euskal diaspora eta kultura

2014/09/01
Gaur astelehena, irailaren 1ean, ikasturte berri bati ekin dio EuskalKultura.com-ek. Abuztua barne lanetan eta webgunea berritzen eman dugu, beti ere gogoa Euskal Herriaren eta bere Diasporaren arteko harremanak zabaldu eta sakontzean ipinita, horretarako tresnatzat jotzen baitugu gure jarduna. Aldaketak egin ditugu eta segitzen dugu webgunea aldatzen. Ohi bezala, zure iritzia eta partaidetza ongi etorriak dira. Ea zer eskaintzen digun ikusturte berriak!
2014/09/01
Argentinar Nazioko Kongresuko Liburutegiak eta Buenos Airesko Udako Euskal Unibertsitateak (UVV, Universidad Vasca de Verano) antolatuta, gaur astelehena emango zaie jarraipena Buenos Airesen, joan den abuztuaren 25an hasitako Nazioko Kongresuko Liburutegiko Euskal Kultura Jardunaldiei. Gaurkoan, Montxo Armendarizen Obaba filma ikusi ahal izango da, Carlos Gabilondo irakaslea aurkezle. Ekitaldiak ostegunean segituko dute eta datorren astean, irailaren 11ean izango dute azkena. Saioak abuztuaren 25ean estreinatu ziren, Gernikako Arbola kantatu zen zeremonia batean, Kanky Kuzemel-en ahotsean, Marité Echegoyenek eta Sara Pagola Euskadiren Ordezkaria hizlari.
2014/09/01
Etxepare Euskal Institutuaren sostenguari esker euskal zineari eskainitako lehio berezia aurkeztuko du gaur Vancouverreko Latin American Film Festival zinemaldiak. The Cinematheque aretoan egingo da saioa eta bertan ikusgai izango dira, batetik Kimuak programako zazpi laburmetrai , eta bestetik “Urteberri on, amona!” filma. Luzemetraia honen zuzendaria, Telmo Esnal Vancouverren da egunotan, zinemaldiko epaimahaiko kide. Gaur aretoan izango da ikusleei bere filma aurkezteko.
2014/09/01
Urtero legez, abuztuan Saint Pierre eta Miquelon uharteek Euskal Jaia ospatu zuten. Kanada kostaldean daude irla hauek –Frantziako lurraldea dira, ordea--, eta euskal ondarearen arrasto nabaria gordetzen dute, baleazaleen garaitik hona. Aurtengoa 33. Euskal Jaia izan da, Zazpiak Bat Euskal Etxeak eta Ligue de Pelote Basque elkarteak antolatuta. Festara Quebeceko eta AEBetako lagunak ere bildu ziren: New England Basque Club-ek herri kirol erakustaldietan parte hartu zuten aizkolariak bidali zituen eta Euskaldunak Quebec elkartetik bisitariak joan ziren. Horrez gain, bertan izan zen ere Ander Caballero, Euskadiko ordezkaria AEBetan.
2014/08/01
Begien aurrean daukazun hau EuskalKultura.com zaharraren azken alea da. Abuztuan, Euskal Herrian uda petoa eta opor garaia delarik, EuskalKultura.com-ek bere barru osoan aldatuko du eta irailaren 1ean berrituta eta diseinu, sail, egitura eta eduki eraberrituz plazaratuko da. Pixkanaka egingo dugu, abuztu osoa prestaketa lanetan emanez. Inkestari erantzun diozutenei mila esker, segidan datoz azken zozketan sariak eskuratu dituzutenen izenak. Eskerrrik asko eta pasa uda on (udan bazaudete). Irailaren lehenera arte!
2014/08/01
2005ean Baxenabarreko Irisarri herrian aurkeztutako 'Euskaldunen Argentina' erakusketa ibiltaria ekainean iritsi da Argentinara eta datorren urteko apirila arte ikusi ahal izango da zenbait herritan, tokian tokiko euskal etxeak ere arduratuko direlarik ekitaldien antolaketaz. Buenos Aires eta Posadasetik pasatu ondoren, Azul, Olavarria, Marcos Juarez, La Plata eta Mercedesera bidaiatuko da erakusketa datozen hilabeteetan. La Platan, Euskal Aste Nazionalean egongo da ikusgai.
2014/08/01
Biarritz dute bilgune baina ohikoak dira dagoeneko Kaliforniako udako euskal jaietan. Kiki Bordatxo boskote lapurtarra, atzera ere, San Frantzisko eta Chinoko jaietan arituko da, abuztuko azken bi asteburuetan. “Bost bat aldiz jo dute hemen eta plazera da taldea berriz ekartzea”, esan dio Pierro Etcharrenek, San Frantziskoko Euskal Etxeko delegatuak, Euskalkultura.com-i.
2014/08/01
Zuzendaritza Batzordea berritu du FIVUk, Euskal-Uruguaitar Elkarteen Federazioak. Araudiaren araberako hauteskundeen ostean, Enrique Poittevin Gilmet-ek txanda hartu dio lehendakaritzan Miguel Asquetari. Zuzendari Batzorde berriko kide dira baita ere Elizabeth Ascurrein, lehendakariorde; Lucía Goñi, idazkari; eta Julian Ariztia, diruzain. Zorte ona opa diegu hautetsi berriei euren zeregin berrian eta mila esker esaten orain artekoei egindako lanagatik.
2014/08/01
Ekitaldia Buenos Aires probintzian, Chacabuco herriko Guillermo Larregui euskal etxearen 25. urtemugaren programa barruan garatuko da, bertako euskal erakundea eta Buenos Aireseko Nafar Etxea antolatzaile. Topaketa abuztuaren 9an hasiko da, goizean, Dantza Tailer batekin eta biharamunean bukatuko, agur bazkariarekin. Baina, dudarik gabe, asteburuko ekintza nagusia larunbat arratsaldean, herriko San Martin Plazan egingo den dantzaldia izango da. Ekitaldia ‘udal interesekoa’ izendatu dute hiriko agintariek.
2014/08/01
"Basques" buletinaren ale berria argitaratu du Euskadiko ordezkaritzak AEBetan eta bertan, beste hainbat albisteen artean, lan eskaintza bat aurkitu dugu: ordezkaritza "market analyst" edo merkatu ikerlari baten bila ari da, NYeko egoitzan lan egiteko. Soldata urtean 60.000 dolarrekoa izango da eta, besteak beste, AEBetan lan egiteko baimena izan behar dute hautagaiek. Horrez gain, beste berri andana dakartza ingelesezko albistariak. Jarraian, laburpentxo bat eta lanpostuari buruzko argibide gehiago.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus