euskal diaspora eta kultura

2012/06/13
Iragan ekainaren 9an hasi zen Boisen Ipar Amerikako euskal etxeetako euskara irakasleen barnetegi berri bat. Bertan ari dira trebatzen Coloradotik, Chicagotik, San Frantziskotik, Renotik eta beste zenbait lekutik etorritako irakasleak. Urtean zehar internet bidezko ikastaroa jasotzen dute lagun hauek, HABEren Euskara Munduan egitasmoaren barruan, eta urtean behin barnetegia egiten dute ikasitakoa praktikatzeko eta finkatzeko. Larunbatean bukatuko da aurtengoa. Bestalde, Izaskun Kortazar pertsona baten bila dabil uztailean Arantzazun (Gipuzkoan) antolatu duen barnetegirako taldea osatzeko. Uztailaren 2tik 14ra izango da.
2012/06/13
Joan den asteburuan bukatu da Patagoniako Santa Cruz probintziako hiriburuan bertoko Liburu Azokaren 2012ko edizioa. Beste hainbat erakunderekin batera, Rio Gallegoseko Hegoalde Argentinarra euskal etxeak bere kultur ekarpena egin dio ekitaldiari erakundeak berak ekoizten duen ‘Areto euskalduna’ (gaztelaniaz, Sala Euskaldun) telebista saioa proiektatuz. “Azokan eman genuen saioa zikloko azkena izan da. Uztailean berriro hasiko gara. 2012ko bigarren zikloak beste zortzi emanaldi izango ditu eta bukatu berria bezala, Rio Gallegoseko 9. telebista kanalean ikusi ahal izango da”, azaldu dio euskal etxeko lehendakari Cesar Arizmendik EuskalKultura.com-i.
2012/06/12
Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen Irakurketa ekitaldia egingo du etzi, eta Arantxa Urretabizkaia idazlearen 'Zergatik panpox?' eleberria irakurriko da etengabe eta ozen Arriaga Antzokian. Euskal kulturako pertsonaia ezagunak zein Euskal Herri osoko euskara ikasleak igaroko dira egunean zehar taulagainetik, eleberriaren pasarteak irakurtzeko. Aurreko lau edizioetan bezala, Diasporako euskara ikasleek ere bertan parte hartuko dute, aldez aurretik grabatutako bideoen bitartez.
2012/06/12
Australian bizi izandakoen eta euskal-australiar emigrazioari lotutako urteroko elkarretaratze hau 1988an hasi zen Oletan, Amoroto herri bizkaitarreko Ugaran auzoan eta 24 edizio bildu ditu geroztik urteen buruan, datorren urtean ospatuko dituen zilarrezko ezteien atarira iritsi arte. Berrogei bat lagun batu ziren larunbatean bileraren egoitza den Oletako Epermendi jatetxera, euskaldunek XX. mendean zehar Australiara, bereziki North Queensland eskualdera, bizi izan zuten emigrazioaren lekuko, batez ere azukre-kainabera moztera joanak, gaur egun Townsville hirian euskal etxe baten sorrera ekarri duen fenomenoko parte. Aurtengo bilerak bi gonbidatu berezi izan zituen, Deustuko Unibertsitateko Pedro Oiarzabal eta Ainara Puerta Larrañaga historialariak, emigrazioan, itzuleran eta diaspora kontuetan espezialduak. Eskerrak ematen dizkiegu artikulu hau argitaratzeko eskaini diguten laguntzagatik.
2012/06/12
Oxfordeko Unibertsitateak Iberiar Ikasketen 15. Mintegia egingo du Datorren asteko asteazkenetik aurrera, ekainaren 20tik 22ra, eta euskarak inoiz baino tarte handiagoa hartuko du bertan. Euskal ordezkaritza mardulak parte hartuko du topaketan: hemezortzi euskal aditu izango dira bertan, besteak beste Bernardo Atxaga, Josu Amezaga, Xabi Paya, Itziar Azpeitia eta Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendaria, Mari Jose Olaziregi. Euskal gaiak jorratuko dituzte gehienek euren hitzaldietan eta seik, gainera, euskaraz egingo dute berbaldia, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.
2012/06/11
Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrena dela eta Berlingo Euskal Etxeak jardunaldi asko egin ditu azken asteetan eta, gainera, ekitaldiotan hiriko biztanleen konplizitatea eta partehartzea lortu ditu. Horren eredu izan zen Guernica Platz delako plazan egin zen omenaldia: bertan Gernikako neska batek igorritako gutun bat irakurri zuten eta auzokide asko zinez hunkitu egin ziren. Azken ekitaldian ere berlindar asko bildu ziren, margoak hartu eta "Bakearen graffiti"-a egiten laguntzeko prest. Euskal eta alemaniar graffittigileak gidari, denen artean osatu zuten Picassoren "Guernica" ezagunaren berrinterpretazioa.
2012/06/11
Nobedade batzuekin hasi zuen urtea Euskaltzaleak euskaltegiak; tartean, arlo akademikoari dagokionez, on line ikastaroa abiatzearena nabarmenena. Proiektua martxoan jarri zen abian eta aste gutxitan berrogei bat ikasleko taldea bazegoen sortu zen sarean atal eta tutore bidez trebatzen. Geroztik, taldea hirurogeita hamarretik gora igoi da, Argentina osoko partaideak eta baita kanpokoak ere osatzen dutela ikastaro birtualaren ikasleria, beti ere erritmo onean aurrera, euskaran eta euskal kulturan murgiltzen. “Hasierako multzoko ikasle askok ikastaroaren I. Liburua bukatu dute eta II.arekin hastekotan dira. Horri erreparatuta, talde berri batekin hasteko momentua dela uste dugu eta kari horretara izena emateko deia luzatu nahi diegu Diaspora osoan parte hartzeko interesa izan dezaketenei”, adierazi dio EuskalKultura.com-i euskaltegiko lehendakaria den Carlos Bordaragay-k.
2012/06/11
Aspaldiko proiektu bati eutsiz, ikastaro ziklo bat jarri du abian La Platako Lazkao jatetxeak, "euskal sukaldaritza aurkeztu eta tipikoak diren jaki, plater eta ohiturak zabaltzeko helburuarekin". Jatetxeko nagusia eta ikastaroak emateko arduraduna den Jose Boccardok azaltzen duenez: “bi ikastaro mota eskaintzen ditugu: lehenengoan, zortzi elkarretaratze egiten ditugu, klase teoriko eta praktikoak eskainiz. Bigarrena, berriz, mota laburragoa da. Bi klasetan garatzen da eta era ibiltarian egin daiteke”. Ekimena abian da eta lehendabiziko esperientzia Chascomuseko euskal etxean ari da burutzen ari. Zingirako Euskaldunak-en 1. modalitateko ikastaroaren bigarren topaketa gaur bertan izango da, iluntzeko 6etatik 9etara.
2012/06/08
Diasporako euskal etxeetako gazteek ekainaren 30a arte dute epea aurtengo Gaztemundu trebakuntza bekarako eskabideak aurkezteko, baina gogoan izan aurten programa berezia izango dela, gai nagusia euskara irakaskuntza izango baita. Hortaz, adin muga altxatu egin da eta euskal etxeetan euskara irakasle diren edo izango direnek 18 urtetik gorakoek baliatu ahalko dute edizio honetako trebakuntza. Euskal etxeek eskatu zuten 2011ko Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrean euskarari tarte berezia eskaintzea Gaztemundun, euskara irakaskuntza "euskal etxeetan dagoen jarduerarik sendoena" dela esanez. Ikastaroa irailaren 3an abiatuko da.
2012/06/08
Apirilean hasi da Buenos Airesko Euskal Echea elkartearen elizan erakundearen 2012ko kontzertu klasikoen zikloa. Zikloak urte osoa beteko du emanaldi bana hilabetero, bigarren ostiraletan. Ekaineko hitzordua gaur bertan izango da arratsaldeko 7etan, Ana Paula Segurola organo-jotzailearen eta Mercedes Garcia Blesa abeslariaren eskutik. Kontzertuaren baitan, Argentinako Liburutegi Nazionaleko altxorrean gordeta dagoen zortziko bat interpretatuko dute musikariek. Gonbitea komunitate osoari dago zuzenduta eta sarrera librea eta doakoa izango da. Euskal Echea institutua hiriburuko Sarandi kaleko 735. zenbakian dago.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus