euskal diaspora eta kultura

2014/02/06
Iragan otsailaren 3an Boiseko euskara ikasleak kalera kantuan atera ziren, Santa Agedaren tradizioari jarraiki. Ohitura bihurtu da Boiseko euskaldunen artean santa eskean ateratzea, beti ere euskara klaseetako ikasle eta irakasleen ekimenari esker. Taldera bildu ziren ere hiriko zenbait euskaldun eta ez euskaldunak ere; izan ere, euskaraz ez zekitenentzat kantuen letrak liburuxka batean bilduta banatu zituzten antolatzaileek. Giroa aparta izan zen eta Idahoko negu gorriari aurre egiteko gogoa eta kantuak jarri zituzten bertara bildu zirenek.
2014/02/06
‘46 Kontakizun harrigarri’ izenarekin plazaratu du Corpus Christi-ko Eusko Etxearen baitango Atahualpa Yupanqui liburutegiak 2012 eta 2013ko ‘Kontaketa Harrigarriak’ Literatur Lehiaketen ipuinak batzen dituen liburua. Aurkezpen ekitaldian, eskulan erakusketa eta umorezko antzerki saio llabur bat ere burutu zituzten euskal etxeko kideek. Erakundeak jakinarazi du, bestalde, bere Ohiko Urteko Biltzarra martxoan egingo duela.
2014/02/05
Datorren otsailaren 15 eta 16ean San Frantziskoko euskal komunitateak hitzordua du Basque Basque Cultural Center-en, elkarte honen 32. urteurrena ospatzeko. Horrez gain, asteburuan zehar San Frantziskoko Klikaren mende erdia ere ospatuko dute eta esker ona agertuko diote urte horietan guztietan inguruotako euskal jaiak alaitu eta girotu dituen taldeari. Asteburuko egitaraua zabala eta oparoa da: musika, dantza, pilota erakustaldiak eta Bizi Emankorra sarien ematea. Aurten sarituak Betty Alzugarai, Maru Curutchet eta Suzanne Elicetche, euskal kulturari eta AEBetako euskal komunitateari eginiko ekarpenagatik.
2014/02/05
'Euskaldun bati gertatutakoa' du izenburu Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak 2012an lehenengoz antolatu zuen nazioarteko ipuin lehiaketak. Proposamena asko hazi da geroztik eta 2013ko edizioak arrakasta handia lortu zuen, hirurogeitik gora idazle partaide lortuz. Emaitzak ikusita, hirugarren deialdi bati ekiteko asmoa dutela jakinari dute antolatzaileek, abenduan, 2013ko lehiaketaren sari emanaldian adierazi zutenez.
2014/02/04
Iragan otsailaren 2an bere sorreraren 136. urteurrena ospatu zuen Chaco probintziako Resistencia hiriak, eta Kotoiaren Lurra Euskal Etxeak festan parte hartu zuen, bertako beste komunitateekin batera. Ekitaldi nagusienetako bat 2 de Febrero parkean egin zen ikuskizuna izan zen eta hor izan ziren euskal etxeko kideak, ikurrinarekin, euskal immigranteen ordezkari. Iñaki Echarri bazkidea izan zen Kotoiaren Lurraren banderaria.
2014/02/04
Santa Fe probintzia argentinarreko Rosario hiria izan da iragan urtarrilean aurtengo Dakar lasterketaren abiapuntua. Bi astez luzatu den lehiaketa Boliviatik ere pasatu zen eta Txileko Valparaison bukatu. Kostaldeko herri horretan igo ziren irabazleak podiumera ongi merezitako garaikurrak jasotzera. Proba hasi aurretik, eta Rosarioko euskal etxetik adierazi digutenez, Txomin Arana moto gidari bizkaitarra Zazpirak Bat-eko kideekin elkartu zen, Argentinako erreki tipiko bat dastaturik.
2014/02/03
Iñigo Urkullu lehendakariak duela hiru hamarkadatik gora Euskal Herrira urtero ikasle estatubatuarrak ekartzen dituen USAC unibertsitate-partzuergoko ia ehun unibertsitari jaso zituen joan den ostiralean Gasteizen Lehendakaritzan, erakunde horretako Carmelo Urza irakasle euskal-amerikarra buru. Egun Estatu Batuetako hainbat estatutan presentzia duen USAC-ek Nevadako Renon dauzka bulego nagusiak, eta euskal jatorria duen erakundea da. 1.983an sortu zenetik hona, 7.250 bat ikasle etorri dira ikastera Euskal Herrira USACek eta EHUk indarrean daukaten ituna medio.
2014/02/03
Iragan urtarrilaren 24 eta 25ean egin ziren Bilbon Antzinako eta Family Search elkarteen aurreneko Genealogia Jardunaldiak. Topaketak harrera ona izan zuen eta bi egunetan ehun lagundik gora bildu ziren bertara saioetako hitzaldi eta lantegia praktikoak jarraitzeko. Hizlariak Amagoia Guezuraga, Iñaki Odriozola, Juan Antonio Rodriguez eta Jon Koldo Fernandez García de Iturrospe izan ziren. Bertan izan ez zirenentzat, "Red de Antepasados" genealogia taldeak bi hitzaldi grabatu zituen eta YouTube-n jarri ditu, munduko genealogia zaleentzako eskuragarri.
2014/02/03
Hamahiru herrialdetako 207 pertsonak hartu dute parte 2014ko urtarril honetan EuskalKultura.com-ek antolatutako euskal produktu zozketan. Kasu honetan sariak Joanes komikia, Kaliforniakoak liburua, Cocina Vasca liburua eta Korrontzi 2:1 diskoa ziren. Datozen lerroetan ematen ditugu xehetasunak, baina aurrera dezagun lau sariok Euskal Herriara, Argentinara eta Estatu Batuetara abiatuko direla.
2014/01/31
Bartzelonako Euskal Etxeak aurkeztu egin ditu jada aurtengo Zinemaldia osatuko duten lanak: urtero legez, film luze zein laburrek eta fikzioak eta dokumentalek osatzen dute elkarteak Kataluniako hiriburura ekarri duen euskal zinearen uzta. Zinemaldia otsailaren 13tik 22ra egingo da eta aurten zine aretoetara jauzi egingo du gainera: saio guzti-guztiak Girona zinematan egingo dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus