euskal diaspora eta kultura

2012/12/12
Uruguaiko San Jose herrian bizi izan zen XIX. mendean Jose Mendiague euskal bertsogile famatua eta San Joseko Euskaldunak Taldeak hitzaldi batekin gogora ekarri zuen berriki 'Diasporako Bertsolaria' bezala ezaguna dena. Horrez gain, elkarteak Rosarioko Argentinako Euskal Aste Nazionalean parte hartu zuen eta urriaren 17an Montevideon ere izan zen, Eusko Indarra dantza taldearen 30 urteurrena ospatzeko. Horien guztien berri ematen du elkarteak bere buletinaren azken alean. 
2012/12/12
Ikurrina eskuan eta herritar andana baten aurrean, Gure Txokoa-ko lagunek kolektibitateen kabalkadan hartu zuten parte azaroaren amaieran burututako festan. Gizataldeen jaiaren baitan eta euskal etxe anfitrioiak gonbidaturik, ‘Fandango’ eta ‘Arkudantza’ dantzatu zituzten Rauch herriko euskal elkarteko dantzariek. Euskararen Egunari dagokionez, argazki erakusketa antolatu zuten Gure Txokoa-ko ikasle eta irakasleek, herrian euskarak daukan presentzia islatzeko. Urtea bukatu aurretik, abenduaren 28an eta instituzioaren urtemuga dela eta, euskal etxeko abesbatzak euskarazko zein gaztelaniazko gabon kantak kantatuko ditu Lourdes Parrokian egingo den mezan.
2012/12/11
2012/12/11
Zabalik dago jadanik Zingirako Euskaldunak euskal etxeak antolatutako laugarren udalekuan parte hartzeko izenematealdia. Deialdia 11 eta 15 urte bitarteko gaztetxoei dago zuzenduta eta helburua euskal giroko oporraldi bat pasatzea da. 2013ko Chascomuseko Udalekua urtarrilaren 4ean hasiko da eta 8an bukatuko, agur ekitaldi batekin. Egonaldiaren kostua 350 pesokoa izango da eta 300koa Chascomusetik 500 kilometro baino urrunagora bizi diren partaideentzat. Izena emateko epea abenduaren 21ean itxiko da, eta tramitea gauzatzeko urratsak segidako artikulu honetan argituko ditugu.
2012/12/11
Azaroaren 29an osatu zen Buenos Aires probintziako Los Toldos-eko euskal etxearen lehenengo Zuzendaritza Batzordea. Euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak biltzen dituen taldeak, ordea, bolada bat zeraman lanean eta euskal gizataldearen partaidetza bermatu zuen herriko Kolektibitateen Jaian, 2011ko eta 2012ko edizioetan. Orain, beste urrats bat eman dute erakundeko bultzatzaileek euskal etxearen erroak ezarriz. Zuzendaritza Batzordeak lehenengo bilera egin zuen eta Izaera Juridikoa bideratzeaz gain, hamaika proiektu aurkeztu zituen etorkizun hurbilerako, tartean, Santo Tomas eguneko ospakizuna, Olentzeroren bisita eta euskara eta dantza klaseak, batzuk aipatzearren.
2012/12/11
Arantxa Anitua, Buenos Aireseko Laurak-Bat Euskal Etxeko lehendakariak, elkarrizketa eskaini dio iragan asteburuan Noticias de Gipuzkoa egunkariari. Solasaldian Euskal Etxearen jarduerak, Euskal Herriko Bake Prozesua, eta etorkizuna eta beste hainbat gai izan ditu hizpide. Anituaren esanetan, Laurak Bat "ez da elkarte partidista, baina bai politikoa. Gure estatutuetan Euskal Herri osoaren independentziaren alde agertzen gara", baitetsi du. "Hemendik kosta egiten zaigu ulertzea zergatik izan dituzten hainbeste traba EAJ eta Bilduk bat egiteko, biek helburu bera izanik. Alderdi mugimenduek ezin dute helburu amankomuna urrundu", amaitzen du.
2012/12/11
Perun, Limako Euskal Etxea bete egin zen bazkide eta lagunekin joan den abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna eta San Frantzisko Xabierren jaia zela eta. Elkarteko presidente Raul Noblecillak gogora ekarri zuenez, Euskararen Eguna historian izan den euskaldun ospetsuenetariko baten jaiarekin batera ospatzea ez da kasualitatea, santuak euskara munduan zehar eraman baitzuen bere misioetan; India, Malaisia, Japonia eta Txinara, kasu. Limako ekitaldia Euskal Etxeko abesbatzaren kantaldi batekin eta lagunarteko afari batekin osatu zen. 
2012/12/10
2012a urte berezia izango da Euskaltzaleak-en historian. Arrazoi askorengandik geratuko da bere kide eta lagunen memorian markatuta, baina zalantzarik gabe, egoitza propioa erosi ahal izateak leku pribilegiatua izango du aurtengo balantzean. Horrekin batera, beste hainbat helburu betetzea lortu dituzte Buenos Aireseko euskaltegiko kideek aldaketa eta nobedade urte honetan. Horien artean, martxoan abian jarri zen On Line Ikastaroa. “Ehun ikasle izatera heldu gara eta kopuru hori ospatzeko, euskara klaserik ez duten Argentina osoko euskal etxeei beka bana eman nahi diegu”, adierazi diote EuskalKultura.com-i Euskaltzaleak-etik. Bitartean, eta topa egiteko motibo ugarirekin, Argentinako Euskaltegiak ere Euskararen Eguna ospatu zuen, abenduaren 1ean.
2012/12/10
2012/12/10
Unibertsitateko Euskara Sailak antolaturik, eleaniztasunari buruzko jardunaldiak egin ziren Madrilgo Complutensean iragan azaroaren 28 eta 29an. Ekitaldiek ikasleen erantzun oso ona izan zuten eta egitaraua osatzen zuten hamar hitzaldietara entzule asko bertaratu ziren. Hizkuntzalaritzarekin eta hizkuntzen arteko elkarbizitzarekin loturiko hainbat gaien artean euskarari buruzko bi solasaldi interesgarri eman zituzten Karlos Cid Abasolo eta Arantzazu Fernandez Iglesias irakasleek. 
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus