontzat garrantzi handikoak diren bi data ospatu dira Argentinako euskal etxeetan joan den hilabetean eta oraindik ere heltzen ari zaizkigu erredakziora ekitaldi horien berriak. Rosario, Cordoba eta Jose C. Paz-eko euskal etxeetan ere egin dira ekimenak Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemuga ospatzeko: tabernak, dantzak, hitzaldiak eta komunitateari begirako ekintzak herrietako plazetan. Hona hemen Zazpirak Bat-ek, Gure Txokoak eta Toki Eder-ek apirilaren antolatutako ospakizunen kronika laburtua.
2012/05/10
Atzo irakurtzen genuen Buenos Aires probintzia argentinarreko kazetetan: Jorge Heguy, La Platako Herritar Ospetsu izendatu du La Plata probintziako hiriburuko Kontzeju Deliberatzaileak, zinegotzi guztien sostenguarekin eta organo horretako presidente Javier Pacharottik proposatuta. Jorge Heguy oso pertsona ezaguna da La Platako eta Argentina osoko euskal komunitatean. Hiriko Euzko Etxean, kontu ikuskatzaile ordezkoa da gaur egun, eta urteetan zehar beste zenbait kargu ere bete ditu euskal elkartean, tartean baita lehendakariarena ere.
2012/05/10
Euskal etxeko araudiak finkatzen duenari jarraiki, General Rodriguez-ko Eusko Aterpeak bere Zuzendaritza Batzordea berritu du, egin beharreko bozketa prozesuaren ondoren Zuzendaritza Batzorde berriak datozen bi urteetarako Juan Itcea izango duelarik lehendakari, berarekin lagun izango direla Raul Taretto, lehendakariorde; Alicia Itcea, idazkari; Sandra Oliveira, agiri-idazkari; Enrique Mauregfui, diruzain; eta Gladys Ayala, diruzainorde, beste zenbaiten artean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus