euskal diaspora eta kultura

2014/03/26
Lau urte pasatu dira Mar del Platako nafarren ondorengoen talde batek bertako Nafar Etxea birsortu zuenetik. Epe honetan bizkor lan egin du taldeak, euren sustraietako kultura ezagutarazi eta hedatzeko. Horregatik, izan ere, atsegin handiz hartu zuen erakundeak ‘Hego Amerikako Belak’ jaialdian parte hartzeko gonbitea. Beste hainbat gizatalderekin batera, nafar dantzariek ere parte izan ziren hiriko kostaldean ibili zen desfilean. Berri honekin batera, Nafar Etxeak jakinarazi digu berehala, apirilaren 6an, ospatuko duela instituzioaren 4. urtebetetzea, ospatu ere elkartearen aldizkariaren bigarren zenbakia plazaratuz.
2014/03/25
Etxepare Euskal Institutuak sei Euskara eta Euskal Kultura irakurle hautatzea hautatzeko deialdia argitaratu du. Irakurleak honako unibertsitateetan arituko dira: Bartzelonan, Bartzelonako Unibertsitatea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan; Madrilen, UHUN-UNED unibertsitatean; Berlinen, Freie Universität unibertsitatean; Brnon, Masaryk Unibertsitatean; Moskun, Lomonosov Unibertsitatean eta Kalifornian, Santa Barbara Unibertsitatean. Hautagaien betekizunak eta hautagaitzak aurkezteko dokumentazioa, jarraian.
2014/03/25
Euskal Herriko euskal-venezuelarrek hitzordua dute aurten ere apirilean, talde honen bilgune nagusi bihurtu den topaketan. Hemeretzigarrena izango da aurtengoa, eta Venezuelako euskal Diasporako lagun taldeak gero eta harreman estuagoa du. Batzuk Euskal Herritik hara joandako --eta gero itzulitako-- euskaldunak dira; beste zenbait Venezuelan jaiotako euskaldunen seme-alabak. Denek ala denek lotura estua mantentzen dute herrialde harekin eta bilera honetan aspaldiko lagunak agurtzeko eta hango kontuak gogoratzeko aukera izaten dute. Aurten, gainera, Venezuelako egoera dela eta, ekitaldi bereziren bat egitea hausnartzen ari dira taldekoak.
2014/03/25
Datorren ostirala da azken eguna. Sariak ederrak dira eta parte hartzea erraza eta doan: email bat bidaltzea baino ez duzu. Zozketagai: euskaraz, Diasporaren eta euskal emigrazioaren lekukotasun zuzena ematen duen 'Urruneko mendebalean artzain', Mattin Etchamendyren autobiografia; ingelesez, Pedro Oiarzabalen 'Gardeners of identity', San Frantziskoko euskal komunitateari buruzko liburua; gaztelaniaz, 'Vascos en Buenos Aires' liburukia, hiriburu horretako Udalak bertako euskaldunez argitaratua; eta DVD bat, 'Zerutik sua dator', Egoitz Rodriguez Olea zuzendari, 1937an bonbardatu zituzten Bizkaiko hainbat herrietako 50 bat lekukoren hitzarekin. Bidali emaila!2014/03/24
Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-ek 13. Urteroko Mintegia egingo du asteazkenean eta ostegunean. Aurtengo topaketaren gaia "Zerga-sistemak eta krisia" da eta aztergai izango ditu Euskadiko, Kataluniako eta Nevadako finantza publikoak eta autogobernua. Mintegiaren antolakuntzan parte hartu du Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia katedradunak. Azkuenaga 2013-2014ko "William Douglass Distinguished Visiting Scholar" irakasle gonbidatua da Renon.
2014/03/24
Egileak berak aurkeztuko du liburua Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokaren 40. Edizioan. “Amerikanuak” Amerikanuek, -hau da, Amerikan diru dezente egin zuten eta gero euren herrietara bueltatu ziren euskaldunak- eraikitako baserrien argazki eta kontakizunen bilduma da. Argentinako egonaldian, gainera ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du’ delako jaian hartuko du parte Kepa Etchandy argazkilariak eta euskal etxe batzuk bisitatuko ditu, bere lanak erakusteko asmoz. Buenos Aireseko Liburu Azoka apirilaren 24tik maiatzaren 12ra arte luzatuko da aurten.
2014/03/21
Arrakasta eta ospea du euskal sukaldaritzak nazioartean, eta hori dela eta euskal sukaldariak munduan barrena ibiltzen ohituak daude, euren lana beste herrialdeetan erakusteko. Egunotan, esaterako, Japonian da Daniel Lopez donostiarra (Kokotxa jatetxea), Fukuoka hiriko Gourmet City 2014 jaialdian parte hartzen. Maiatzean, aldiz, San Frantziskon izango da Eneko Atxa bizkaitarra, Azurmendi jatetxeko burua (hiru Michelin izarduna). Atxak bi afari berezi prestatuko ditu Los Gatoseko Manresa jatetxean.
2014/03/21
Astebete baino ez da falta EuskalKultura.com-en martxoko zozketarako. Euskal kultura sustatzeko dugun konpromisoaren haritik, honako sariak ezarri ditugu oraingoan zozketagai: euskaraz, Diasporaren eta euskal emigrazioaren lekukotasun zuzena ematen duen 'Urruneko mendebalean artzain', Mattin Etchamendyren liburua; ingelesez, Pedro Oiarzabalen 'Gardeners of identity' liburua, San Frantziskoko euskal komunitateaz; gaztelaniaz, 'Vascos en Buenos Aires' liburua, hiriburu horretako Udalak bertako euskaldunez argitaratua; eta DVD bat, 'Zerutik sua dator', 1937an bonbardatu zituzten Bizkaiko hainbat herrietako 50 bat lekukoren hitzarekin. Ez zazu aukera galdu!2014/03/21
Ordezkapena, Paraguaiko hiriburuko Euskal Etxean. Joan den asteartean, Martxoaren 8an egindako Biltzar Nagusian Asunciongo Jasone Euskal Etxeko bazkideek lehendakaritza eta Zuzendaritza Baztordea berritu dituzte, lehendakari berria Jose M. Bruno Lacarra izango dela, eta honekin batzordekide, besteak beste, Pedro Gamarra, lehendakariorde, Eddy Irigoitia, idazkari, Ramón Cueto, diruzain eta Galo Egüez, diruzainorde.
2014/03/21
Urteroko hitzorduari eutsiz, Carmen de Patagoneseko “Patagoniaren Burujabetza Jai”ko kabalkadan hartu dute parte aurten ere bertako euskal etxeko kideek. Ekitaldia astebete luzatu da eta nazio mailako artistak, kultur ikuskizunak eta stand gastronomikoak bildu ditu kaleetan. Beste hainbat kolektibitaterekin batera, euskal gizataldeak ikurrin, jantzi eta dantza tipikoak erakutsi zikion publikoari herriko kabalkadan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus