euskal diaspora eta kultura

2014/01/03
Urtero garai honetan egiten duen bezala, EuskalKultura.com-ek urtarrileko lehenengo asteetan buletina eten eta barne-lanak egiten emango ditu datozen egunak. Gure erredakzio nagusia Donostian dagoenez, eta aurten San Sebastian eguna, urtarrilaren 20a, astelehena denez --jai-eguna Donostian-- urtarrilaren 21ean, asteartea, hasiko da iristen berriz ere buletina harpidedunen postontzietara. Bitartean, gure ohiko telefono eta posta helbideetan izango gaituzu lanean. Urte Berri On!
2014/01/02
Urte Berriarekin EuskalKultura.com-en zozketa berri baten tenorea ere heldu da. Oraingoan sariak bat baino gehiago dira: komikiak (ingelesez) Kanada eta AEB kostaldeetako euskal baleazaleen abenturez; Kaliforniakoak liburua (euskaraz), hainbat euskaldunek Kaliforniako historian utzitako arrastoez; Euskal Baserri Sukaldaritza liburua (gaztelaniaz), euskal-argentinar batek Argentinako euskaldunen etxeetan gorde den euskal sukaldaritza herrikoiaz; eta euskal musika, egungo folka, Bizkaiko Korrontzi taldeak ateratako azken CDaren eskutik. Parte hartzeko, aski duzu email bat bidaltzea.2013/12/31
Pertsona alaia eta bizia da Adelaide Daraspe urruñarra, berbalapikoa, egiten duen edozertan poza eta kemena jartzen duten horietakoa. Quebec-en ikasi omen zuen jarrera baikor hori: "Kanadan oso irekiak dira. Goizean atera etxetik eta kalean, dendetan, denekin hitz egiten duzu", esan dio EuskalKultura.com-i. Zazpi urte eman zituen Montrealen, eta Quebeceko Euskaldunak elkarteko presidente lanetan ibili zen. Etxera bueltan, Martxuka izeneko denda ireki du Urruñan eta Diasporako eta Euskal Herriko artisauen lana ezagutzera ematea du helburu.
2013/12/31
2013ko urtarrilean bezala, 2014ko urtarrilean ere San Nicolaseko Euskal Etxe argentinarra Euskara Munduan programako Udako Barnetegiaren egoitza izango da. Ikastaroa 18an hasiko da eta 25ean bukatuko, Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko ikasleak partaide. Berau bukatu orduko, beste ekintza bat burutuko da San Nicolasen, Euskara Munduan programa barnean baita ere. Euskal etxeetan egun irakasle direnek Metodologia Trebakuntza jardunaldi batean parte hartu ahal izango dute 25 eta 26an, larunbat eta igandez.
2013/12/30
Hezkuntza lege argentinarraren eskakizunak betez, baina ikasleei ingelesa eta arte arloko gaiak proposatuz, eta euskal kulturara --tartean, esaterako, euskal dantzetara eta euskarara-- hurbiltzeko ahalegin berezi bat eginez sortu zen 2009an Necocheako Ikastola izena hartu zuen eskola, Buenos Aires probintzia hegoaldeko kosta herri honetan, bertako seme den Xabier Zubillaga euskal-argentinarra eragile. Bost urte eta gero, 2009an aurreneko ikasle sartu zirenek lehenengo zikloa bukatu dute eta zentroak eurekin bigarren zikloko ikasketak inauguratuko ditu 2014an. Proiektua aurrera jarraitzekotan da, beraz, baina datorren urtetik aurrera modu autonomoan, Zubillagaren partaidetzarik gabe.
2013/12/30
Frantziako Euskal Etxe nagusienetako da Paueko Lagunt eta Maita elkartea, 800 bat familiek osatua. Euskal Herritik gertuen dagoena da eta hiru bazkidetarik bat euskalduna omen da, Pantxoa Challet presidenteak EuskalKultura.com-i agertu dionez. Elkarteak gogo biziz ekingo dio urte berriari, eta gazteak erakarri nahian makina bat jarduera berri egingo dituzte. Esaterako, martxoan festa handi bat egingo dute elkartea Paueko Unibertsitateko ikasleen artean ezagutarazteko eta azaroan jaialdi berezi bat antolatzekotan dira.
2013/12/27
Aurten ere jo eta ke ibili da Olentzero opariak banatzen Euskal Herriko neskamutilen artean, baina, horrez gain, munduan zehar era izan da, burubelarri lanean, hainbat tokietako euskal etxeetako txikiak agurtzeko. Aurretik, Argentinako makina bat euskal elkarteetara egin zituen bisitak bildu ditugu; honetan, beste hainbeste egingo dugo Washiongton, Rhode Island, Mexiko, Murtzia eta beste zenbait elkartetatik bidali dizkiguten argazkiak eta bideoak partekatuz.
2013/12/27
Ezaugarri ugariko euskal etxeak daude. Handiagoak eta txikiagoak, gazteak eta urte askotako jardueradunak. Batzuetan sukaldaritza da euren puntu sendoa, edo dantzak, jaiak, formakuntza, euskara edota gizarte lana, esaterako. Nolanahi ere, guztiak dira lagunen bilgarri eta elkargune, bereziki urte amaiera jai garaian. Balantze eta proiektu eta planen tenorea da. Hona Buenos Airesko gure erredakzioak bidalitako abendu honetako hiru azken elkarretaratzeen berri, Toki Eder, Gure Txokoa eta Iparraldeko Euskal Etxearen eskutik.
2013/12/26
Berlingo Euskal Etxeko arduradunak pozik agertu dira aurtengo urte amaieran egin berri dituzten ekitaldiek izan duten harrera onarekin eta esker ona agertu diete bertara bildu ziren sortzaileei zein partehartzaileei. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ekitaldi egitarau oparoa eskaini du elkarteak, azaroaren 27an hasi eta iragan abenduaren 15a bitartean. Poesiak tarte zabala izan du jardueretan, Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberren "Hondakindegia" ikuskizunarekin eta Angel Erro poetaren "Miss pelotaris favoritoak" irakurraldiarekin, esaterako. Datorren urterako, udaberritik aurrera, ekimen ugari prestatzen hasia dela iragarri du elkarteak.
2013/12/26
Argentinan zaude eta Euskal Herria ezagutu-bisitatu-gozatu nahi duzu? Aurtengo esperientzia arrakastatsuak bultzaturik, Euskal Herrirako bigarren talde-bidaia antolatzen ari da Arrecifeseko euskal etxeko erreferenteetako bat den Mariana Domine. Hamabost egunez, Euskal Herriko leku esanguratsuenak bisitatuko dituzte bidaiariek, beti laguntzaile eta gidari batekin. Bidaia abuztuan izango da eta kuota pesotan ordaindu ahal izango da, “oso prezio onean, gainera”, antolatzaileek adierazi dutenez. Animatu eta murgil zaitez euskal kulturan, euskal kultura maite dutenen eskutik!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus