euskal diaspora eta kultura

2013/04/09
Euskal Etxearen diru sarrera garrantzitsuetakoa da. Hirugarren urtez jarraian, janari salmentarekin hasi dira aurten ere Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea-ko lagunak. 2013ko hasiera honetan, baina, bezeroen eskaera inoiz baino handiagoa izan da eta 300 gora ano saldu dituzte. Hau Aste Santuan, egun batzuk beranduago, apirilaren 4ean, etxeko partaide eta lankide fin zen Gabriela Elizabeth Itcea-ren heriotzaren berriak Eusko Aterpea hunkitu baitu. Apirilaren 14rako, Aberri Eguna ospatzeko eginiko deia bertan behera geratu da. Dolumin zintzoenak familia eta lagunei.
2013/04/08
Ehun bat dantzari euskal-argentinar bildu ziren joan den asteburuan Cañuelasen bertako Aberri Eguneko hitzordura. Topaketak, ordea, kutsu gazi-gozoa ere izan zuen Buenos Aires probintziako hiriburuan gertatutakoa dela-eta, historiako uholde larrienak bizi baititu La Plata hiriak, 51 hildako eta ehundaka kaltetu eraginez. Alkartasun zeinuak islatu ziren plazan eta baita Argentinara iritsi berria den Sara Pagola Euskadiren Ordezkariak Cañuelaseko Marisa Fassi alkatearekin izan zuen bileran ere. Urtero bezala EuskalKultura.com bertan izan zen, irakurleekin konpartitu nahi duen segidako kronika egitearren.
2013/04/08
Iragan martxoaren 31n Santiagoko Gure Etorkia elkarteak laguntalde mardula bildu zuen Txileko hiriburuan, Aberri Eguna ospatzeko. Ohi duenez, elkarteak San Cristobal mendatera igoera egin zuen, eta hango Eusko Enparantza delakoan, egin ziren ospakizunak, Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan. Ekimenera bildu ziren, besteak beste, Rafael Kutz, Euskadiko Ordezkaria Txilen; eta Rossana Arza, "Colectividad Vasca de Chile" euskal etxeko presidentea.
2013/04/08
2013/04/05
Apirilaren 1etik abian da Eusko Jaurlaritzak Boisen (AEB) duen bulego berria, Kanpoko Euskal Komunitateentzako Zuzendaritzaren baitangoa den Miren Perez Egireun lizentziatu bilbotarra buru. Bulegoa, Idaho Estatuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako akordioetan aurreikusten da, eta New Yorkeko Euskadiren Ordezkaritzaren pean dago. "Boisetarrei eta Mendebaldeko euskaldunei nire agurrik beroena helarazi nahiko nieke eta Boiseko bulegoaren ateak zabalik izango dituztela jakinarazi; euren ideiak eta ekimen-proposamenak entzuteko eta aztertzeko guztiz prest nago", adierazi dio Miren Perez Egireunek EuskalKultura.com-i.
2013/04/05
Urtero legez, Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak bidaia antolatu du Euskal Herrira, eta bihar bertan abiatuko da 24 lagunek osatutako autobusa, asteburua Gipuzka aldean pasatzeko. Bihar Bergara bisitatu eta Usurbilgo Saizar sagardotegian afalduko dute, eta igandean Aiako Txakolinaren Festan izango dira. Horrez gain, elkarteko idazkari Jokin Oncaladak oroitarazi nahi die EuskalKultura.com-eko irakurleei Espainiako estatuko euskal etxeen mus txapelketa eta urteroko bilkura Gure Txokon egingo direla datorren maiatzean.
2013/04/05
Korrika 18ren hondar-hondarreko ekitaldia izan da, joan den asteburuan Argentinan. Izan ere, Necocheako Euzko Etxeak euskararen aldeko lasterketa aste pare bat atzeratzea erabaki zuen Aberri Egunarekin batera ospatu ahal izateko. Euskaldunentzat hain bereziak diren bi data hauek martxoaren 29an hasi eta igande 31an bukatutako jaialdi batekin ospatu ziren Buenos Aires probintziako kostaldeko hiri honetan. EuskalKultura.com-ek argazki laburpena ekarri du hona.
2013/04/05
Kubako euskal ondorengoentzat egun garrantzitsua da Aberri Eguna eta, aurtengoa, bederatzigarrena, Euskal Etxerik ezean “Casa de la Amistad” ICAPen egoitzan (Instituto Cubano de la Amistad con los Pueblos) ospatu zen. Talde jatorra bildu zen joan den igandean Habanako Vedado auzoan: euskaldunen ondorengoak, Kuban bizi diren hainbat euskaldun eta Euskal Herritik urrun egon arren Aberri Eguna ospatu nahi izan zuen turistaren bat edo beste. Eguzkia ere gonbidapenik gabe baina azaldu zen ospakizunera eta jendeak, kiskali aurretik, ekitaldia itzaletik ikustea aukeratu zuen.
2013/04/05
Aberri Eguna New Yorkeko euskal komunitatearen urteroko hitzordurik nagusienetakoa da eta lagun asko biltzen ditu Euskal Etxera. Aurtengoa, jendetsua izateaz gain, oso hunkigarria izan da, elkarteak 2013an Mendeurrena ospatzen duelako. Hori dela eta, zuzendaritzak gonbidatu berezi eta zalapartatsuak ekarri zituen iragan igandean, Nafarroatik zuzenean: Berriozargo Zanpantzarrak. Joaldun taldea aurrenekoz izan zen Sagar Handian, eta irudi ahaztezinak utzi zizkien newyorktarrei.
2013/04/04
Floresko Euskal Etxeak bihar abiatuko duen III Euskal Astea egitarau mardularekin dator aurten, eta apirilak 14a bitartean luzatuko da. Elkarteak ekitaldi ugari prestatu ditu, horien artean gastronomia dastaketak, kirolak, mus txapelketa, genealogiari buruzko hitzaldiak, dokumentalak eta Uruguaiko departamentu honetako euskaldunei buruzko erakusketa ibiltaria, besteak beste. Bihar, Euskal Gastronomia eta Ardoaren erakusketak emango dio hasiera 2013ko Euskal Asteari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus